Lotsatuta nago
2007-07-13 02:00 BidaideZorioneko ‘Espainiaren Urtea Txinan’ horretan kokatutako bisitaldi ofizialaren ondoren, errealidadera bueltetako sasoia da. Eta errealidadea da, oraindino be Asiako kontinenteari ez jakola jaramon handiegirik egiten.
Berbetatik egintzetara badago aldea. Oraintsu historiako empresa munduko ordezkaritza zabalenagaz batera, Espainiako errege-erreginak Txinara egindako bisitan, asmo onak erakutsi ditue eta komunikabideetan ohiz kanpoko atentzinoa dedikau deutseez herrialde bien arteko hartu-emon eta enparauei. Upealako helburuak planteau ditue, berbarako, bi urteko epean, Asiako erraldoian Espainiako enpresen kopurua bikoiztea. Halan da be, asmo hori bete arren, Frantzia, Alemania edo Italia lako herrialdeen atzetik egongo ginateke. Zorioneko ‘Espainiaren Urtea Txinan’ horretan kokatutako bisitaldi ofizialaren ondoren, errealidadera bueltetako sasoia da. Eta errealidadea da, oraindino be Asiako kontinenteari ez jakola jaramon handiegirik egiten.
Madrileko gobernuak ezarritako helburuetako bat Txinako turismoa erakartea da; kontua da ze Europako herrialde danen asmoa dala hori, kontuan hartuz, ikerketen arabera, 2020. urterako Txina turista bialtzaile nagusia izango dala munduan. Dirua gastetako prest egongo diran turistak izango ei dira, akaso, europarrak edo iparamerikarrak baino gehiago. Edozelan be, oraindino makinatxu bat muga gainditu behar izaten ditue kanpora joateko; horren erakusgarri, Shangaiko espainiar konsuladura bisitan joatea da onena, zeozer oker dabilela jaubetzeko.
Itxaron-gela txiki-txikian, ehundaka txinatar dagoz harridura arpegiagaz. Aurrez hitzordua zehaztuta hurreratu dira konsuladura dokumentazino guztia entregetako eta guzurra emoten badau be, hiru ordu emon ditue zain tramite erraz-erraza egiteko. Pazientzia handiz, ezelako azalpenik jaso barik, ilaran zain egon ostean, konsuladuko beharginek kanporatu egin ditue gizajoak, gurean salaketea jarteko nahikoa arrazoi izango litzateken modu txarrean.
Zazpi egun beranduago, barriro inpernu horretan luzaroan zain egon ondoren, subertedunek pasaporteak jaso ditue bisadoagaz batera eta besteek, barriz, eskabideari uko egin deutsiela adierazoten dauen zigilua eta Espainiara bidaia egiteko debekuaren arrazoia adierazoten dauen ‘x’ letrea jagokon lekuan markauta dakarzan inprimakia. Gehienak zur eta lur gelditzen dira, eskatutako agiri guztiak behar dan moduan aurkeztu arren, ez deutseelako Europan sartzen ixten. Horixe da Euskadiko familia batek gonbidatuta udea pasetan etorri gura izan dauen neska baten kasua. Beste askok legez, errekurtsoa jarri arren, gitxienez hilebete itxaron beharko dau erantzuna jasoteko eta normalean ezezkoa eta oker arrazoitutakoa izango da; ganera, gaztelaniaz idatzitako gutuna izaten da. Horrezaz gan, legea urratuz, ez da inon adierazoten interesatuari berandu jakinarazotako erabagi horren kontrako errekurtsoa non aurkeztu leiken. Prozesuan, gitxi gorabehera, 150 bat euro galtzen dira eta sarritan joan-etorria egiteko hegazkin txartelaren kostua berreskuratzerik ez da izaten. Burukomin horreek guztiak bisado turistikoa lortzeko. Ez da harritzekoa, beraz, txinatarrek beste herrialde batzuetara joateko erabagia hartzea.
Bien bitartean, mafiak gustora bizi dira. Erraz lortzen ditue bisadoak, errazegi. Konsuladuak emondako informazinoaren arabera, Espainian legez kanpo sartu gura dauen txinatar batek 15.000 euro pagau behar deutsoz lan-kontratua tramitau eta bisadoa lortuko deutson mafiari. Lan-kontratu hori faltsua izan daitekeela susmoa hartuta, konsuladuak bisadoari uko egin ezkero, administrazino-auzibidea nahikoa izaten da gehienetan faltsua izaten dan lan-kontratu hori aintzat hartuta, epaile batek bisadoari oneretxia emoteko.
Beste alde batetik, kanpoan gure ordezkariak diranen preparazinoaz gogoeta egiteko momentua da. Zoritxarrez, behargin horreetako batzuk ez ditue inondik inora ezagutzen ordezkatzen daben herrialdearen kulturea eta ohiturak. Pakistanera egindako azken bidaian pertsonaia ‘berezia’ ezagutu neban. Islamabadeko Enbaxadako agregatu komertzialak barregarria balitz legez kontau eustazan munduko herrialde berezi eta nahasienetakora heltzeko bizitako pasadizuak.
Andaluza da bera eta bizitzako egunik onena izan ei zan berea ibilbide diplomatikoari hasiera emongo eutson kargurako izentapena jaso ebanean. Pazifikoko ugarte eder horreetako batera joiala beharrean esan eutson mundu guztiari. Bainu-jantzia erosi eta kargu barrirako kontratua sinatu eta berehala jaubetu zan Mabad Ugartera (¡!) joan beharrean Islamabadera joiala. Arpegikerea berehala aldatu jakon.
Horrezaz gan, aitatu enbaxadako sarreran Sevilla’92ko kartela eta Konstituzinoaren aurreko mapak egozan bistan, Ferrol del Caudillo, Vasgongadas eta espainiar Sahara eta guzti. Bertako beharginen ingeles mailea be nagargarria zan. Bitxikeria legez, enbaxadorea Manuel Fragaren ilobea zan. Atara kontuak. Espainiaren irudi negargarria.
Txinako kasua mingarriagoa da, beharbada, ‘Espainiaren Urtea Txinan’ ospakizunetan gagozalako buru-belarri. Ekitaldien artean, agintarien itxikeria nabarmen erakutsiz, ez da aurreikusi gobernuburuaren bisitarik. Eta gero entzun egin behar Espainiako agintarientzat Txina sano garrantzitsua dala. Frantziak eta Alemaniak, berbarako, zorrotzago zaintzen ditue era horretako kontuak eta euren ardura nagusia elektronika eta automozino arloetan sartzea dan bitartean, Espainiaren burukomina urdaiazpiko iberikoa munduratzea da.
Espainiak bere irudia aldatu gura dau baina idatzi honetan deskribidutako jarrera eta egoerakaz gatx dauka. Kanpoan gure ordezkariak izango diranak mimo handiz aukeratu eta jagon behar dira eta, jakina, demokraziaren eta Zuzenbide Estaduaren baloreak errespetetea exijidu behar jake. Holan egin ezean, txinatarren harridurea eta hasarrea baino ez doguz lortuko eta guk geuk lotsa sentidu beharko geunke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!