Gu Ta Gutarrak diskoa kalean izango da laster

Bizkaie! 2007-10-09 15:34   Musikea

Gu Ta Gutarrak bertso eta musika emonaldiaren ideia 2006ko udan hasi zan mamitzen, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolarien eta Josu Zabala musikariaren artean. Zuzeneko emonaldi batzuk egin ostean, urriaren 16an diskoa kaleratuko dabe.

Gu Ta Gutarrak bertso eta musika emonaldiaren ideia 2006ko udan hasi zan mamitzen, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolarien eta Josu Zabala musikariaren artean. 7 Eskale proiektuan alkarregaz ibili ondoren, barriro be bertsoak eta musikea buztartuko dituan ekimenagaz datoz.

Aurreko alkarlanetan egindako ibilbideaz hausnartu eta gero, zelanbait izentau behar-eta, zerbait bertsolariagoa egin behar ebela izan zan ataratako ondorio nagusia: bertsoak izan behar eban protagonista nagusia, musikea bertsoaren indargarria eta bapatekotasunak emanaldiaren parte garrantzitsua. 7 Eskaleren lanak, Bertso barriak pobreziari jarriak eta Barrenkaleko bluesak (drogen inguruan), tematikoak izan ziran eta, aldez edo moldez, enkarguzko lanak. Oraingo honetan ez eben gura holan izaterik. Zerbait eurenagoa gura eben.

Bertsoak jarteari ekin eutsien bertsolariek eta bertso horreei doinua jarteari musikariak. Hamar bat bertsokantaren zirriborroak batu ostean bistakoa zan ez ebela gai zehatz eta bakar bat baina bai alkarlotzen zituan hari bat: sorta gehienak lehenengo personan egiten dabe berba eta ez fikzinozko pertsonaia baten ahotik. ‘Gutako edonoren izaera poliedrikoaren ispilu ziran bertsook. Gutako edonoren baitako Nietaz, Guetaz ari ziran… Horregaitik Gu Ta Gutarrak. Gutako bakotxaren baitan hamaika gutar bizi dalako: gutar ameslaria, gutar ardurabakoa, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar sexuala, sentibera, eroa…’, dinoe ‘gutarrek’.

Bertsolariak izanda, bertsolaritzaz, Euskal Herriaz eta euskal herriez, berbearen indarraz eta ondoezaz, parrandeaz, bizitzearen joanaz, libre edo erdi libre bizi beharraz, amodioaz eta baita desamodioaz be, politikaz, tarteka burua galtzeko preminaz, garai bateko ametsez, inguratzen gaituan krudelkeriaz eta bizipozaz aldi berean… egiten dabe berba bertsoek. Bertsoak dira, beraz, protagonista. ‘Bertsoak dira kanten sorburu eta hareen neurriko indargarri egin dira doinuak’. Bertsoen neurriko indargarri esatean, bertsoaren mezuaren eta gogo-aldarteari jagokezan doinuak sortzeko ahalegina egin dabela esan gura da, batetik, eta bertsoari lekurik ez kentzeko saiakerea be bai, bestetik. ‘Disko hau horregatik da instrumentazinoz oinarrizkoa bezain estiloz ugaria musika arloan; herri-musikatik abiatzen dana rockaren eragin nabariagaz, kopletatik raperaino doana balsetik edo popetik pasau ostean. Bertsoaren neurrikoak dira doinuak, baina funtzino dekoratiboa baino gehiago betez’.

‘Irakurri, entzun, ikusi eta bizi izandako hainbat gauza haizeak eroaten dituan arren, beste asko geuretu egiten doguz’. Kontzeptu hori adierazo gura izan eben emonkizunerako lehenik eta diskoaren azalerako orain, egindako irudiagaz. Irudia 1935ean Manuel Lujanbio Txirrita bertsolari handiari eginiko omenaldian ataratako argazkian oinarrituta dago eta Gu ta Gutarrak taldeko kideak be bertan dira, Sarrionandia, Elgeta, Janis Joplin, Xalbador, Laboa, Joe Strummer, Agustin Xaho, Zakilixut, Bob Marley, Marijaia, Groucho Marx… be tartean dagozalarik.

Tuala ganean konbidauak izan ditue orain arteko emonaldietan, berbarako: Ander Lipus, Asisko Urmeneta, Hiru Punttu, Bixente Martinez, Niko Etxart, Harkaitz Cano, Ramon Agirre, Mattin, Jon Sarasua edo Iker Goenaga. Diskoaren aurkezpeneko emanaldietan zein gerora be unean uneko eta lekuan lekuko aukera gozagarri eta aberasgarri horri eutsiko deutsie gutarrek.

Urriaren 16an, martitzena, aurkeztuko daben diskoa hamaikatxu gutarren arteko lankidetzearen emoitza da. Emoitz hori zuzenean be ikusteko aukerea izango da, ondorengo egunetan:

Zemendiak 9, DURANGO. Plateruenea
Zemendiak 10, DONOSTIA. Doka
Zemendiak 17, AZKOITIA. Antzokia
Zemendiak 23, ALTSASU. Kultur etxea
Zemendiak 24, ARRIGORRIAGA. Lonbo aretoa
Zemendiak 29, BILBO. Kafe antzokia
Zemendiak 30, ELGOIBAR. Antzokia
Abenduak 1, IGORRE. Kultur etxea
Abenduak 2, ZALLA. Antzokia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu