13.000 lagun inguru hurreratu dira Getxoko Jazzaldira

Bizkaie! 2007-07-09 02:00   Musikea

Danimarkako People Are Machines laukoteak irabazi dau Getxoko Nazinoarteko Jazz Jaialdiaren 31. Edizinoko lehiaketea. Gainera, Magnus Hjorth taldeko piano-jolearentzat izan da bakarlari onenaren saria. Bigarren saria, barriz, Errusiako Andrew's Quartet taldearentzat izan da.

Musikaz beteriko bost egunen ondoren, Getxoko Europar Jazzaldiak atzo emon eutson amaierea 31. ekitaldiari. Garagarrilaren 4tik 8ra, 13.000 bat lagunek gozau dabe 15 kontzertuz eta hainbat ekitaldiz. Aurten be, kalidadea eta aniztasuna izan dira jarduera honen ardatz nagusiak. Era berean, talde gazteen aldeko apustuari eutsi deutso Getxo Jazzak.

Aurten, era askotako taldeak eta estiloak izan dira kontzertu nagusietan. Publikoak erantzun bikaina emon deutso musika eskaintzeari. Lehenengo bi egunetako kontzertuek asebete itxi eben publikoa bi musika eskaintza originalen eta oso desbardinen eskutik: batetik, Aldo Romanok, Louis Sclavisek eta Henri Texierrek osotutako hirukotea eta, bestetik, Paolo Fresu-Uri Caine bikotea. Bide erdia bete eban jazzaldiak nazinoarteko jazzaren musikari ospetsuenetariko baten kontzertuaren eskutik: Charlie Haden eta bere West Quartet-a, hain zuzen be. Astegoienari eskarmentu handiko Lee Konitzen Nonet-ak emon eutson hasierea eta, azkenik, atzo, domekan, Biotz Alai plazea bete egin zan Chucho Valdés piano-jole kubatarraren saioaz gozetako.

Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dabe aurten be Getxon. Talde Lehiaketea horren erakusle izan da. Aurtengo ekitaldian, Holanda, Errusia, Espainia eta Danimarkako taldeak heldu ziran finalera. Maila handia erakutsi ondoren, People Are Machines danimarkarra nagusitu zan lehiaketan. Azken urteotan, laukotea bere herriko jazz-eszenan nabarmendu da, nahiz eta bere kideak oso gazteak izan. Bestalde, Errusiako Andrew's Quartetek bigarren saria eskuratu eban. Laukotea Rostoveko kontserbatorioan sortu zan. Azkenik, lehiaketea irabazi dauen taldeko piano-joleak, Magnus Hjorthek, bakarlaririk onenari emoten jakon saria be irabazi dau.

‘Hirugarren Milurtekoa’ sailean be eskaintza anitza izan da aurten. Bost egunetan zehar, Getxo Antzokiko plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu. Horreen artean Duet bikote israeldarraren saioa nabarmendu daiteke. Taldearen proposamenak publikoa harritu eban: jazza, musika klasikoa eta Israelgo tradizinozko soinuak buztartuta, saio bikaina emon eban bikoteak. Jove Dixieland Banda be ondo baino hobeto aritu zan eta publikoak New Orleanseko erritmo alaiez gozau eban pasa dan barikuan. Juan Pablo Balcázarren Voyage Quartetek, Legacyk eta Jon Urrutia piano-jole bilbotarraren azken proiektuak, Latin Triok, ooatu dabe ‘Hirugarren Milurtekoa’ atalaren eskaintzea.


Bestelako jarduerak

Ohi bezela, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Puben. Bertan, bi talde jardun dira, jazzaldian parte hartu daben hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzen. Era berean, kaleetan be egon da jazza Rob Espino & Friends From New Orleans taldeari esker. Louisianako marchin' band horrek hainbat desfile egin ditu bost egunetan zehar eta Getxoko eta Bilboko kaleak alaitu ditu dixie erritmoez. Azkenik, Satistegi kafean Fernando Bárcena argazkilariaren erakusketea egon da. Bertan, artista handien irudiak ikusteko aukerea izan dabe bisitariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu