Iñaki Iturriotz: ‘guk ez dogu bertsoa lehia moduan ulertzen’
2007-06-21 02:00 BertsolaritzeaOraintsu, 'Bertsotan atalean, Santutxuko bertso-eskolea izan genduan berbagai eta oraingoan barriz, Arratiako bertso-eskolea eta batez be, Zeanuriko bertso-eskolearen ibilbidea eta jarduna aztertuko doguz. Bertan kantu kantari eta kontu kontari ibilten dan Iñaki Iturriotzi egin deutsagu alkarrizketea bertako barri emoteko.
Oraintsu, 'Bertsotan atalean, Santutxuko bertso-eskolea izan genduan berbagai eta oraingoan barriz, Arratiako bertso-eskolea eta batez be, Zeanuriko bertso-eskolearen ibilbidea eta jarduna aztertuko doguz. Bertan kantu kantari eta kontu kontari ibilten dan Iñaki Iturriotzi egin deutsagu alkarrizketea bertako barri emoteko.
Zenbat bertsolari dago zuen bertso-eskolan? Zein edadetako irakasle eta ikasleak? Nongoak? Zenbat urteko ibilbidea daroazue?
Lehenengo eta behin esan behar dot Zeanuriko bertso-eskolea orain hiru bat urte sortu zala baina Arratiako bertso-eskolearen parte bat dala. Arratiako bertso eskolea aspaldi sortu zan eta urte askotako ibilbidea egin dau. Orduko denporatan, Karmelo Uriartegaz batzen ginan edade desbardinetako jentea: bere denporetan Ibon Iza, Igor Meñika eta gazteagoak be, Xiber Uriarte eta beste batzuk; gero, BBK eskualdekako sariketarako preparau guran sartu ginan Manex Sagarna, ni neu, Jurek Zienkiewic… Orduan konturatu ginan Zeanurikoak ginala gehienak. Bai Jabier Olibares, bai Eñaut Intxaurraga eta ni; Gaztetxeko lokaletan batzen ginan lagun artean bertsotan egiteko eta Arratiako txapelketarako preparazino antzeko zer edo zer egiteko. Hortik hasi eta Gaztetxetik herrira zabaltzea pentsau genduan eta gazteagoak be interesauta egozala jakinda, kultur etxean astean ordu bete eta erdiz alkartu eta kanteteari ekitea pentsau genduan.
Esti Olibares, Olatz Goikoetxea, Iratí Astondoa, Joseba Bilbao ‘Artxapa’, Irati Bernaola, Illart Gumuzio, ni, Jurek Zienkiewic …. batzen gara eta arduradun moduan nagusiagoak garanok gabilz: Eñaut Intxaurraga, Jabier Olibares eta ni neu.
Beste alde batetik, urte biko ibilbidea daroa Dimako bertso-eskoleak. Dimako herritarrak, gazteak zein helduak batzen dira Ibon Izaren agindupean. Horregaitik esan leiteke Arratiako bertso-eskoleak bi azpi-talde dituala: bata Zeanuriko bertso-eskolea eta bestea Dimako bertso-eskolea Igorreko kultur etxean dogun lokalaz gan.
Zelan antolatzen dozuez eskolak?
Gure eskoletan ez dago preparazino zehatzik. Lagun arteko giroan saiatuten gara ondo pasetan eta parte-hartzea bultzatzen. Guk ez dogu bertsoa lehia moduan ulertzen. Alkarregaz astero batzeko atxaki baten moduan ulertuten dogu: gaia ipinita bertso batzuk kantau, doinu batzuk ikasi eta barre algara ederrak eginda joaten gara etxera. Beti egoten da danon partetik zer hobetu baina esango neuke han batzen garan danok gustura gabilzala eta hori dala printzipalena. Txapelketa-bezperetan (eskolartekoan, Bizkaiko Nagusian zein eskualdeka taldeka egiten danean) danok hasten gara apur bat bertsolari-papelean gehiago sartzen eta txapelketan egin behar diran beharrak egiten: puntuak erantzun, bakarka kantau...
Ostean, Jabi, Eñaut eta ni batzen garanean, librean be askotan ibilten gara. Izan be, horixe da plazaz plaza egin behar dan beharra: gai orokorrenak hartu eta formato librean kantau. Kuriosoa da baina libreko gaiak dira nire eretxiz azkenean itxienak, gatxa dalako lehenagoko bertsolarien antzean gai bat hartu eta jorratzea, gero beste batera pasau eta jentearen barru eta bihotzetara heltzea.
Zein bertso-jaialdi antolatzen dozuez?
Jaialdi aldetik nagusiena bat da, urtero-urtero San Jose bezperatan, Arratiako bertso-eskoleak martien hirugarren asteko astegoienean antolatzen dauena. Azken urteotan barriro be izen handia hartu dauen jaialdia, goi-mailan dabilzan sei bertsolari ekarrita. Gero, urtarrilean be, Zeanurin antolatzen dau bertso-eskoleak bertakoakaz alkarlanean bertso jaialdi bat, bost goi-mailako bertsolari ekarri eta herriko bertsolari bati euren alboan kantetako aukerea emonda.
Jaialdi bi honeetan ezagun egin da bertako berben jokoa. Bertsolari bakotxari herriko berba zahar bat emoten jako, zer dan azaltzeko esanez eta horrek jentearen barreak erraz eragiten ditu. Asko eta asko dira Zeanuri inguruan hurrengo urterako zein berba ipini eurei galdetzeko esan deuskuen baserritarrak.
Bertso jaialdiez gan, Jentilen Kopla-Paper lehiaketea be antolatzen dau urte askoan Arratiako bertso-eskoleak. Bertako enpresa baten diru laguntzinoa lortu ostean, gogotsu preparetan da urtero sariketea. Koplak sustatzea dauka helburu sariketa honek, lehenagoko kopla zaharrak, izadia edo natura edo egungo bizimoduko gorabeherakaz lotzea. Izan be, bertsoaren gerizpetan parau da koplea eta bertso-eskoleak modu horretan kopleari garrantzia emoten deutso. Parte-hartzaileak Euskal Herri osokoak izaten dira, baina lehenagoko ohiturako jenteak hartzen dau parte. Sariketa honetatik urten dira Mikel Urdangarinen kanta ezagunetako letra pare bat be (Iñaki Aurrekoetxearenak, besteak beste).
Zelan ikusten dozu bertsolaritzearen egoerea Arratian?
Arratiako bertso-eskolearen egoera ona dala esango neuke. Gazteak atzetik gogotsu datoz eta euren eskuetan dago azken baten etorkizuna. Guk ahal dogun neurrian lagunduko deutsegu indarra eta babesa emonaz aurrera segiduteko. Dana dala, gero bakotxaren erabagia da plazara kantetan urtetea edo lagun arteko afarietan baino ez jardutea. Gu ostera, orain nahiko geldi gagoz. Berandu egin baino lehenago, datorren urteko Arratiako eskualdekakorako preparetan hasi beharko dogu. Halanda be, gero urterokoa pasauko jaku: itxi eta itxi eta azkenean...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!