Julen Billelabeitia txistularia omenduko dabe Getxon
2007-10-25 11:11 MusikeaOmenaldiaren egitarauan aurreikusitako ekintzak 9:00etan hasiko dira, Andra Mariko Malakaten egingo dan alkarretaratzeagaz. Billelabeitia 30 urte baino gehiagoz izan da Uribe Aldeko txistulari taldeko zuzendaria.
Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere zilarrezko domina emongo deutso zapatu honetan Julen Billelabeitia txistulari eta euskaltzale getxotarrari. Getxoko Udalaren babesa dauen ekimen honegaz bat egingo dabe Itxas Argia alkarteak, Andra Mari parrokiako abesbatzak, Biotz Alai abesbatzak eta Uribealdeako Martiartu Txistulari Batzak, hau da, urte askoan Julen Billelabeitia ibilitako taldeek.
Billelabeitia 1929an jaio zan Mungian eta zortzi urtegaz ailegau zan Getxora. Musikazale amorratua, 25 urtegaz hartu zituan lehenengo txistu klaseak Gerardo Zubillaga maisuaren eskutik. Hortik aurrera, berak bakarrik, eta lan handiagaz, txistua hobeto joten ikasi eban. Biotz Alaiko kantari eta Getxoko Udaleko zinegotzi izateaz gan, 30 urte baino gehiagoz Uribe Aldeko txistulari taldeko zuzendari izan zan. Orain dala gitxi itxi dau ardura hori.
Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kultura zinegotziak jakinarazo dauen legez, Getxoko Udalak bat egin gura izan dau omenaldiagaz eta jentaurrean esker ona autortu gura deutso Julen Billelabeitiari. 'Bere bizitzako urte asko euskal musikearen eta kulturearen alde lan egiten emon dauen eta Getxoren izena leku guztietatik eroan dauen musikaria da', esan dau Iturbek.
Omenaldia
Omenaldiaren egitarauan aurreikusitako ekintzak 9:00etan hasiko dira, Andra Mariko Malakaten egingo dan alkarretaratzeagaz. Ondoren, kalejirea izango da Itxas Argiaren egoitzaraino. Omendutakoari bertan ondoetorria egin eta gero, kalejiran be, Andra Mariko elizaraino joango dira mezara.
Mezea amaitutakoan iminiko deutsie zilarrezko domina Julen Billelabietiari, ohorezko aurreskua egin eta eta bera ibilitako kultur talde batzuren jarduna izango da (Itxas Argia jantza taldearena, Biotz Alai abesbatzarena eta Uribe Aldeko Martiartu txistulari Taldearen kontzertutxua). Andra Mariko tabernatatik txikiteoa egingo da eta Igeretxe jatetxean anaiarteko bazkaria egingo da gero.
Horreek danak baino lehenago, Getxo Antzokian eskualdeko txistularien inguruko argazki erakusketea izango da ikusgai bariku honetara arte, 18:00etatik 21:30ak arte. Ganera, barikuan bertan, 19:30ean, Bilboko Txistularien Bandearen kontzertua izango da, Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, Julen Billelabeitiaren omenez. Sarrerea, doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!