Jesus Atxa ohorezko euskaltzaina hil da
2007-10-24 11:44Euskaltzaindiak 1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izentau eban eta euskaltzain ohorezko, barriz, 1998ko apirilaren 24an.
Atzo, urriak 23, hil zan Jesus Atxa (Aretxabaleta, 1920 - Iruinea, 2007) Agirre euskaltzain ohorezkoa, 87 urte zituala.
Hamalau urte bete arte herriko eskolan ikasi eban. 14 urterekin Durangoko jesuitetara joan zan ikastera, eta han egon zan bi urtez. Gero, 1936an, gerra garaian, Belgikara joan zan, Jesuitetara. Jesuita artean egin zituan hurrengo zazpi urteak: zazpi hilebete Belgikan nobizio eta beste hamasei hilebete Caracasko nobiziatuan, bi urte Kolonbiako Santa Rosako Seminarioan, eta beste hiru urte Bogotako jesuiten Unibersidadean, Filosofia eta Letrak ikasketak egiten. Pedagogia ikasketak ere eginak ditu. 1942. urtean, 23 urte zituala, Jesuitak itxi zituan eta Caracasera itzuli zan. Aldi batean, bere kabuz ibili zan lanean.
Caracaseko Eusko Etxean topo egin eban Ion Oñatibiagaz eta bere laguntzaile izan zan Argia aldizkarian. Caracasen izan zan bitartean, Eusko Etxeko abesbatzako partaidea izan zan.
1945an, Euskal Herrira itzuli zan: Elorrio eta Aretxabaleta artean ibili zan urte bi edo eta beste askoren artean Juan Luis Izagirre eta Lontxo Peña izan zituan adiskide; UDA izeneko alkartea sortu eben eta Atxak futbolerako eta mendizaletasunerako barruan eukan grinari be urtenbidea emon eutson.
1960an erabat ibili zan Euskal Kultur eta ikastolen munduan. Bilbon, EDILI (Edición de Libros) erakunde euskaltzaleko zuzendari izan zan. Aretxabaletako ikastola sortu eban, Sarasua eta Angel Gabilondogaz batera. Garai horretan, Bizkaiko Zeruko Argia aldizkariaren arduraduna izan zan.
Bestetik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen sorreran parte hartu eban. Horren harira, beste uri batzuetako kultur asteak eta egunak tarteko, eratzen ziran liburu eta disko azoken antolatzailea izan zan, besteak beste, Eibarren, Arrasaten, Bergaran, Gasteizen, Iruñean eta Zarautzen.
Bizkaiko lehendabiziko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zan Jesus Atxa: Ondarroa, Ermua, Berriz, Olakueta, Zornotza, Galdakao, Durango eta Bilbo. Gipuzkoako herri batzuetan be lan bera egin eban eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartea sortu aurretiko bileretan eta ekimenetan be parte hartu eban.
Lehendik Bizkaian izan zan bezela, gero be Nafarroan, ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izana da Jesus Atxa: 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako zuzendari izentau eben eta bertan jardun eban 1984ra arte, hau da, jubilau zan arte: ‘Suertea eta ohorea niretzat -holan esaten dau berak- euskerearen alde lan egin ahal izatea’. Bitarte horretan, gainera, herrietan sortzen ari ziran ikastolen suspertzaile izan zan: Etxarri Aranatzen, Altsasun, Tafallan, Lizarran, Beran, Lesakan... Gurasoakaz bilerak egitea eta irakasleak bilatzea, besteak beste, egiten eban Atxak.
1977an Nafarroako Ikastolen Elkarteko sorreran parte hartu eban. 1978an, Carlos Santamariaren gidaritzapean, Euskal Kontseilu Orokorrean, Hezkuntza Sailean parte hartu eban. 1990an Nafarroako Ikastolen Historiarako Artxiboetako arduradun aukeratu eben, Ikastolen Elkartearen babesean.
Orain gitxi arte ordu batzuk emoten zituan Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, geroari begira, Ikastolen Historiari jagokozan papel artean buru-belarri sartua, bide batez ikastola bakotxaren historia liburuak idatziz. Izan be, ikastola batzuetako historia laburpenak argitaratuak ditu.
Euskaltzaindiak 1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izentau eban eta euskaltzain ohorezko, barriz, 1998ko apirilaren 24an.
Dozenaren bat ipuin euskaratu eta argitaratu zituan, Jon Oñatibiagaz.
Zeruko Argia aldizkariaz gan, Txistulari eta Anaitasuna agerkarietan be kolaborazinoak argitaratu zituan. Iruineara joan baino lehen, umeentzako hainbat pelikula euskerara bikoizten be ibili zan, askotan Xabier Kintana euskaltzainagaz batera.
Eusko Ikaskuntzaren 2003ko Manuel Lekuona Saria, Jesus Atxak irabazi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!