Ligetako, zer gurago: udea eta jaiak ala teknologia eta MySpace?
2007-08-07 02:00Edozein gazteri galdetu ezkero, honako erantzuna izango dogu: ligau, aurrez aurre baino, Interneti esker ligetan dogu. Gusaroek be ondo dakie hori baina akaso, ez dabe jakingo zertan egoten diran horrenbeste denpora ordenagailuaren aurrean.
Udea, eguzkia, erropa gitxi, jaiak... San Isidroetan hasi eta San Faustuetara arteko denpora tartea. Euskaldunok ligetako hain ‘trebeak’ ez gara eta horrelako momentuak ondo aprobetxau behar dira, bai urietako jaiak baita ilargipean egiten diran erromeriak be. Orduan egiten doguz ‘hurreraketa mobimentu estrategikoak’ gustetan jakun neskearengana edo mutilarengana, aurrez aurre topetako eta ia zeozer lortzen dogun.
Baina hori be atzean geratu leiteke gaurko teknologiak erabilteari eusten badeutsagu: edozein gazteri galdetu ezkero, honako erantzuna izango dogu: ligau, aurrez aurre baino, Interneti esker ligetan dogu. Gusaroek be ondo dakie hori (akaso, ez dabe jakingo zertan egoten diran horrenbeste denpora ordenagailuaren aurrean) eta mutiko/neskatoak kaletik etxera datozanean atoan joaten dira ordenagailu aurrean, txat edo messenger dalakoagaz. Eta horrelako portaetetatik, bihar-etzi arazoak sortuko dira.
Aita edota ama izatea ez da erraza izaten. Ez dago horren ganeko ikastarorik ezta eskulibururik be. Hori dala eta, bakotxak bere asmorik onenagaz jokatuko dau. Gurasook aspaldidanik ezagutzen dogu telebista eta badakigu zelan jokatu. Baina sarritan, Internet mundu barria da guretzat eta ez deutsagu jaramonik egiten, ezjakintasunaren atxakia tartean. Horrek ez dau esan gura erabiltzaileak arrisku bizian dagozanik, baina kontutxu batzuk argi egon behar dira.
Adituek eta inkestek esaten daben legez, Interneten ligetako asmoagaz dabilen jentearen artean hamarretik zazpik guzurrak esaten ditue. Inork ez gaitu ezagutuko, beste izen edo izengoitiren bat erabiliko dogu eta tekladuaren aurrean gura dogun nortasunaren jaube izan gaitekez: mutilak neskea dala esango dau eta neskeak mutila, gaztea nagusia eta nagusiak nerabea, lotsatiak ausarta... Helburua? Tekladuaren beste aldean dagoanaren (edo guk imajinetan dogunaren) gustukoa izatea. Urruntasunak holako aukerak emoten deuskuz, aurrez aurrekoak emoten ez deuskuzanak. Engainua egun batzutan mantendu leiteke baina azkenean gure benetako nortasuna agirian iminiko dogu. Teknologiari esker maitemindu gaitekez, baina aurrez aurreko zitea datorrenean, hor etorriko da engainua gehienetan. Hori dala eta, psikologoek esaten deuskue bikotea aurrez aurre topetako, ez Internetez. Holan, denporea aurreztuko dogu eta engainu gitxiago izango dira.
Engainu horreek serioak izan daitekez. Estadu Batuetan, persona heldu batek neskatxu bati eraso sexualak egin ei eutsozan Internet bidez eta gurasoek txat zerbitzua eskaitzen eban enpresea salatu eben. Enpresa hori MySpace zan eta epaileak kargu barik itxi eban salaketea. Arrazoia, honako hau: gurasoen lana da euren alabea noiz eta nogaz kontaktuan dagoan jagotea.
Enpresa hori orain dala hiru urte sortu zan eta, egun, 180 miloetik gora partaide ditu mundu osoan (www.myspace.com). Izena emotea dobakoa da eta momentuan egiten dozu zure orrialde personala. Hasiera-hasietik ikaragarrizko arrakastea izan eban gaztetxuen, batez be Estadu Batuetan, akaso hasiera batetik musika fitxeroak Interneten jarteko aukerea emoten ebalako edo. Holan, gazteek baeukien euren lekutxoa euren gauzetaz berba egiteko eta euren musikea entzuteko be. Orain, lehen momentuko gazteen arteko hartu-emonetarako sortu zan webgunea hazi egin da. 2005ean, Rupert Murdoch aberatsak erosi eban 580 miloe dolarrean baina euren lanpostuetan mantendu zituan momentura arte egozan arduradunak (Chris de Wolfe eta Tom Anderson). Orain, beste arlo batzuetara be zabalduko ditue euren negozioak: bideoak, eskuko telefonoetarako zerbitzuak, enkanteak edota musika salmentak. Berbarako, politikearen ganeko arloa be zabaldu dabe (Impact kanala) eta bertan esaten diran gaiak, egiten diran galderak eta emoten diran eretxiak goi mailako politikariengana heldu dira eta arduratuta dagoz, MySpace horretan esaten dana adi-adi irakurten. Politika egiteko beste bide barri bat dala ikusi dabe, batez be gazteriarengana ailegetako bide aproposa.
Egungo 600 langileren kopurua bikoiztu egingo da eta enpresearen prezioa 6.000 miloe dolarrekoa ei da. Lehenengo erabiltzaile gazteak nagusitzen doaz baina, halanda be, hor dagoz oraindino. Hori bai, seguridade kontrolak zabaldu egin dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!