Nicolas Poussin margolari frantziarraren pintura eta irudiak Bilboko Arte Eder museoan
2007-10-09 19:38 Kulturea‘Poussin eta natura’ da, urriaren 9tik 2008ko urtarrilaren 13ra bitartean, Bilboko Arte Eder Museoan ikusgai egongo dan erakusketea. Danetara, 85 obra dira bilduma honetarako Rosenberg jn.ak aukeratutakoak, 32 pintura eta 53 irudi edo marrazki.
Nicolas Poussin (1594-1665) XVII. mendeko pintore garrantzitsuenaren obran oinarrituta, Pierre Rosenberg adituaren bildumea da ‘Poussin eta natura’, urriaren 9tik 2008ko urtarrilaren 13ra bitartean, Bilboko Arte Eder Museoan ikusgai egongo dan erakusketea. Danetara, 85 obra dira bilduma honetarako Rosenberg jn.ak aukeratutakoak, 32 pintura eta 53 irudi edo marrazki.
Pierre Rosenberg erakusketearen komisario, Parisko Louvre museoaren presidente eta ohorezko zuzendariaren eretxiz, ‘duda barik Poussin frantziar pintore garrantzitsuena da, Paul Cezannegaz batera’.
Natura eta paisajeak margotzen maisua, paisaje poetikoak be islatu izan ditu Poussinek eta Rosenberg adituaren esanetan, ‘koadro bakotxak istorio bat kontetan dau, gure istorioa, gure arazoak: bizitza eta heriotzea. Poussinek egin eban guztia bidezkoa izan zan, justizian oinarrituta egin eban. Poussin ezer baino lehen filosofoa zan’.
Margolariaren ondarea batzea ez da lan erraza izan, museo eta bildumagile askoren lankidetza behar izan dauelako, besteak beste, Louvretik, Londreseko National Gallerytik eta Madrilgo Prado Museotik jaso dira maileguak. ‘Holan sortu da Bilboko Arte Eder Museoaren erakusketa garrantzitsuenetakoa’, bere zuzendari Javier Viar jn.ak adierazo dauenez. Bide batez, 2008an museoak 100 urte beteko dituanez, ospakizunari hasierea emongo deutso erakusketa honek.
Kontuak kontu, Nicolas Poussinen erakusketa monografiko hau New Yorkeko Metropolitan Museum of Art ospetsuan ikusi ahal izango da 2008ko zezeiletik maiatzera bitartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!