Andre Masson frantziarrak Gironan bizitakoak artelan bihurtuta

Bizkaie! 2007-08-21 02:00   Kulturea

Bildumeak artista frantziarraren 50 artelan batzen ditu, 36ko gerrearen aurreko urteetan Tossa de Mar (Girona) herrian margoztutakoak edota handik Frantziara bultau zanean amaitutakoak.

Andre Masson Espainian 1934-1936 izenburupean, 36ko gerrearen aurreko urteetan Andre Masson margolari frantsesak Tossa de Mar (Girona) herrian bizitakoak batzen dituan bildumea jarri dabe ikusgai Bilbon. Bildumea Kale Nagusiko 32. Zenbakian BBK Bilbao Bizkaia Kutxak dauen erakusketa aretoan dago urriaren 11ra arte.

Espainiako kulturea, lurraldeak eta egoerak islatzen ditu Massonek bere lanetan. Aurretik bizitako gerra egoeratik urten eta lasaitasun bila joan zan Tossara eta egonaldia ‘zoriontsua’ izan zala dino margolariaren lobeak, Guitte Masson-ek. Halanda be, erakusketearen arduradun Martinez Soriaren esanetan, ‘Masson ez zan margolari trankila eta bere obretan biolentzia, odola eta heriotza dira nagusi’.

Andre Masson 1896ko urtarrilean jaio zan Frantziako Balagny herrian. Oso gazterik hasi zan pinturearen munduan eta 1912an Parisera joan zan Arte Ederretako Eskolan ikastera. Baina I. Mundu Gerrea zala eta, ikasketak itxi egin behar izan zituan, frontera bialdu ebelako. Frontean zauritu eta ospitalean egon ostean, psikiatrikoan sartu eben, matxinatuen alde egotea leporatuta. Gero, Parisera bueltau eta mobimentu surrealistearen parte izan zan, baina beti be ‘surrealista errebeldea’, Soriaren esanetan, ‘surrealismoaren barruko arerioa zalako’. Hori dala eta, 1943an mobimentutik urten eta Ameriketara joan zan. Han, eragin handia izan eban margolaritza gaztean. 1946an, Frantziara bueltau zan eta 1987an hil zan, Parisen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu