Donostiako Orfeoiak Madrilgo Erret Antzokian eskainiko dau 110. urteurrena ospatzeko bigarren kontzertua

Bizkaie! 2007-10-10 12:24   Musikea

Donostiako Orfeoiak eguenean, urriak 11, eskainiko dau Madrilen bere 110. urteurrena ospatzeko antolatutako hiru kontzertuetatik bigarrena. Erret Antzokian izango da, eta Rossiniren ‘Stabat Mater’ eta Verdiren ‘4 Pezzi Sacriko Te Deuma’ izango dira programan.

Donostiako Orfeoiak eguenean, urriak 11, eskainiko dau Madrilen bere 110. urteurrena ospatzeko antolatutako hiru kontzertuetatik bigarrena (Vienan, irailaren 20an; Madrilen, urriaren 11n; Donostian, urriaren 27an), Erret Antzokian izango da, eta Rossiniren ‘Stabat Mater’ eta Verdiren ‘4 Pezzi Sacriko Te Deuma’ izango dira programan.

Koruagaz batera Madrilgo Orkestra Sinfonikoak be parte hartuko dau, Jesús López-en gidaritzapean, eta bakarlariak Carmela Remigio (sopranoa), Silvia Tro Santafé (mezzoa), Antonio Siragusa (tenorra) eta Marco Vinco (baxu-baritonoa) izango dira. Kontzertua 20:30etan hasiko da eta RNEren irrati klasikoak zuzenean eskainiko dau.

Donostiako Orfeoiari oso lotuta egon dalako aukeratu dau koruak Erret Antzokia bere 110. urteurrena ospatzeko. Emonaldiak, ganera, munduko antzoki liriko onenetakoa danaren berrestreinaldiaren hamargarren urteurrenagaz bat egingo dau.

Koru donostiarrak ‘indar handiko’ une artistikoak bizi izan ditu Jesús López Cobosegaz 1970eko hamarkadearen amaieratik. ‘Stabat Mater’ bera (López-en eretxiz ‘gatxa’, batez be a capella dituan bi zatiengaitik) oroitzapenez betea dago orfeoiarentzat eta Zamorako maisuarentzat. Hain zuzen be obra horretan bertan ibili zan azken aldiz Donostiako Orfeoiko aurreko zuzendariagaz lankidetzan, Antxon Aiestaranegaz, Errege Antzokian bertan, 1986an, ONE eta abesbatza donostiarra zuzentzen.

Ondoren, 14 urte emon zituan obra hori zuzendu barik, egun horretako jazoera mingarriak zirala eta; izan be, bere emaztea egun horretan bertan hil zan. Errepertoriotik baztertuta euki ostean, 2000ko Musika Hamabostaldian zuzendu eban berriro, orduan be Donostiako Orfeoia zala interpretatzaile korala, baina alde instrumentalean Galiziako Orkestra Sinfonikoa ebala.

Beraz, egueneko kontzertuak interpretatzaileen eta zuzendariaren arteko ‘emozino indar eta alkar ulertze aparta’ izango ditu, eta ez ditu geldi itxiko musika-ekitaldi horretara joateko aukerea daben entzuleak.

1997an, Donostiako Orfeoiko kideek Erret Antzokiaren berrestreinaldia ospatzeko kontzertuetan parte hartzeko aukerea izan eben. Berenberegi eurentzako sortutako jantziakaz jantzita, Fallaren ‘La vida breve’ izan zan antzezteko aukeratutako lana. Eszenara igon eta, Espainiako Orkestra Nazionalagaz batera, bi zatiko opera hori antzeztu eta abestu eben urriaren 11n, 12an, 17an, 19an, 25ean eta 26an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu