Cherish The Ladies, 17 Hippies, Toumani Diabate eta Dulsori dira Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren artista nagusiak

Bizkaie! 2007-06-27 02:00   Musikea

Irailaren 5etik 8ra bitartean, hainbat herritako musikak eta kulturak erakutsiko dira Getxon. Egitarauan, musika emonaldiez gan, bestelako jarduerak dagoz: Bidezko Merkatua, Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak, berbarako. Ohi bezela, kontzertu eta ekitaldi guztietarako sarrerea dobakoa izango da.

Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren 23. ekitaldian parte hartuko daben artista eta talde nagusien izenak prest dagoz honezkero. Aurten, Cherish The Ladies, 17 Hippies, Toumani Diabate Et Orchestra Symetric eta Dulsori arituko dira jaialdian, besteak beste. Irailaren 5etik 8ra bitartean, hainbat herritako musikak eta kulturak erakutsiko dira Getxon. Egitarauan, musika emonaldiez gan, bestelako jarduerak dagoz: Bidezko Merkatua, Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak, berbarako. Ohi bezela, kontzertu eta ekitaldi guztietarako sarrerea dobakoa izango da.

Urtero bezela, eguna hasteko, arratsaldeko kontzertuetako talde eta artisten emonaldia izango da, Erromoko Santa Eugenia plazako karpan, 19:00etatik aurrera. Kontzertu nagusiak 21:30etan hasiko dira (irailaren 4an 20:00etan hasiko da) Areetako Geltokia plazako karpan; honeek amaitu ondoren, hamaikak eta laurenak aldera, Munduko Terrazan (Erromoko Santa Eugenia plazan) gaueko kontzertuak egingo dira.

Kontzertu nagusiei jagokenez, aurten 17 Hippies taldeak zabalduko dau jaialdia. Alemaniako taldeak ekialdeko Europako tradiziozko soinuak eta pop eta rock erritmoak buztartzen ditu, Berlineko 1980eko hamarkadako giro musikala berpizteko asmoz. Era berean, beste hainbat doinu be erabilten ditu taldeak: chanson frantziarra edo polka, besteak beste. Horreek erabilita, eskarmentu handiko 13 musikariz osotutako bandak bere aniztasun erritmikoa gehitzen dau.

Bigarren egunean, Cherish The Ladies emakumezko taldeak hartuko dau lekukoa. Azken 20 urteetan, Mick Moloney musikari ospetsuak bultzatutako boskotea folk musikearen panoraman nabarmendu da, taldekideen birtuosismoa dala eta. Munduko txoko guztietara eroan ditue erritmo zeltak eta maila handiko talde eta artistakaz ibili dira, berbarako, Joan Baezegaz eta The Chieftainsegaz. Cherish The Ladiesek hainbat sari lortu ditu eta horreen artean BBCk Urteko Talderik Onenari emondakoa azpimarratu behar da.

Jaialdiaren erdialdean, irailaren 7an, Maliko Toumani Diabate musikaria jardungo da Getxon, Orchestra Symetric taldeak lagunduta. Kora-jolerik onena ei da Diabate eta bere herriko instrumentu horren doinuak munduan zehar zabaldu ditu. Azken urteotan artista maliarrak Afrikako musikea barritzeko apustua egin dau, horren nortasuna galdu barik. Asmo hori abiapuntu hartuta, Symetric Orchestra sortu eban, Afrikako mendebaldeko zenbait herritako 14 musikariz osotutako taldea, hain zuzen. Talde horrek tradizinoko eta gaur egungo instrumentuak erabilten ditu eta bere lanak etekinak lortu ditu, 2007 Grammy Sarietarako izentau dabe eta.

Irailaren 8an, Dulsori talde korearrak zarratuko dau jaialdia. Talde asiarrak 1984an ekin eutson lanari eta bere kontzertuetan Koreako tradizinoko perkusinoa hartu dau ardatz nagusitzat. Horregaz batera, publikoagazko alkarrekintza funtsezko ezaugarri dau. Indar handiko zuzeneko saioek nabarmendu dabe taldea Munduko Musiketako panoraman.

Jarduera osogarriei jagokenez, ikus-entzuleek Bidezko Merkatua bisitau ahal izango dabe; ekimen honen bidez Ipar eta Hegoaren arteko bidezko merkataritzea sustatzen da. Bestalde, jatorri anitzeko artisau produktuak Munduko Merkatura itzuliko dira Koan Alkarteari esker.

Azken buruan, aurten beste herrialde eta kultura batzuetako gastronomiak be bere lekua izango dau Munduko Terrazan; ekimen hau Euskadiko Munduko Medikuak erakundearen eskutik burutuko da. Azkenik gaztetxuentzako jarduerak be izango dira jaialdian: tailerrak eta ludoteka bat, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu