Liu Fei: ‘arte txinatarrean, autozentsurea da nagusi’
2007-08-17 02:00 BidaideBarre horrek hotzikarea sortarazoten dau. Ezpan mamitsu horreek ez dira askotan ikusten txinatarren artean eta odol koloreko ezpanetako-margo gorrira joatzu begiradea, zuriz eta baltzezko konposizinoan atentzinoa erakarten dabelako. Haginak erakusten ditu eta hori be ez da oso normala asiarren artean. Eta ulea oso-oso labur. Eskolara joateko erropakaz jantzitako neskatoak norberari begira jarritako armakaz ikusi eta kontraste horrek sentiarazoten deutsun egonezina gero eta handiagoa da. Halanda be, azken sentsazinoa ez da horren gogorra, atsegina baino. Zeozer ez dago ondo. Edo, akaso, txinatarren kontraesanak arte bihurtu dira.
Liu Fei (Nanjing, 1964) artistearen obrea da, Txinako artista ezagunenetarikoarena. Hogeigarren hamarkadako jantziakaz jantzitako eskolako neskatoen obrea oso arrakastatsua da baina eskuan armak eukiteak herrialdeko gizarte konserbadorenean kontrako eretxiak sortarazo ditu. ‘Askok, Txinaren alde belikoena eta, aldi berean, umetuena erakustea leporatu deuste, faltsua dalakoan. Nire obran ez dago karga politikorik, norberaren sentsazinoak eta aldartea adierazoteko modua baino ez da’, azaldu dau, kritikei garrantzia kendu guran.
Fei artisteak estudio itzel batean egin deusku harrerea, Txinako uriburuaren kanpoaldean. Mahai ganean, te berdea. Hormatan, obren erakusketea. ‘Hemen dagozan koadro danak salduta dagoz, baita oraindino amaitu ez dodan beste bat be’, dino harro. Duda barik, bere azken serie horren estiloa definiduten emondako azken urteak ez dira alperrikoak izan. Pinturak Alemaniako hainbat galeriatan erakutsi izan dira eta, laster, Bartzelonako LOFT galerian izango dira ikusgai.
1.- Zure koadroek harrera hobea izaten dabe nazinoartean?
Europan, Estadu Batuetan eta Japonen, arte modernoa Txinan baino gehiago baloretan da, duda barik. Txinako koadro gitxik urteten dabe gure mugetatik kanpora. Herrialde garatuetan txinatar sortzaile barrien abilezia artistikoekanako interesa dagoala uste dot eta horretan dirua inbertiduteko prest dagoz asko eta asko.
2.- Txinako erdiko eta goiko klaseak ez dau artea baloretan?
Ikasten dagoz, arin ganera. Baina, oraindino, artea inbersino legez baino ez dabe ikusten. Horregaitik, obra gehiago dagoz gordeta hormatan eskegita baino.
3.- Zergaitik?
Txinatar gizartea oso gordin dago arte modernoaren gaian eta oso helduta materialismoari jagokonean. Gure herrialdea saltoka hazi da artearen arloan eta ez Europako zeozelako linealtasuna jarraituta. Paisaje eta txinatar tintaz idatzitako kaligrafiatik Maoren sasoiko arte propagandistikora pasau ginen eta, hortik, ezelako jarraitasun barik, abstrakzinora eta arte garaikidera. Eta jentea ez da moldatzen horren aldaketa gogorretara. Ganera, gure herrialdean, politikea beti egon da oso lotuta arteagaz eta, lotura horretan, artea beti egon da politikearen pentzuan. Horregaitik, herritarrek ez dabe interesik erakutsi txinatar sorkuntzetan. Dana dala, gero eta erosle gehiago izatea lehenengo pausu garrantzitsua da arte modernoa zabaltzeko, interes ekonomikoak baino topau ez arren. Izan be, izen barriek lekutxua egiten dabe gero eta handiagoa dan merkaduan.
4.- Artista barri horreen artean, askok Maoren irudia sartzen dabe euren obretan, figura hori zahartuta dagoala uste dan sasoi honeetan. Zuk, ganera, Timonel Handiaren pin bat daroazu. Zer gura dozue lortu horregaz?
Mao Che Guevaragaz konparau geinke eta oso garrantzitsua da gure kulturan, garrantzi hori alde bikoa izan arren. Oso gatxa da irudiak daukan garrantzi orokorra definidutea. Autore bakotxari itaundu beharko geunskio zer gura dauen erakutsi. Izan be, askok erregimena kritiketako erabilten daben bitartean, beste askok goratu egiten dabe.
5.- Partidu Komunisteak zeozelako zentsurea ezarri dau artearen ganean?
Nik ez dakit dagoan, nik behintzat ez dot sufridu. Egia da leku publikoetan ezin dirala performance erakustaldiak egin, akaso, protesta bihur daitekezalako baina, zorionez, jarrerak asko malgutu dira. Hori bai, arte txinatarrean zentsurea da nagusi. Sortzaile danok badakigu jakin muga batzuk zeharkatzea ez dala komenidu. Ez dago erzer idatzita baina ez da behar. Espainian Francogaz pasau zan lez, gobernua kritikau gura dauenak beste bide batzuk erabili behar ditu, agirikoegiak ez diran alegoriak, metaforak eta holakoak.
6.- Ez da zure kasua.
Ez. Nik sentsazinoak sortarazo gura dodaz, nire sentimentuak erakutsi eta, gehienez jota, gure gizartearen analisia egin; baina, beti be, intentzino politikorik barik. Gehiago esatearren: herrialdearen norabidea zuzena dala uste dot.
7.- Txinan, artelanetatik irabazten dozunagaz bizi daiteke?
Jakina. Ganera, zentimorik bako artista buhamearen irudia desagertuta dagoala uste dot. Txinan, sortzaile onak hainbat enpresaburu baino hobeto bizi dira eta hain onak ez diranen bizi-mailea be, erdi-mailako edozein familiarena baino hobea da. Halanda be, egia da herrialdeko biztanle kopurua kontuan hartuta, oso gitxi garala. Akaso, artista gehiago garanean, konpetentzia be gogorragoa izango da, mendebaldeko herrialdeetan legez, eta gure bizi-kalidadeak behera egin leike. Baina, oraingoz, arteak irabazi handiak emoten ditu Txinan. Eta erritmo bizian hazten doan arloa da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!