International PENen 73. kongresua amaitu barri da Dakarren
2007-07-12 02:00Dakarreko kongresuan izandako gauza interesgarrien artean azpimarratzekoa da Itzulpena eta Eskubide Linguistikoen Batzordean (T&LRC) hartutako erabagiak. 1995ean Bartzelonan sortu zan Hizkuntz Eskubideen Deklarazino Unibersala berbiztu nahi dau PENeko batzordeak. Horretarako jarraipen-batzordea eratu da ordezkari katalanaren eta euskaldunaren ardurapean.
Garagarrilaren 4an hasi eta atzo (garagarrilak 11) amaitu zan International PEN 73. kongresua Dakarren (Senegal). Zazpi egunetan zehar ugariak izan dira ordezkariek landutako gaiak eta hartutako erabagiak. Erabagiei jagokenez, kide barriak aukeratu ditue Nazinoarteko Batzorderako. Kontuak kontu, Eugene Schoulgin (Norwegian PEN) izango da Idazkari nagusi barria, Eric Lax (USA PEN) da diruzaina eta lau kide barri aukeratu ditue Batzordea barrizteko: Haroon Siddiqui (Canadian PEN), Mike Butscher (Sierra Leona PEN, Takeaki Hori (Japanese PEN) eta Kristin Schnieder (Swiss German PEN). Euskal hautagaiak, Laura Mintegik, boto ugari bereganatu eban, baina lau botoren faltan ez zan sartu zuzendaritza barrian.
Irak PEN sortu da Senegalgo kongresuan
Beste erabagi askoren artean, hiru zentro barriri emon jake oneretxia nazinoarteko erakundean sartzeko: Afar Speaking PEN, Irak PEN eta Jordan PEN. Iraken taldearen aurkezpena egin zanean, Kurdish PENeko ordezkariek hitza hartu eben eta, ondo etorria emoteaz gan, gogorarazo nahi izan eben Iraken hizkuntza ofizialaz gan beste hizkuntza batzuk be badagozala eta PEN lako erakunde batean egonik, hizkuntza eta kultura horreen guztien defentsan jardutea espero ebela. Irakeko ordezkariek erantzun eben Irak kultura eta hizkuntza anitzeko estadua dala, hizkuntza kurdoa beste askoren artean bat gehiago dala eta danak kontuan hartzeko asmoa dabela.
Hizkuntz Eskubideen Azpibatzordea sortu da
Dakarreko kongresuan izandako gauza interesgarrien artean azpimarratzekoa da Itzulpena eta Eskubide Linguistikoen Batzordean (T&LRC) hartutako erabagiak. 1995ean Bartzelonan sortu zan Hizkuntz Eskubideen Deklarazino Unibersala berbiztu nahi dau PENeko batzordeak. Horretarako jarraipen-batzordea eratu da ordezkari katalanaren eta euskaldunaren ardurapean. Afrikako talde batzuen ordezkaritzea hartzen dau azpibatzordeak, Kenia eta Uganda besteak beste. Batzordearen asmoa da UNESCOn lehenago eta ondoren Nazino Batuetan HEDU onartua izatea.
Eztabaida eragiten daben gaiak landu dira
Zenbait gaik eztabaida handia eragin dabe 73. kongesuan, besteak beste, Venezuelari buruzko ebazpena edo Holokaustoa ukatzen daben idazle eta kazetarien gainekoa. Kongresuak onartu dau Iberoamerikar Federazinoak aurkezturiko ebazpena; horren arabera, gobernuari eskatzen jako litzentzia itzultzeko RCTV telebista kateari eta politikoki pluralagoa izateko.
Holokaustoa ukatzen daben idazle eta kazetarien gaia, barriz, Idazle Kartzelaratuen aldeko Batzordean (WIPC) eztabaidatuko da sakonago, 2008an Glasgow urian (Eskozia). German PEN eta Israel PEN taldeek aurkezturiko ebazpenak eskatzen eban International PENek ez babestea idazle edo kazetaririk Holokaustoa ukatzeagaitik erasoak baldin baziran. PEN talde askoren eretxiz, barriz, adierazpen askatasuna defendidu behar dau PENek, nahiz eta eretxi okerrak edo lelokeriak esan.
Hurrengo kongresua non kokatu
2008 urterako 3 proposamen egozan kongresua kokatzeko, bi Mexikon (Oaxaca eta Guanajuato) eta bat Colombian (Bogota). Eztabaida sutsuaren ondoren, Ordezkarien Asanbladeak erabagi eban Bogotan egitea 2008 urtean, eta hurrengo urtean Vienan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!