Maskulinotasuna berbagai Emakundek antolatutako biltzarrean
2007-11-05 11:00Zemendiaren 5ean eta 6an Donostiako Kursaal Jauregian izango dan biltzarraren helburu nagusia emakumeen eta gizonen eguneroko bizitzan maskulinotasun eredu tradizionalek daben eragina aztertzea da.
Generoan eta bardintasunean adituak diran hainbat lagun batuko dira Emakundek 'Maskulinotasuna eta eguneroko bizitza' izenburuagaz antolatutako Sare Nazioarteko Biltzarrean. Maskulinotasunaren eregitea, gizonak eta zaintzea, biolentzia eta maskulinotasuna, edo bikotean egiten dan diruaren kudeaketea lako gaiak jorratuko dira, besteak beste. Zemendiaren 5ean eta 6an izango dan biltzarraren helburu nagusia emakumeen eta gizonen eguneroko bizitzan maskulinotasun eredu tradizionalek daben eragina aztertzea da.
Sare Nazioarteko Biltzarra urtero antolatzen da gizon eta emakumeen bardintasunaren inguruko hausnarketea eta eretxi trukaketea egiteko helburuagaz. Aurtengo SARE Kongresua Donostiako Kursaal Jauregian izango da.
Biltzarra Emakundek emakume eta gizonen arteko bardintasunerako lanean gizonezkoen parte hartzea bultzatzeko martxan jarten dabilen ekimenen barruan sartzen da. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Izaskun Moyua Emakundeko zuzendariak emon deutse hasierea biltzarrari.
Bi ponentzia nagusi aurkeztuko dira: 'Gizon izateak dauen kostua: maskulinotasunaren arriskuak', Bartzelonako Unibersidadeko Soziologia Saileko María Jesús Izquierdok aurkeztuko dauena; eta 'Maskulinotasuna eta genero hartu-emonak eregitea', Luis Bonino Méndez, Psikoterapeuta eta Madrilgo Centro de Estudios de la Condición Masculina-ko zuzendariak eskainiko dauena.
Biltzarrean lau ardatz nagusiren ganean eztabaidauko da: lehenengoa, Gazteria, Aisia eta Arriskuen ganekoa; bigarrena, Biolentzia eta Kriminalitateaz; hirugarrena, Osasuna eta zaintzak; eta laugarrena, Diruaren kudeaketearen ingurukoa.
Biltzarrari amaierea emongo deutson azken hausnarketea 'Gizonak bardintasunaren aurrean. Bardintasuna, gizonakaz?' izango da Julio Ibarra kazetari eta Metro Bilbaoko Komunikazino arduradunak koordinauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!