‘Jakiunde’, kultur lankidetzea sustatzeko akademia sortu dabe
2007-10-26 11:12Arte, letra eta zientzien arloko 26 adituk osotzen daben akademiaren helburuetako bat gizarteari buruz oro har eta berenberegi zientziaren, artearen eta literaturearen inguruan gogoeta egitea da.
‘Jakiunde’, Eusko Ikaskuntzako Zientzia, Arte eta Letren Akademia, zientzia, arte eta letren arloko aditu ezagunak batuko dituan akademia abian da. Arte, letra eta zientzien arloko 26 adituk osotzen daben akademiaren helburuetako bat gizarteari buruz oro har eta berenberegi zientziaren, artearen eta literaturearen inguruan gogoeta egitea da.
'Jakitun oso' izendapena jaso dabe Jakiunde akademia osotzen daben kideak, eta bakotxa bere arloan ospe handiko personak dira guztiak, Ikerketako Euskadi saria, Vianako Printzea saria edo Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria irabazitakoak. Javier Retegi Eusko Ikaskuntzako buruaren ardurea izan da Jakiunderen presidente izentetea. Jakitun oso aukeratuen artean galdetu ondoren, adostasun osoz Pedro Miguel Etxenike izentau dau presidente Retegik.
Jakiunderen arautegiaren arabera, gitxienez urtean hiru bider alkartuko dira akademiako kideak. Jakiundek bere kideen ekimenez egingo dau lan batzuetan, eta beste batzuetan aholkularitzea eskatzen deutsen erakundeei eta gizarte eragileei erantzunez. Horrezaz gan, proiektu kulturaletan eta foro akademiko eta zientifikoetan parte hartuko dau Jakiundek.
Eusko Ikaskuntzak sortu dau Jakiunde, eta erakundearen ardurea izango da hasieran Jakiunderi hainbat gairen inguruko ekarpenak eskatzea. Baina denporeak aurrera egin, Jakiundek nortasun juridiko propioa bereganatu, eta inoiz Eusko erakunde autonomo bihur daiteke. Euskaltzaindiaren kasua izango litzateke horren aurrekaria: 1918ko irailean sortu eban Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia, eta 1919an erakunde autonomo bihurtu zan.
Jakiundeko buru Pedro Migel Etxenikek aurkezpen ekitaldian adierazo eban informazioaren gizartearen egungo baldintzetara egokitu beharko dauela Jakiundek. ‘Lehen, jakintza eza informazino ezagaz lotuta egoten zan. Gaur, barriz, jakintza bakotasuna gero eta lotuago dago gehiegizko informazinoagaz, funtsezkoaren eta funtsezkoaren inguruko saltsearen arteko bereizketea egiteko zailtasunagaz. Jakintza fenomeno mailakatua da. Mantsoa. Haziz joaten dana. Ez dago jakintzarik transmisinorik barik eta ekintzarik barik. Jakiunde jakintzaren kudeaketan laguntzaile izateko bokazinoagaz sortu da eta, esangura horretan, Jakiundek ez dau zentzurik izango bete-betean herriaren zerbitzuan ez bada jarten’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!