Nuria Perez: 'benetako burrukea papel artean dago'
2007-10-22 15:40 BidaideNazinoarteko borondatezko lankidea
Boli Kosta, Ekuatore Ginea eta Angola, Afrikan. Ekialdeko Timor eta Indonesia, Asian. Kuba Amerikan. Eta Albania eta Mazedonia, Europan. Nuria Pérez (Madril, 1974) pobreziak eta naturearen hondamendiek gogor jotako hainbat herrialdetan izan da. Planetan beharrizan gehien daben personei laguntzea da Pérezen eta beste nazinoarteko borondatezko lankideen helburua eta pasinoa. Nazinoarteko laguntzinoa lanbidea dala autortzen dau, 'gehienek boluntario legez ulertu arren, lan hori boluntarioa izan daiteke, ala ez'. Perezek Munduko Medikuak erakundeko talde profesionaletan lan egin dau. Erakunde horrek dirutza handiko proiektuak bideratzen ditu eta arloan oso adituak diran profesionalakaz egiten dau lan. 'Komunikabideetan erakusten dan beharraren atzean, ospitale edota eskola barriak eregitea berbarako, administrariak, logistika-arloa eta teknikariak dagoz arazo txikiei urtenbidea emoteko eta proiektuek aurrera egiteko. Lekuan-lekuko agintariakaz burrukan ibilten dira eta programen onuradunakaz alkar-ulertzea be ez da erraza izaten'.
Denporeagaz, hasierako gogo-bizi hori galdu egiten dala autortzen dau Nuria Pérezek. 'Hasieran, munduko arazo danak konponduko dozuzala uste dozu baina, gero, errealidadeak benetako egoera gordina erakusten deutsu. Lanbide honen ganean oso gitxi daki jenteak. Buruan, proiektu handiak izaten doguz beti baina benetako burrukea papel artean dago'. Halanda be, Pérez ez da ezkorra. Kontuan izan behar da Gobernuz Kanpoko Erakundeen zeregina oso zehatza dala, hau da, 'hutsuneak bete'. Orokorrean, momentu zehatzetan gobernuei laguntzinoa emoteko balio dabe edo, 'behintzat, balio behar leukie'.
1.- Baina, askotan, laguntzino hori komunikabideetako kronika bihurtzen da.
Duda barik. Eta hori da arazo larriena. Herrialde askotan, agintariek hainbat arlotan ez dabe ezer egiten eta hutsune hori nazinoarteko erakundeek bete behar dabe. Horrek menpekotasun kaltegarria dakar. Gobernuz Kanpoko Erakundeek ez leukiez gobernuen ardurak ordezkatu behar. Momentuan momentuko laguntzinoa eskaintzea izan beharko litzateke euren zeregina, batez be baliabideak eskasak diranean.
2.- Batez be, larrialdietan.
Eta garapen-programetan. Beti be, euren zereginak ondo diseinauta eta definiduta dagozanean. Kasu horreetan ezinbestekoa da, ganera, jarraipena izatea. Berbarako, parte hartu izan dodan proiekturen batean, Gobernuz Kanpoko Erakundeak ospitalea martxan jarri dau baina, gero, bertakoek izan dabe ekimena aurrera eroateko ardurea. Horretarako, eraikina egiteaz eta botikak eroateaz gan, lekuan-lekuko beharginak hezitu behar dira erakundeak bere lana amaitzen dauenean azpiegiturearen kudeaketeaz arduratzeko.
3.- Eta erakunde asko lehenengo zatiaz baino ez da arduratzen, hau da, argazkian polito-polito agiri dan horretaz.
Ez dakit zergaitik baina nazinoarteko lankidetzea beti dago txarto ikusita. Askotan, egia da, proiektuak ez dira egiten benetako errealidadean dagozan beharrizanei aurre egiteko; ganera, laguntzinoa eskaini gura jaken biztanleen idiosinkrazia kontuan izan barik be egin izan dira. Baina, orokorrean, erakundeen zeregina ondradua dala uste dot eta ahalik eta ondoen egiten da lan. Ganera, jente asko lan honi esker bizi da hobeto.
4.- Baina zuk zeuk onartu dozu hori ez dala nahikoa. Ba ete dago pobreziari aurre egiteko modurik?
Boteretsu askok ez dabe gura. Multinazionalek indarrez lapurtzen dabe herrialde pobreetan eta biztanleak ez dira ia konturatu be egiten. Ez dira legeak beteten baina danak dagoz isilik. Ganera, herrialde pobreak ezinbestekoak dira gure produktuak merkeak izan daitezan. Oso gatxa da munduko pobreziari aurre egitea baina, posible balitx, lehenengo pausua herrialde bakotxeko politika-mailan izan beharko litzateke. Ze ezinezkoa da proiektu bat arrakastatsua izatea tartean agintariak ez badagoz. Angolan, berbarako, azpiegiturak hobeto egon ezkero, gehiago egin ahal izango litzateke. Baina azpiegitura horreen ardurea bertako gobernuaren eskumena da. Agintari horreen lana da, ganera, herritarrei gitxieneko bizi-baldintzak bermatzea, baina ez dabe beteten euren berbea. Hori ustelkeria da eta, barriro be, nazinoarteko potentziak dagoz tartean. Bertan lan egiten dogunon artean amorrua eta ezinegona sortarazoten ditu, baina ezin geinke ezer egin egoerea aldatzeko. Uste dot, ganera, araudi berezia egon beharko litzatekela herrialde pobreetan lan egiten daben enpresentzako ze, askotan, erantzukizun soziala ahaztuta geratzen da, gero gehien behar dabenei asko laguntzen deutsiela esan arren. Venezuela edota Bolivia lako herrialdeen ekimena, hau da, baliabide garrantzitsuenen nazionalizazinoa, positiboa izan daitekela uste dot, beti be aberastasuna agintarien boltsiloetan geratzen ez bada.
5.- ANESVAD eta Intervida erakundeetan jazotakoak egonezina sortuko eban nazinoarteko laguntzinoaren arloan.
Jazoera horreek min handia egiten deutsie gure arloari eta gure irudiari. Ondorioa beti izaten da negatiboa, jenteak danok zaku berean sartzen gaituelako. Lanbide danetan eta arlo guztietan dagoz ardurabakoak. Zorionez, arautegiak dagoz eta mueta horretako jarrerak zigortu egiten dira.
Bederatzi urteotan, egoera oso gogorrak bizi izan ditu lau kontinentetan. Ganera, onuradunak zelan hilten ziran be ikusi dau. Baina bizipen zoriontsuak be izan ditu, batez be euren ekimenez eregitako ospitaleren bateko gaixoren batek hobera egiten ebanean.
Nazinoarteko laguntzinoan izandako bederatzi urte honeei esker, Pérez oso persona errealistea da eta gitxien daukienei laguntzeko prest dago beti. Kritikarako astia be atara dau, aurrerago ikusi dan legez, baina pozik dago bere beharragaz eta persona legez hazten laguntzen dauela uste dau. Hori bai, tartean traba asko dagoz. Lehenengoz, Sumatran ezagutu genduan alkar, ni tsunamiaren ganeko urteurrena egiten nengoanean eta bera bertakoei laguntzen egoanean. Munduko Medikuak erakundeak aterpea emon eustan eta borondatezko lankideen zeregina hur-hurretik ezagutzeko aukerea izan neban. Hamabi lanorduko egunak, gusturik bako jatekoak eta dutxa hotzak ontzietatik hartutako uragaz. Ordura arte ulertzen ez neban beharraren garrantziaz konturatu nintzan. Lehenago, Nuriak ondo inoan legez, 'planetako leku ostenduetako ume pobreei jaten emoten deutsienak' zirala pentsetan neban. Euren lana hori baino gehiago zala konturatu nintzan. Orain, Bilbora etorri dala aprobetxauta, bere esperientzian gehiago sakondu gura izan dot.
6.- Lehenego bizipena gogorra izango zala imajinetan dot.
Boli Kostako proiektua oso txikia zan, umezurtzakaz eta liberiar errefuxiatuakaz. Harrituta geratu nintzan ze, han, diru gitxigaz asko egin daiteke. Gogorra izan zan baina berehala egin neban bat taldeagaz eta bizimodu hori ulertzen hasi nintzan. Lanbide honetan, oso ondo jakin behar da 'hemen' eta 'han' artean bereizten.
7.- Zeozelako heziketa edota ezaugarri berezirik izan behar da mueta horretako lana egiteko?
Gauzak oso argi izatea ezinbestekoa da eta, zelan ez, sufrimenturako kapazidadea be bai. Askotan, biziteko baldintzak oso eskasak dira eta lanorduak asko. Gogorra da, baina ohitu egiten zara eta, azkenean, lankidetza boluntarioak zeozelako menpekotasuna sortzen dauela be esan daiteke.
8.- Etxera bueltan etortea eta bertoko bizimodura ohitzea be gogorra da?
Bai. Bizimodu horretan zenbat eta denpora gehiago emon, orduan eta gatxagoa da zure 'ohiko' bizimodura barriro moldatzea. Batzuetan, ganera, zure jatorrizko gizartea bera be ez dozu ulertzen. Lan munduan barriro sartzea be gatxa da. Baina hemen ez da ezer aldatu eta, askotan, ingurukoek 'berezi' moduan hartzen gaitue.
9.- Zure lana ez da baloretan behar dan moduan?
Ez da balorazino kontua, ezagutza eza baino. Askok ez ditue ezagutzen gure ardurak eta eginbeharrak edota mueta honetako erakundeek zelan funtzionetan daben. Oro har, jenteak uste dau gure lana garrantzitsua dala baina ez dogula soldatarik izan behar. Burura momentu zehatzetan herrialde pobreetara laguntzera joaten diranak jatorkez beti.
10.- Zure egunerokoan, muturreko egoerak bizi izan dozuz. Zeintzuk izan dira gogorrenak?
Momentuan momentuko egoerak baino, gogorrena leku batzuetako biztanleen jarrerea zein dan ikustea da. Berbarako, asko kostau jatan indonesiarrek tsunamiaren aurrean hartutako jarrerea ulertzea. Dana galdu arren, biziteko gogoa euken. Bizirik urten ebenek irribarretsu kontetan zituen esperientziak. Zoritxarrez, ezin dot ahaztu zelan lankide batek helikopteroan eukan jarlekua oso larri egoan emakume bati itxi eutson. Emakumea hil egin zan. Baina proiektu zehatz hori oso hunkigarria izan zan ze, gitxika-gitxika, gauzak hobera zelan egiten eben ikusteko aukerea izan neban bertan izandako urtean. Maila personalean, oso ondo sentiduarazoten deutsu horrek eta, horregaitik, hoba da hilebete batzuk emotea leku berean, edota urteak. Holan, egoera larri baten aurrean proiektua zelan hazten dan ikusteko aukerea dozu eta, zelan ez, baita programeak garapen-programa bihurtu bitartean emoten dituan frutuak be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!