Badator tsunami olinpikoa (II)
2007-08-30 02:00 BidaideTxinako uriburura zuzi olinpikoa heltzeko urtebete baino gitxiago falta da eta Beijing-eko eraldatze ikusgarriaren gaineko erreportajearen bigarren zati honetan, giltzarri diran kirol eta garraio azpiegiturak aztertuko doguz. Lehendik egozanak hobetu, zaharbarritu eta barriak eregi ditue, uriburuaren etxurea eta kalidadea goitik behera aldatuz.
Txinako uriburura zuzi olinpikoa heltzeko urtebete baino gitxiago falta da eta Beijing-eko eraldatze ikusgarriaren gaineko erreportajearen bigarren zati honetan, giltzarri diran kirol eta garraio azpiegiturak aztertuko doguz. Lehendik egozanak hobetu, zaharbarritu eta barriak eregi ditue, uriburuaren etxurea eta kalidadea goitik behera aldatuz.
Garraio publikoak aurrekontuaren zati handia hartu dau eta horren erakusgarri, 50.000 taxi barri ibiliko dira kaleetan, gehienak Korean egindakoak; horren ondorioz, apurka-apurka Volkswagen eta Citroen gorri zaharrak gero eta gitxiago ikusiko dira. Taxi gidariak buru-belarri dabilz ingeles ikastaroetan, bezeroakaz komunikazinoa posible izan daiten. Gaur egun, kapaz dira ‘hello’ esanaz, ondo etorri beroa egiteko eta ‘thank you’ apal batez bezeroa agurtzeko. Edozelan be, arazorik gura ez badozue behintzat, joan gura dozuen lekuaren helbidea idatziz eroatea komenidu da oraindino.
Antxinako autobusak baztertzen be hasi dira eta gaur egun gasagaz dabilzan eta aire egokituagaz hornidutako autobusak erosi ditue.
Era berean, orain arte metroaren linea bi baino ez egozan Beijing-en eta benetan larriak diran trafiko arazoei aurre egiteko amesagaz, hamar ibilbide barri aurreikusi ditu Udalak.
Dana dala, Nazinoarteko Batzorde Olinpikoareen ardura nagusia kutsadurea da. Gizakiok ‘onartu’ edo ‘sufridu’ geinken kutsadura mailatik hur dabilz eta udako tenperatura beroakaz eta Mongoliatik etor daitekezan hare ekaitz arriskuagaz batera, koktel bildurgarria izan daiteke, batez be, maratoia lako iraupen modalidadeetarako (gogoratu, egunotan Osakan egiten dabilzan Munduko Atletismo Txapelketan, beroaren eta hezetasunaren eraginez, historiako markarik txarrena egin dabela maratoian). Gauzak holan dirala, era horretako probak bertan behera itxi beharra lotsagarria izango litzatekela eretxita, Joko Olinpikoak hasi baino aste bi lehenago Gobernua inguruko industriak zarratzeko eta trafikoa murrizteko aukerea aztertzen dabil.
Hoteletan be aldaketa giroa bizi da ingurumenaren babesari jagokonean, izan be, horixe da Txinaren erronka nagusienetakoa. Oraintsura arte, hoteletako geletan, erabili eta jaurtitzeko makinatxu bat gauza egozan, hortzetako eskuila, orraziak, txanpu, gel eta bestelakoak. Horreek danak egunero aldatzen zituen eta baliabide naturalak arrazionalizetako asmoagaz, ‘Olinpiada Berdeak’ kanpainearen barruan, gobernuak produktu horreen erabilerea murriztu dau. Kontua da ze txinatarrek muturrera eroan dabela gaia eta gaur egun hoteletako harreragileakaz burrukan ibili behar izaten dala eskuoihal garbiak eskatzeko.
Gauza bat argi dago: gobernuak agintzen dauena zorrotz beteten da Txinan. Legez kanpoko azokak zarratu, milak lagun lekualdatu, eskaleak kanporatu edota atleta eta turisten osasunaz arduratuko diran medikuak trebatzeko orduan ez dago ezelako dudarik, sendo eta zorrotz gauzatzen diran gaiak dira. Txinako olinpiadetan, ugari irabaziko dituen dominak baino gehiago aberriaren harrotasuna edo buru-estimua dagoz jokuan eta ‘modalidade horretan, bigarren posturik ez dago.
Faraoi barriak
Maketak izan arren ikaragarriak dira. Beijingeko Hirigintza Plangintzarako Zentruan argüí sentiduten dau bisitariak zein dan Txinan ‘garapen’ berbearen oinarria eta espiritua. Etorkiozuneko uriaren maketa bat dago bertan ikusgai. Gaur egun eregite prozesuan dagozan eraikin ikusgarriak agiri dira, besteak beste, CCTV, Txinako telebista estatalaren egoitza barria. Dana dala, begirada gehien erakarten dauena uriaren iparraldean kokatutako Uri Olinpikoa da.
Ingurune olinpikoan, duda barik, Estadio Nazionala da izarra. Kanpoaldeko egiturea enara habi baten etxurakoa da. Maketea bera ikusgarria da eta, beraz, atara kontuak eregite prozesuko azken faseko lanak bisitetea zelako esperientzia izango dan. Sinisgatxa da hain nahasia emoten dauen kanpoaldea diseinau eta eregitea posible izatea. Edozelan be, hortxe dago. Obrak erritmo bizkorregian doaz, antza eta Nazinoarteko Batzorde Olinpikoak lanak trankil hartzeko eskatu deutse, pentsaurik instalazinoak zahar geratu daitekezala Joko Olinpikoak hasi orduko... Giro honetan, Beijingen ez da Atenasen pasautakoa errepetiduko. Txinan inaugurazinoaren aurreko egunetan ez da garabirik eta beharginik ikusiko lanean.
Beste alde batetik, Zentro Akuatiko Nazionala be ikusgarria da. Lauki erraldoia da eta kanpoaldean ur burbuila handiak agiri dira urdin elektrikoan; espazio-ontzi baten etxurako Beijingeko Unibersidadeko gimnasioa be ederra eta, azken buruan, Instituto Teknologikoaren eraikina be nabarmenduko neuke. Eta ez bakarrik eraikinak, mundu guztia zurtz eginda ixteko moduko azpiegiturak eregiten dabilz, besteak beste, zortzi bide edo karril dituezan autopistak, abiadura handiko trenak eta aireportu barria. Edozer egiteko kapaz dira argi jakinarazoteko Txina prest dagoala munduan buru edo lider izateko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!