Euskal PENeko hiru ordezkari Dakarren (Senegal) International PENen 73. kongresuan parte hartzeko

Bizkaie! 2007-07-04 02:00

PEN segenaldarrari egokitu jako aurten International PEN 73. kongresua antolatzea garagarrilaren 4tik 11ra, igazko maiatzean Berlinen antolatu zanari erreleboa hartuz.

PEN segenaldarrari egokitu jako aurten International PEN 73. kongresua antolatzea garagarrilaren 4tik 11ra, igazko maiatzean Berlinen antolatu zanari erreleboa hartuz.

Afrikan antolatuko dan lehen kongresua izanik, berebiziko ahalegina egiten dabilz penkide senegaldarrak –zein Londresen kokatuta dagoan International PENeko idazkaritzea be– Dakarreko kongresua arrakastatsua izan daiten. Aurreko urteetan mundu osoko 100 estadutatik 400 kide inguru batu dira, eta aurten be antzeko kopurua espero da, barritasun bategaz, hau da, askozaz handiagoa izango dala Afrikatik kideak bialduko dituen zentruen kopurua.


Euskal PENetik hiru ordezkari

Euskal PENetik hiru ordezkari abiatuko dira, Paul Bilbao, Asier Serrano eta Laura Mintegi. Paul Bilbaok T&LRCen (Translations & Linguistic Rights Committee, hau da, Itzulpena eta Hizkuntz Eskubideen Batzordea) lana koordinetako ardurea bereganatu dau, batzordearen zuzendaritzeak eskatuta. Beraz, bi egunetan zehar Kata Kulavkova mahaiburuagaz batera jardungo dau Paul Bilbaok, berak koordinau baititu gai ordena eta aurreko hilebeteetan egindako lana. Horrezaz gan, Euskal PENen proposamen barria aurkeztuko dau, Hizkuntz Eskubideen Deklarazino Unibersala (HEDU) barriro bultzatzeko asmoz egina.

Beste bi ordezkariak, Serrano eta Mintegi, WIPC (Writers in Prison Committee, Idazle Kartzelaratuen aldeko Batzordea) eta WfPC (Writers for Peace Committee, Bakearen aldeko Idazleen Batzordea) batzordeetan hartuko dabe parte eta Ordezkarien Asanblada Nagusian Euskal PEN ordezkatuko dabe.


Nazinoarteko Zuzendaritzarako euskal hautagaia izango da

Dakarreko kongresuan Zuzendaritza Batzordearen hainbat postu barriztu behar dira: idazkari nagusia, diruzaina eta hiru batzordekide. Diruzainaren postua beteteko hautagai bakarra aurkeztu bada be (USA PENkidea dan Eric Lax), idazkari izateko hiru kide aurkeztu dira: Sylvestre Clancier (French PEN), Eugene Schoulgin (Norwegian PEN) eta Giorgio Silfer (Esperanto PEN).

Zuzendaritza Batzordekide izateko hamabi hautagai dagoz, tartean Laura Mintegi Euskal PENeko lehendakaria. Hautagaiak ondokoak dira: Hanan Awwad (Palestinian PEN), Mike Butscher (Sierra Leona PEN), Sylvestre Clancier (French PEN), Takeaki Hori (Japanese PEN), Yang Lian (Independent Chinese PEN), Georgui Konstantinov (Bulgarian PEN), Juraj Juniak (Slovak PEN), Gustav Murin (Slovak PEN), Laura Mintegi (Basque PEN), Alastair Niven (English PEN), Kristin Schnieder (Swiss German PEN) eta Haroon Siddiqui (Canadian PEN).


Hiru urteko emoitza oparoa

2004ko apirilaren 23an bersortu zan Euskal PEN Kluba, eta ordutik lan handia egin dau. Horren adierazgarria da bost batzordetatik hirutan jarduten dauela, eta horreetarik bitan (T&LRC eta WfPC) zuzendaritzan dagoala. Hiru urtean nazinoarteko hamabi kongresu edo bilkuretan hartu izan du parte eta horreetara zortzi kidek eroan dabe euskal ordezkaritzea. Bestalde, euskal literaturea emon dau ezagutzera nazinoartean. Euskal PENen bidez euskal literatur testuak argitaratu dira Mazedonian, Ukranian eta Finlandian, eta bost hizkuntzetara itzuli dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu