Paradisua Lurrean

Zigor Aldama Chiang Rai 2007-10-30 13:37   Bidaide

Chiang Rai probintziako baso zarratuaren erdian, izen bereko uriburutik hamar kilometrora, Wat Rong Khun erakarpenik garrantzitsuena bihurtu da. 'Tenpu zuria' da, tradizinozko eta abangoardiako artearen ezaugarriak buztartzen dituezan eraikin erlijiosoen multzoa.

'Arteak betirako bizirauten dau baina bizitza oso laburra da'. Horregaitik, Chalermchai Kositpipat artistearentzat oso garrantzitsua da bere ikasleek berak hasitako artelanagaz, Wat Rong Khun tenpluaren eraikuntzeagaz jarraitzea, eremu budista bakarra munduan eta tradizinoa modernotasunagaz buztartzen dituana.

Fabula batetik atarata dagoala emoten dau. Maitagarrien ipuin batetik. Errealidadetik harago doan ames batetik. Chiang Rai probintziako baso zarratuaren erdian, izen bereko uriburutik hamar kilometrora, Wat Rong Khun erakarpenik garrantzitsuena bihurtu da. 'Tenpu zuria' da, tradizinozko eta abangoardiako artearen ezaugarriak buztartzen dituezan eraikin erlijiosoen multzoa. Chalermchai Kositpipat Tailandiako artista ezagunenetarikoaren artelan garrantzitsuena da.

Halanda be, sortzaileak ez dau obrea amaituta ezagutuko. Kositpipatek urte dau hemendik hirurogei urtera amaituta egongo dala eta bere ikasleak arduratuko dirala amaitzeaz. Dirurik ez jake faltauko. Tailandiarren eta atzerritarren eskuzabaltasunak harrituta, dohaintzak 250 dolarretara mugatu behar izan ditue, jasotako dirua aurreikusitakoa baino gehiago dalako. Hori dala eta, proiektuak indarra hartu dau. Orain arte, Kositpipatek miloe bat euro baino geihago gastau dau tenpluaren eraikuntzan. Oraintsu egindako adierazpenetan honako hau dino: 'Wat Rong Khun obra bizia da eta munduan jazoten danaren arabera edota baliabideen arabera molda daiteke'. Eraikin nagusiaren barrualdeko muralek garbi erakusten dabe hori. Bertan dago Budaren irudia. Egungo egoereak Kositpipaten obran izandako eragina igarten da han. Torre Bikiak surtan ikus daitekez 'eta 'nazinoarteko terrorismoa' dalakoaren kontra egiteagaitik sortutako zoritxarreko egoerea dala eta, bonbak ikusten dira han eta hemen, Budaren doktrinearen aurrez aurre'. Estiloak Salvador Dalíren estiloa ekarten dau gogora eta Kositpipatek berak autortzen dau inspirazino-iturria dala berarentzat.

Bisitariak hiru hektarea hartzen dituan eremua zapaltzen dauenean, batetik egonezina eta bestetik lasaitasuna sentiduko ditu. Autoreak sentimentu hori gura sortarazo gura izan dau eta, horretarako, aurrez aurre jarri ditu Zerua eta Inpernua. 'Tenplu zuria', Budaren purutasunaren kolorekoa, mundua irudikatzen dauen zirkuluerdi batera lotuta dago zubi baten bidez. 'Lurreko bizitzatik Budaren mundura dagoan pasabidea da', azaldu dau Kositpipatek. Bitxia bada be, Lurra adierazoten dauen zirkuluerdi horretatik hainbat esku bildurgarrik urteten dabe, urtenbiderik ez balego legez. Munstro ikaragarrien begirada mehatxugarriek ez deutsie ixten iges egiten. Duda barik, sortzailearentzat, bizimodu erreala ez da hain erakargarria. 'Bizitzea errespetetan ez dauen mundu honetan, Budismoa inoiz baino garrantzitsuagoa da. Dharma (Budaren irakaspena) dalakoak gure alderik ilunena kontroletan laguntzen deusku'.

Chalermchai Kositpipatek autortu dau ez dagoala muturreko alderdi horretatik kanpo. Gazte denporan, gehiegikeri lar egin zituan. 'Pazientzia gitxikoa eta oldarkorra nintzan; ganera, gehiegizko nitasuna neukan. Emakume askogaz oheratzen nintzan eta, horrek, gaixotasun benereoak ekarri eustazan; azkenik, gaixotasun horreek eroan eustien Budaren biderantz'. Orduan, Kositpipatek bakea meditazinoaren bitartez topetea erabagi eban eta, holan, herrialdeko arteari ekarpena egin. 1977an, Thailandiako arteetako lehenengo saria lortu eban eta urrezko domina emon eutsien. 1980rik 1996ra, bere herrialdeko arte budistea eta bere obrak erakusten ibili zan mundu osoan. Margolari moduan ibilitako hogei urte horreetatik ataratako diruari esker, 1997an Wat Rong Khun eregiteari ekin eutson. Hortik aurrera, Kositpipatek ez dau artelan gehiago saldu eta burubelarri sartu zan eraikinean. Izan be, tenpluak bere bizitzako hiru zutabeak islatzen ditu: 'Nazionalismoa, erlijinoa eta Erregea'.

Harrezkero, hamarkada bat pasau da eta eraikin nagusia ia amaituta dago. 'Aldareko horma irudiak amaitzea eta kanpoko aldeari azken ikutuak emotea falta da', azaldu dau artisteak. Halanda be, maitagarrien ipuinetatik atarata dagoala emoten dauen tenplua miresteko aukerea egon, badago. 'Paradisua Lurrean lako obra bat sortzea zan nire asmoa. Gizakiaren arpegi biak erakutsiko dituan eraikin multzoa. Jin eta Yang lako zeozer'. Horregaitik, sarreran burezurrak dagoz eta, horreen ganean, likore botilak eta tabako paketeak. 'Gizakiek gehiegikerien eta drogen aurrean daukiezan ahuleziak erakusten ditue; ahulezia horreek burua galdu arazoten deuskue eta, batzuok, damutzeko moduko gauzak egiten ditugu'.

Amaituta dagoanean, obra berezi honek bederatzi eraikin izango ditu. Orain, bakarra bisitau ahal da, nagusia; beste bat kanpotik ikus daiteke, urre kolorekoa eta eskainitako zerbitzuak modu oso berezian erakusten dituana. Bederatzi eraikin horreek meditazinorako berenberegi diseinautako parkeko gune nagusiak izango dira. Honezkero, turisten eta eskoletako taldeen bisita ugari jasoten dira bertan. Arraroa da amaitu bako obra bat turistentzat hain erakargarria izatea. Baina, Kositpipatek gogorarazoten dauen legez, 'ez da bakarra; horra hor Gaudíren Familia Sakratua, berbarako'.

Egun eguzkitsuetan, Wat Rong Khun kamaleoi bat da. Egunsentian eta iluntzean, kolore zuria aldatu egiten da eta okre zein lila koloreak agiri dira; eguzkiak gogor joten dauen orduetan, barriz, tenpluak distirea hartzen dau eta gatxa da bertara aurrez aurre begiratzea. Gaztetxuenek bildurrez begiratzen dabe Lurra gordeten dagozan kalaberen eta eskultura bildurtien alderantz. Orduan, irakasleek herritartasunaren ganeko eskolea emoteko aprobetxetan dabe: 'burezurrek eta atzaparrek bildurtu egiten ditue eta irudi horreek edari alkoholikoen eta tabakoaren alboan joateak irakaspena hobea izaten laguntzen dau, edozein eskolatan emoten dana baino eragin gehiagokoa', azaldu dau batek. Tenplua diseinau ebanean, Chalermchai Kositpipaten helburuak ez egozan irakaskuntza arloari begira, baina pozik hartu dau horrelako ondorioa eragin izana: 'nire asmoa herrialdeari zeozelako ekarpena egitea zan, nik dakidan modu bakarrean, hau da, arteagaz; eta, pozik nago horrek etorkizuneko belaunaldiei laguntzen badeutsie'.

Zerua eta Inpernua ohiko kontzeptuak dira ia kultura danetan. Kositpipatek, sinismen budistak oinarri legez hartuta, bere ikuspuntua erakutsi dau Wat Rong Khun tenpluan eta, seguruenik, baita mundu unibersalaren ganeko ikuspuntua be bai. Ez da tenplu normal bat, ez bakarrik atzoko eta gaurko ezaugarriak buztartzen diralako bertan, bizi garan munduaren kritika zorrotza be gordeten dauelako baino. Bakearen aldeko kanta bat da, kulturen arteko indarkeria eta bildurra nagusi diran momentu honetan. Gogoetarako lekua askorentzat; meditazinorako beste askorentzat.

Noiz joan: beroagaz arnasa hartu ezinik ibili gura ez badozu edota euriteak dirala-eta ito gura ez bazara (udan), Chiang Rai eskualdea bisitetako sasoirik aproposena negua da. Udabarrian, tenperaturea atsegina da, baina eurite lar izaten dira. Hori bai, zerua urdin dago urte osoan, egunean ordu jakin batzuetan baino ez dauelako euria egiten

Zelan joan: Bangkokera joateko biderik arinena eta errazena hegazkinez da (Bibotik, Lufthansa, British Airways eta Air France konpainiek egiten dabe hegaldi hori 750 euroan joan-etorria). Handik, Chiang Rai-ra zuzenean doan hegaldia hartu. Hegaldi merkeak eskaintzen dituezan konpainiak be badagoz, joan-etorria 50 euroan eskaintzen dabenak, Air Asia www.airasia.com o Nok Air www.nokair.com, berbarako.

Bisadua: Hilabete baino gitxiagoko egonaldietarako ez da beharrezkoa. Beti be, pasaportea indarrean izan behar da, se hilabeterako baino gehiagorako balioagaz.

Txanpona eta kostuak: Tailandia munduko herrialderik merkeena da bere kabuz doan bidaiariarentzako. Eguna 20 eurogaz pasau daiteke. Apurtxu bat gehiagogaz, erosoago egongo gara eta gustetan ez jakuzan intsektu barik. Lo egiteko leku on bat: Golden Triangle Ghesthouse (bi laguntzentzako gelea 10 eurotik gora).

Kontuz: Chiang Rai muga-mugan dago Myanmar herrialdeagaz eta, batzuetan, arazoak sortzen dira herrialde bien artean. Kontuz ibili behar da, baita, moskitoakaz, Dengue eta Malaria lako gaixotasunen eroaleak diralako. Bestelakoan, herrialde segurua da

Txertoak: Tifus, Hepatitis A+B eta malariaren kontrako botikak. Informazino gehiago: Kanpo Osasuneko Zerbitzua (Bilbon, Kale Nagusia, 62).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu