Bilbao Poesia Astean itsasoa izango da protagonista

Bizkaie! 2007-10-09 18:18   Kulturea

Zortzigarren edizinoa urriaren 15ean hasi eta hilaren 21era bitartean izango da. Poesia eta olerkariak herritarrei hurreratzeko helburuagaz eta ‘Bidebarrieta poesia portu’ lelopean, aurten itsasoa izango da ardatz tematikoa.

Zortzigarren edizinoa urriaren 15ean hasi eta hilaren 21era bitartean izango da. Poesia eta olerkariak herritarrei hurreratzeko helburuagaz eta ‘Bidebarrieta poesia portu’ lelopean, aurten itsasoa izango da ardatz tematikoa.

Datorren asterako antolatutako ekintza guztien artean Gabriel Aresti Eguna, Hector Alterio aktore ezagunaren poesia errezitaldia, itsasoko olerkarien ganeko tertulia (Pessoa, Alberti eta Storni), Korsikako olerkigintzearen aurkezpena eta Palabras de Jazz eta FastFatum-ek musika eta poesia buztartuta sortutako ikuskizunak nabarmentzen dira.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako programea irakurzaletasuna eta liburuak hedatzearen aldeko kanpainearen barruan dago. Aurtengoa, zortzigarren edizinoa, lau gune desbardinetara zabalduko da.

Aste barruan, Bidebarrieta Liburutegiko Areto Nagusian egingo dira tertuliak, poesia eta musika ikuskizunak, Hector Alterioren errezitaldia eta Jaume Sisaren kontzertua. Bestalde, Areatzako Karpan egingo dira asteburuko ekintza gehienak, FastFatum-en ikuskizuna, Umeentzako V. Poesia Lehiaketako Sari banaketa eta Poesiaren Jaia, aurten ‘Kantauri Itsasoa’ izenburupean.

Areatzako Pasealekua izango da hirugarren gunea. Bertan, argazki eta poesia erakusketea egongo da aste osoan. ‘Itsasoari Begira’ olerkigintza tailerrak, barriz, Deustuko Udal Liburutegian izango dira urriaren 16tik 18ra.

Antolatzaileen esanetan, igaz, zazpigarren edizinoan, 10.000 lagun inguruk parte hartu eben Bilbao Poesia Astean. Aurtengo edizinoak Bilboko eta Bizkaiko hainbat herritako kaleak hartuko ditu. Horretarako, kartelak izango dira eta, urriaren 21era bitartean, ‘Itsasoaren koloreak’ argazki erakusketea izango da ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu