Harresiak Apurtuz GKEk immigrazinoaren tratamendu informatibo egokiari buruzko eskuliburua argitaratu dau
2007-06-27 02:00Eskuliburuaren 3.000 ale inguruko tiradea izango da eta, zabalkundea, besteak beste, komunikabideen artean, barri-agentzien artean, erakundeetan, liburutegietan edota EHU-ko Gizarte Zientzia eta Informazino Fakultadean egingo da. Edozelan be, eskuliburua Harresiak Apurtuzen web-orrian eskuragarri dago: www.harresiak.org
Harresiak Apurtuz gobernuz kanpoko erakundeak hedabideetako profesionalei zuzendutako ‘Kazetaritzako Jardunbide Egokien Eskuliburua’ argitaratu dau, BBKren Gizarte Ekintzaren babespean.
GKEren eretxiz, migrazinoaren fenomenoak, diaspora barriak eta herritarren lekualdatzeak bultzatzen dituan mundu globalizatu honetan, hedabide masiboek erantzukizun handia dabe eretxi publikoa sortzeko orduan. ‘Ikus-entzunezko hedabideetan zein prentsa idatzian argitaratutako albisteak, informazinoak, eretxiak eta kultur adierazpenak gure ingurune kultural, sozial eta politikoaren balore eta jarrera sortzaile dira’, azaldu dabe.
Testuinguru honetan, eta errealidade honetaz jaubetuz, 2006ko zezeilean, Harresiak Apurtuz-ek Immigrazinoaren Tratamendu Informatiboaren III. Jardunaldiak antolatu zituan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluagaz batera, eta jardunaldi horreen ostean ‘Kazetaritzako Jardunbide Egokien Eskuliburua’ argitaratzearen aldeko pausua emon zan.
’Kazetaritzako Jardunbide Egokien Eskuliburua’ BBK-k Gizarte Proiektuei eskaintzen deutseen Laguntza Programearen babespean argitaratu da, eta prestakuntzarako eta zalantzak argitzeko tresna izan nahi dau. Azken finean, hedabideek, kazetaritzako profesional eta enpresek eta administrazinoek hartutako konpromiso bat izan behar dau beren gizarte erantzukizunari aurre egin daiotsen.
‘Jakin badakigu, hedabideek, gizartean, oro har, prestakuntza eta hezkuntzearen alorrean, eragin handia dabela. Esangura horretan, beharrezkotzat joten dogu kazetaritzako profesional eta enpresek, etorkin kolektiboak hizpide dituan albiste horreetan, honeek era normalizatu batean tratau daitezan’, adierazo dabe.
Eskuliburuaren 3.000 ale inguruko tiradea izango da eta, zabalkundea, besteak beste, komunikabideen artean, barri-agentzien artean, erakundeetan, liburutegietan edota EHUko Gizarte Zientzia eta Informazino Fakultadean egingo da. Edozelan be, eskuliburua Harresiak Apurtuz-en web-orrian eskuragarri dago: www.harresiak.org
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!