Paddy Woodworth kazetari irlandarrak 'The Basque Country: A cultural history' argitaratu dau
2007-09-07 02:00Paddy Woodworth kazetari irlandarrak Euskadiko gizartea eta kulturea buztartzen dituan 'The Basque Country: A cultural history' liburua aurkeztu dau.
Paddy Woodworth kazetari irlandarrak Euskadiko gizartea eta kulturea buztartzen dituan 'The Basque Country: A cultural history' liburua aurkeztu dau.
Basqueheritage.com webguneak gaur argitaratu dauenez, liburua ‘nik neuk garai hareetan euki nahi izango neukeen Euskal Herriaren gidea da’. Urteotan euskal gizartea ondo ezagutu ahal izan dau irlandarrak eta gizarte moderno eta antxinakoa aldi berean, anitza eta plurala dala dino.
Woodworthek 'Dirty Wars, Clean Hands. ETA, the GAL and the Spanish Democracy' lako liburuak idatzi ditu, Paul Preston historialariaren esanetan ‘Franco osteko Espainiari buruzko liburu garrantzitsuenetako bat’.
Kazetari irlandarraren esanetan, liburu barri honek irakurleari ‘politikeak mediatizautako Euskal Herrian beste gauzarik badagoala’ erakusteko aukerea emoten deutso. Woodworth-en ekarpena, gizarte politizatuaren errealidadeari muzin egin barik, gizartea, kultur aberastasuna, paisajeak, gastronomia eta etnografia, besteak beste, azaltzean datza, Basqueheritageren arabera.
Atzerritarraren ikuspuntuagaitik, euskal irakurleek be liburuan zeozer interesgarria topau leikiela uste dau egileak. 'PPko Antonio Basagoitik esan eustanez, herrietako bere botoemoile asko karlistak dira, euskaldunak eta abertzaleen antzeko bizitza egiten dabe: frontoira joan, euskeraz berba egin... Kanpoko irakurleei ikuspuntua emon nahi deutset, baina euskal irakurleak be izatea gustauko litzakit eta eurei be kanpoko ikuspuntu hau emotea', azaldu dau, liburua euskeraz eta gaztelaniaz be argitaratzea pozik hartuko leukela gehituz.
Era berean, liburua ez dala ikerketa soziologikoa adierazo dau. Eta lan horretan, lehen mailako gidariak izan ditu Woodworthek, ‘Joseba Zulaika antropologoak Lastur eta Oteiza museoa erakutsi deustaz, Atxagak bere sorterria, Asteasu; Juan Mari Beltranek eta Txomin Artolak musikea eta kantua...’ adierazo dau egileak.
Azkenik, liburua, Woodworthen esanetan, euskaldunei buruz jakin-mina dauen edonorentzat abiapuntua baino ezta. ‘Liburu intimo bat da, personala. Nire Euskal Herria da’, azpimarratu dau. Signal etxeak argitaratu dau Irlandan eta Erresuma Batuan eta zemendian AEBetan argitaratuko dau Oxford University Press-ek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!