Dubai II
2007-10-05 14:38 BidaideDubaiko Emirerriak ondo daki petrolio gitxi dagoala eta, bizirauteko, ezinbestekoa dala beste planen bat topetea: kasu honetan, nabarmenkeria hiperboleagaz bat egin dabe turismoa erakarteko.
Bizkaie!-n, munduko eraikinik altuena Estadu Batuetakoa izatetik Asiakoa izatera pasau zanetik, titulu hori izan daben eraikin danak aztertu doguz. Lehenengo, 1998an, Malasiako Kuala Lampur uriburuko Petrona Torreak (462 metro); gero, 2005ean, Taiwaneko uriburura salto egin genduan, Taipei 101 (508 metro) eraikinari gorazarre egiteko; orain, Dubaik jaso dau urrezko dominea eta, antza, gustau egin jako eta luzaroan izango da domina horren jaube. Burj Dubai torreak, amaituta dagoanean, 800 metro baino gehiago izango ditu. Baina, tartean arazorik ez badago, ikusgarriagoa izango dan Al Burj torrea altuagoa izango da, 1.200 metrogaz. Inguruan, eraikin piloa egingo ditue, danak 300 metrotik gorakoak. Gobernuak Dubai Museoan jarritako infografian, uriak 2010ean izango dauen itxura erraldoia erakusten da. Urte horretan, orain hautsez beteriko eskeletoak diran eraikinak amaituta egongo dira. Dubaiko Emirerriak ondo daki petrolio gitxi dagoala eta, bizirauteko, ezinbestekoa dala beste planen bat topetea: kasu honetan, nabarmenkeria hiperboleagaz bat egin dabe turismoa erakarteko.
Kontuan izan behar da Dubai portu frankoa dala, hau da, zergarik bako lekua. Horregaitik, mundu mailako ‘shopping’ zentro erraldoia be bada. Ez dago BEZik, saltokietako azpiegiturak bikainak dira eta produktuak Euskadin baino % 15-30 bitartean merkeagoak dira. Izarren artean, hiru: teknologia, bitxiak eta lujozko marken erropak. Hori guztia aireportuan (hegaldi biren arteko konekzinoan tarte laburra dabenentzako) edota uriburuaren inguruan dagozan lujozko merkataritza-gune erraldoietan topau daiteke. Gune horreen artean, garrantzitsuenetarikoa ‘Mall of the Emirates’ da. Bertan, munduko marka ezagun danak egoteaz gan, eskietako pista bat be badago. Kanpoan 45 gradu dagozala kontuan izanda, harrigarria, benetan. Bilbokoak izango balira legez.
Baina Dubai ez da horrelakoa izan beti. Ez, behintzat, 1970. hamarkadara arte. Orduan hasi ziran urte batzuk lehenago topautako petrolioa ataraten. Ordura arte, inguruko emirerrien artean bat gehiago baino ez zan. Hori bai, merkataritza arloan tradizino handikoa. Baina, duda barik, urre baltzari esker hasi zan emirerriaren etenbako garapena. Atoan, kontinenteko etorkinek eraikuntza arloko igoerea igarri eta pobreziari urtenbidea emoteko bidea zala ondorioztau eben. Britainiarren deskolonizazinoa amaitu eta 1971an sortutako Arabiar Emirerri Batuek emondako egonkortasun politikoak eta erlijinio arloan izandako barealdiak be garapenari mesede egin eutsien. Gaur, Dubairi aberastasuna emoten deutson petrolioa agortzeko teorian mende erdi falta danean, uriak aberastasun hori amaitukeran dirua ekarriko deutson gune finantzarioa eta turistikoa sortu gura dau. Helburua munduko jente diruduna erakartea da. Horretarako, eraikinak egiten dituezan hainbat empresa dagoz urbanizazino proiektu erraldoia eta deigarria lortu guran. Uriburuaren arrakastea ikusita, inguruko emirerri burujaube batzuk, Bahrain eta Qatar tartean, Dubairen garapen-eredua segidutea erabagi dabe. Holan ba, konpetentzia gero eta gogorragoa da. Dubai ikusita, gatxa izango jake han egingo dana baino gehiago egitea.
Noiz joan: udako hilabeteak oso gogorrak dira, tenperaturak munduko altuenetarikoak izaten diralako, 50 graduren bueltan. Beraz, hoba da udan ez joatea. Udagoienean, neguan eta udaberrian, beroa hobeto aguantau daiteke. Harro esaten dabe urtean 365 egun eguzkitsu dagozala baina lantzean behin tangadaren bat edo beste egoten da.
Zelan ailegau: Bilbotik, British Airways, Lufthansa y Air France konpainiek 500 euroan egiten dabe joan-etorria Dubaira. Emirates aerolineak be kalidade bikaineko zerbitzua eskaintzen dau antzeko prezioan Londres, Frankfurt edota Paris uriburuetatik.
Bisadua: aireportuan bertan emoten dabe eta dobakoa da. Pasaportea egunean izatea ezinbestekoa da, sei hilabeterako balioagaz. Bisaduak 60 egunerako balio dau.
Txanpona eta prezioak: Arabiar Emirerri Batuetako dibisea Dirham (1 euro= 5 dirham) da. Prezioei jagokenean, Dubai eta Euskadi pare-parean dagoz, lujozko kontuetan ezik. Bi edota hiru izarreko hotelak 50 euroan topau daitekez (bi lagunentzako gelea) eta jatetxe normal batean 10-15 euroan jan daiteke.
Kontuz: Dubai uri oso segurua da eta ez dago gaixotasun-arazorik. Eguzkiagaz kontuz ibili behar da ze, udan, bero-golpe asko izaten dira.
Gida-liburua: Duda barik, gida-liburu osotuena Lonely Planet argitaletxearena da. Hori bai, ingelesez baino ez dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!