Badator tsunami olinpikoa (I)
2007-08-09 02:00 BidaideUrtebete baino gitxiago falta da. 2008ko abuztuaren 8an, Txinak ibilbide olimpikoari ekingo deutso eta hurreko historiako hilebeterik garrantzitsuena biziko dau.
Urtebete baino gitxiago falta da. 2008ko abuztuaren 8an, Txinak ibilbide olimpikoari ekingo deutso eta hurreko historiako hilebeterik garrantzitsuena biziko dau. Uriburuak arpegirik onena erakutsiko dau helburu bakarra beteteko: mundua harrituta itxi. Halanda be, agintariek traba ugari izango ditue bidean eta gogor egin beharko dabe lan helburu hori lortzeko. Orain, mundua Txinara begira dago. Kazetariok alkarregaz burrukan hasi gara akreditazino bat lortzeko; horretarako, gobernuak zentsureari giltza kendu behar deutso. Kutsadurearen kontrako neurri zorrotzak ezarri behar ditue eta jatekoen ganeko garbitasun neurriak be bai. Horreek dira antolatzaileen traba nagusiak. Hori bai: Joko Olinpikoak amaitzen diranean, Txina ez da herrialde bera izango. Eta munduak be ez deutso bardin begiratuko. Bizkaie!-k Pekin bisitau dau uriburuari egingo jakon ‘ebakuntza estetiko’ garrantzitsuena aztertzeko.
‘Zaharrak desagertu egin behar dau barriari pasetan ixteko’. Esaera zahar txinatar hori da, antza, Txinako uriburuaren aldaketearen ardatza 2008ko Joko Olinpikoei begira. Hamalau miloe biztanleko uri erraldoiaren zentrimeto bakotxa ikutu dabe hondeatzeko makinek. Baina hemen, eraldaketea urigintza gordina baino harago doa, orain arte Joko Olinpikoak antolatzeko ohorea izan daben uriek egindakoa baino harago. Biztanleen pentsakerea erabat aldatu dau izentapenak eta historia barriari begira dagoz orain. Guk, hemendik aurrera, Beijing esan behar dogu, ez Pekin. Baina pekindarrek kalean txistua ez botaten ikasi beharko dabe (bestela, isunak izango ditue), merkadu txikietan ez da suge-azal pintxorik egongo, taxistek taximetroa erabili beharko dabe ibilbideen prezioan gorabeherarik ez izateko eta autoak usain arrarorik barik garbi izan beharko ditue. Anbizinoz beteriko proiektu erraldoiaren barruan sartzen dira horreek danak, baita sasoi bateko ‘hutoi’ komunidadeen desagerpena be. Orain dala hamarkada batzuk denporea geratu eta uri barruan bizimodu tradizionala egiten dan ‘oasi’ antzeko auzotxuek hartzen dabe ‘hutoi’ izena. Polemikea mahai ganean dago.
Beijing ez da uri bera izango datorren urteko abuztuaren amaieran. Ezta bertako biztanleak be. Txinan, hainbat gauza aldatuko dira ekimen bereziaren ostean. Baita kirolagaz loturarik ez daben arloetan be. ‘Gobernu Komunistearentzako, Joko Olinpikoak ekitaldi ludikoak baino zeozer gehiago dira’, azaldu dau Danobat enpresearen Txinako arduradun Oscar Urdangarinek. ‘Jokoek munduari Txina noraino ailegau daiteken erakusteko balio dabe. Eta ez dabe horretarako aukerea galduko. Euren helburua nazinoarteko komunidadea harrituta ixtea da’. Partidu Komunisteak beharrezkoak diran azpiegitura danak erabiliko ditu horretarako.
Beijing garabiz eta hondeatzeko makinez beteriko gunea da. Eraikuntzan ez dago deskantsurik. Egunez eta gauez egiten dabe lan, hamabi orduko txandetan. Auzo asko harri piloa baino ez da eta beste askotan etxeak hutsitzeko agindua emon dabe. ‘Ez dagoz inori begira. Txinako agintariek suntsitu beharreko auzoaren ganean kurutze bat egin eta esandakoa beteten dabe’, dino Fagor Automation enpresearen Asiako ordezkaritzako zuzendari Jesus Amezagak. Huang Ping kaltetuetariko bat da. Bere bizitza osoan bizi eta lan egin izan dauen eraikinetik ez dauela urtengo dino. Etxea txikia da eta uriburu erdian, zoritxarrez hain ezaguna dan Tiananmen plazearen alboan dago. Etxetik urten behar dauela agintzen deutson agiria atean inkau deutso poliziak eta haren ondoan egin gura dau argazkia. ‘Ez naz joango, lehenago hil’. Ping gizonaren antzera, hutoietako hainbat biztanlek be ez dau gura Beijing inguruetako etxetxuetatik urten, Udalak trukean dirua eskaini arren.
Halanda be, gehienak uriburuaren aldaketearen alde dagoz. ‘Metroan, zortzi linea barri eregiko dira, azpiegiturak hobetuko ditue eta etxebizitzek argia eta ura izango dabe’, iragarri dau apartamentu barrietan bizi dan Wuei Xui txinatarrak. ‘Hutoiak gure historiaren atal garrantzitsua dira eta, desagertu ezkero, hainbat lagunen azkena izango litzateke; baina ez dogu ahaztu behar hango bizi-baldintzak oso gogorrak dirala. Errazagoa da auzo barriak egitea hareen barriztapena baino’.
Agintariak bat datoz Xui herritarragaz. Izan be, leku askotan, Olinpiadak baino, tsunami bat pasau dala emoten dau. Lehen pisu biko etxetxu grisak eta teilatu bereziak egozan lekuetan orain ez dago ezer eta, laster, burdinez eta kristalez egindako etxeorratzak egongo dira, pantaila erraldoiakaz horniduta. Txinako gobernuarentzako, bat apurtu eta bestea eregi ez da arazo lar. Baina, hori bai, uriburuko eraikin handi eta ezagunetan barriztapenak egiten dagoz. ‘Zeruko tenplua’, ‘Udako Jauregia’, ‘Beihai Parkea’ eta ‘Galazotako uria’ dira horreetariko batzuk. Turistak oasi historikoetara hurreratu eta eraikinak barriak dirala sentidutea da helburua. Baina, barriztapenaren ondorioz, inguruak parke tematiko baten itxurea hartu dau. Oraingoz, bisitariek obrak tapetan dituezan infografia erraldoiez baino ezin dabe gozau. Datorren urtean dana egongo da prest, atzerapenik barik.
Komun publikoen arduradunaren zeregina gatxagoa da. Lanpostu hori oraintsu sortu dau Txinako uriburuko Udalak. Lekurik zikinenean bizi dan personea be bildurtuko litzateke txinako edozein lokal komertzialetako komunetan. Upealako merkataritza gunea izan arren be, komunak ez datoz bat arlo komertzialak emoten dauen lujo etxureagaz. Gehiago esatearren: surrak esaten dau komuna non dagoan. Komun publikoen arduraduna zorionez badago, 2008an kartelak segidu beharko dira komunera joateko, ez surra.
Erreportaje honen bigarren atalean Joko Olinpikoetarako beharren nondik norakoak errepasetan jarraituko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!