Txinatarren moduan bizi naz

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-06-29 02:00   Bidaide

Azken bidaian lau hilebete baino gehiago egin nituan etxetik urrun eta orain arteko bidaiarik aberasgarriena izan zan, batez be azkenengo txanpan. Ordura arte Asian egiten nebana albo batera itxi eta, hausnarketea egin ostean, bizimodua trankil disfrutetea erabagi neban. Begiratu eta bildurra emoten eban apartamentu-bloke horreetariko batera joan nintzan bizitera.

Azken bidaian lau hilebete baino gehiago egin nituan etxetik urrun eta orain arteko bidaiarik aberasgarriena izan zan, batez be azkenengo txanpan. Ordura arte Asian egiten nebana albo batera itxi eta, hausnarketea egin ostean, bizimodua trankil disfrutetea erabagi neban. Hiru hilebete hareetako autobusak, hegazkinak, hotelak eta planetako lurralde horretako gizakien egoerearen alderik baltzena erakusten eben erreportajeak albo batera itxi eta Shanghai lako uri erraldoiko eguneroko bizimodua ezagutzeko momentua zan. Horretarako, zer hobeto txinatarren moduan bizitea baino. Uriburuaren inguruko auzo batera joatea zan egokiena. Begiratu eta bildurra emoten eban apartamentu-bloke horreetariko batera joan nintzan bizitera, itxuraz ia desagertzear dagoan bizimodua egitera.

Nire Euskal Herri maitetik kanpo egindako azken hilebetean estralurtar bihurtu nintzala pentsetan hasi nintzan. Auzoko lagunek, behintzat, holan sentiarazoten eustien nire begi biribilei eta sudur estuari begiratzen eutsienean. Etxe aurreetan jarritako mahai zaharretan mahjong dalakora olgetan eben aititetatik MP3 makinatxuakaz alde batetik bestera joiazan neskatilatxu modernoetara. Auzoko ikuskizun erakargarriena bihurtu nintzan. Inguruko merkaduren batetik boltsakaz beteta eta izerditan etorten nintzanean, danak egoten ziran niri begira. Neskalagunaren eskutik nentorrenean be (txinatarra da bera), gaitzespen begiradak igarten genduzan. Bentanan erropea eskegiten nebanean, mirespenez begiratzen eustien. Eta gauza batez konturatu nintzan: erropea eskegiteko erabilten ziran banbuzko kanaberak informazino-iturri bikainak dira: bigarren pisuan ume asko bizi ziran, eskegitako telazko jostailuei erreparau ezkero. Hirugarrenekoak barruko-erropa probokatzailea erabilten eban eta auzoko edadeko gizon danak tortikoli gatxak jota egozan. Bitartean, laugarrenekoaren lehioan uniforme militarra egoan, ia mehatxu modura. Gu zuhurragoak ginan eta, horrenbeste pista emon beharrean, gauza asko barruan eskegiten genduzan.

Begiradetara ohitu nintzanean, gatxena txinatarren bizimodura ohitzea izan zan. Guoshum kaleko 400 zenbakian bizi nintzan, erdiko edo beheko klaseko jentea bizi zan uniberso txiki batean. Shanghai uriak ‘auzo modelo’ izentau eban. Zeren ‘modelo’ jakin gurako neuke nik.

Gatxa da bosgarren pisuraino eskaileretatik igon eta ez itotea (parkatu, laugarreneraino, txinan ez dago-eta beheko pisurik) eraikin osoko hormak telefono zenbakiz josita dagozanean. Zenbaki horreek etxebizitzak alokatzen zituezan enpresenak ziran. Graffiti estiloan idatzita egozan, han eta hemen, jenteak auzoan lar aguantetan ez ebanaren seinale.

Orain, suetea, nire bizi osoan ikusi dodan txikiena. Gasaren eta uraren tuboek hormea tapetan eben, batez be gasarenak. Kontuz ibili behar zan ze, sua biztukeran, gasaren tuboetatik suak urteten eban. Presinoa ez zan horren altu ailegetan eta presino-bonbea oge ganean egoan. Txakurrak bildurtzeko moduko zaratea egin ostean heltzen zan ura iturrira, dutxara eta garbigailura (ur hotza, zelan ez). Jenteak gehiago ez begiratzeko, etxebizitzearen jaubeak papelakaz ‘josi’ zituan bentanak... zeloagaz inkauta.

Dimensinoena da beste kontu bat. Apartamentuaren 20 metro koadroak Espainiako Etxebizitza Ministroari gustauko jakozan baina baserrian bizitera ohituta dagozan euskaldunei seguru ezetz. Hankak hozkailuaren kontra eta barruko erropea buru ganean eskegita lo egitea... Behearen ganea dibertigarriagoa da: plastikozko puzzle baten antzekoa da, katutxuak, txoritxuak eta elefante baten irudiagaz. Arineketan ibili ezkero, puzzlea apurtu eta lurrera jaustea, biak bat.

Baina onena oraintxe dator. Komuna. Barriro be, nire laguntxuek, tuboek hormea apaintzen dabe eta, ganera, ura dakarre dutxaraino. Baina dutxa-platera ez da existiduten, komun osoan dagozan baldosek hartzen dabe lekutxu hori. Galdarea suetean dago eta, antza danez, helburu bakarra dauka: gorputza garbitzera doana hotzez hil edo erretea. Ura tenperatura egokian etorteko giltza zein posizinotan jarri behar dan jakiteko, gitxienez injinerua izan behar zara, urteetako esperientziagaz eta ikerketak egin ostean ganera. Komuna urez ez betetea... Hori ezinezkoa da. Baina, badaezpada, komun-ontzia tela polit bategaz inguratuta dator. Apartamentuan berogailurik ez dagoalako izango da hori, kontuan hartzen badogu neguan Shanghai urian termometroa zero azpitik ibilten dala.

Zorionez, ni egon nintzanean, merkurioak hogeta hamar gradu inguru marketan zituan. Tenperatura horretan, patioan, txabola antzeko batean pilatzen ziran tonaka zaborrek hats bereziagaz ‘girotzen’ euskuen etxea. Birziklatze-sistemarik ez dago. Horretaz eskale taldetxu bat arduratzen da: balio daben produktuak hartu (plastikoa, metalak, papela) eta ganerakoak han ixten ditue.

Kontutxu bat. Kale-kantoian Sichuan lurraldeko espezialidadeak eskaintzen dituan jatetxea dago (bertoko pikantea Mexikokoa baino gogorragoa da). Goizeko hamarretan zabaltzen ditu ateak... goizaldeko bostak arte! Eta esan neike, goizaldeko hiruretan (jai batetik etxera bueltan gentozan), jentez ganezka ikusi gendula.

Gauzak aurreikusitako moduan badoaz eta zemendian Shanghai uri erraldoira banoa bizitera, diru apurtxu bat gastauko dot erosotasunen bat izateko, ur beroa edota berogailua, berbarako. Halanda be, ez jat damutzen esperientzia hau bizi izana. Hilebete baino ez da izan. Milaka txinatarrek hori baino ez dabe ezagutzen eta zoriontsu bizi dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu