Natxo Artamendi: ‘Espainiako enpresei Txina handi geratzen jake’

Zigor Aldama 2007-07-13 02:00   Bidaide
Hispaniar-Txinatar Institutoko zuzendaria

Txinagaz Adiskidantza saria irabazi dauen mexikar-espainiar bakarra da eta ondoko lerroetan Txinaren egungo egoerea eta Asiako herrialde indartsuenaren etorkizuna aztertuko doguz.

Txinako lehen ministrorari ez deutso edozeinek bostekoa emoten, baina Asiako herrialderik indartsuenaren bihar-etziko erronka eta arazo nagusienen ganeko azalpenak Wen Jiabaoren ahotik entzutea ohore handia da, gitxi batzuen esku dagoana. Natxo Artamendi (Mexico D.F., 1957), pasa dan zezeilean, txinatar buruzagiagaz gai desbardinen ganean eztabadaidatzeko aurten ezarritako urteroko hitzorduan, mendebaldeko hamalau lagunetako bat izan zan. Artamendi, eibartarra da jaiotzez eta honezkero lau urte daroaz Txinako ipar-ekialdeko Tianjin urian, Hispaniar-Txinatar Institutoaren buru. Aitatu institutoa Txinako eta Espainiako gobernuen ekinbidea da makina-erreminta sektorean txinatar beharginen lanbide heziketea gauzatzeko. Lau urte horreetan bertatik bertara ezagutu ditu Txinaren aldaketa sakonak eta, era berean, ohiz kanpoko hartu-emonak izan ditu Pekineko gobernuagaz. Gaur egun, Makina-Erremintako Fabrikatzaileen Espainiako Alkarteko (AFM) enpresei aholkularitza zerbitzua eskainiko deutsen sailaren eraketa eta ezarpen prozesuan dabil buru-belarri.


1.- 2007a Espainiaren urtea da Txinan. Zelakoa da orain arte antolatutako ekitaldi eta jardueren balantzea?

Egia esan behar badeutsut, berton bizi garanok ia-ia konturatu be ez gara egin horretaz eta ez dot txinatar bakarra ezagutzen horren barri dauenik. Ohikoa danez, inprobisazinoa izan da nagusi eta antolakuntzarik eza eta nahastea baino ez doguz atzemon. Antolatutako gauza asko empresa eta erakundeen eguneroko jardunaren ondorioa baino ez dira; kontua da ze gobernuak estereotipoak sustatzen dituan plangintzara batzen dituala jarduera horreek.

Beste alde batetik, ministro eta goi karguen bisitak antolatu ditue eta asmoak ez dodaz bape argi ikusten. Gaiaren harian, Txina sano garrantsitsua izanik Espainiarentzat, ez dot ulertzen inaugurazino ekitaldian zelan izan daitekeen buru presidenteordea. Itxikeria galanta begitantzen jat eta uste dot Txinan Espainiaren irudia hobetzeko aukera ezin hobea alperrik galdu dala.


2.- Oraintsu egindako inkesta baten arabera, txinatar gehienek zezenketak eta flamenkoa Espainiagaz alkartzen edo buztartzen ditue eta Espainia eta Euskadi ez ditue bereizten. Irudi estereotipatu horrek eragina ete dauka gure enpresetan?

Jakina, uste baino handiagoa eta, batez be, sektore teknologikoko enpresetan. Espainiak herrialde aurreratuaren irudia sustatu beharko leuke ze bestela ezinezkoa izango da gure maila beretsua izan arren, irudi teknologikoa mimo handiz zaintzen daben herrialdeetako enpresakaz lehiatzea, berbarako Alemanikao enpresakaz. Akaso, Siemens eta Mercedes kenduta, txinatarrak ez ditue Alemaniako enpresak ezagutzen baina bertakoak dirala jakitea nahikoa berme da eurentzat eta gure enpresen aurretik jarten ditue.


3.- Zelan eregi daiteke herrialde indartsu eta serioaren irudi hori?

Ezer baino lehen nahitaezkoa iruditzen jat alkartzea eta bide eta estrategia bateratuak zehaztu eta bultzatzea. Espainiako enpresen neurria arazoa da ze Txina handi geratzen jake. Hemen arrakastea lortzeko gauzak esne-mamitan egin behar dira baina kontu handiz, jakina. Bakotxa bere aldetik ibilita ez da ezer lortzen.Arazoari berme guztiakaz zelan aurre egin azaltzeko beti aitatzen dot MCCren kasua. Esangura horretan, gobernuak enpresek jasoten daben informazinoa bideratu beharko leuke sano lehiakorra dan merkatu honetan ahalik eta emoitza onenak lortzeko. Txinan badakie jakin mundu guztiak nahi dauela bertan negozioa abiarazo, zuk ez badozu pausua emoten besteren batek emongo dau, horixe da errealidadea. Zoritxarrez, sarritan ‘bestea’ izaten da aurreratzen jakuna.


4.- Orain arte Txina teknologiagaz lar arduratuta ibili da baina azken aldian Txinako enpresak beste arlo batzuetan be hasi dira lehiatzen. Ba ete dago arduratzeko arrazoirik?

Baietz pentsetan dot. Herrialde honek daroan abiadurea bildurra eragiteko modukoa da, batez be, ez dagoalako inoren zain. Gobernuak ondo eta zehatz-mehatz antolatuta dauka dana eta guk alperreko eztabaidetan denporea galtzen dogun bitartean, eurak ez dagoz gora adi. Orain kanpora begira dagoz eta euren enpresakaz gure merkatuan sartzeko asmoa baino gehiago gure enpresak erosteko gogoagaz dabilz.

Beste alde batetik, makina bat produktutan nahikoa kalidade lortu dabe honezkero euren lurraldean lehiakorrak izateko eta, horren erakusgarri, produktu teknologikoen muga-zergen hazkundea; hori guztia, euren industria babesteko asmoagaz. Horrezaz gan, urte batzuk barru Txinak hegazkinak be produziduko ditu, industria aeronautikoan zeresan eizango dau eta, ganera, gaur egun aparteko garrantzia emoten deutsie goi teknologiari eta ikerketeari. Oraingoz, alde txikiagaz baino ez bada be, barrikuntza edota erabarritzean aurretik goaz baina arlo honetan aurrea ahrtzen badeuskue, ez dakit zer pasauko dan. Ondo bizi gara, ondoegi, akaso, ‘lo’ gelditu gara eta, ikerketan indarra, lehiakortasuna galtzen gagoz.


5.- Aberats eta behartsuen arteko aldeak gero eta handiagoak dira. Gizartean ezegonkortasun arriskurik ikusten dozu?

Horixe da, hain zuzen, Txinaren arriskurik handiena eta gobernua jakitun dago. Horregaitik, neurriak hartu ditue, berbarako, Jabetza Legea edota Lana arautzen dauen Legea. Herrialde hau lehertzeko zorian dago Alderdi Komunistearen eraginari iges egiten badeutso. Orain, barriz, ikusteko dago, alde batetik, Txinako herritarrak zelan jokatuko daben jaube sentiduten diranean eta, bestetik, lan erreformeak eragingo dauen kostuen gehikuntzea zelan hartuko daben enpresetako arduradunek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu