Artista txikienen sortze-lanak ikusgai Guggenheimen

Bizkaie! 2007-06-19 02:00   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoak ‘Artea ikasbide’ programearen hamargarren edizinoa jarriko dau martxan abuztuaren 26ra bitartean. Bertan, 178 ikasleren lanak batuko dira, 2006-2007 ikasturtean artista txikiek egin dituezan sortze-lanak.

Guggenheim Bilbao Museoak ‘Artea ikasbide’ programearen hamargarren edizinoa jarriko dau martxan abuztuaren 26ra bitartean, BBK-k babestuta, museoaren 103B aretoan ikusgai egongo dan erakusketan. Bertan, 178 ikasleren lanak batuko dira, 2006-2007 ikasturtean artista txikiek egin dituezan sortze-lanak.

Erakusketea 6 eta 12 urte bitarteko umeen lan bereziek osotzen dabe, artista honeen laguntzinoagaz sortutakoak: Ines Carcoba, Ibon Garagarza, Pernan Goñi, Iñaki Gracenea, Julio Hernandez, Aiora Kintana, Manu Muniategiandikoetxea eta Jorge Rubio. Artista horreek 20 astez egin dabe lan Euskal Herriko bederatzi ikastetxetako irakasleakaz eta Guggenheim Bilbao Museoko teknikariakaz proposamen artistiko interesgarriak topetan eta garatzen.

Programearen helburua jarduera artistikoen bitartez umeei artea errazago helarazotea da. Ganera, bide batez, gaitasun jakin batzuk garatzeko be balio dauela dinoe antolatzaileek, berbarako idazmena eta mintzamena, baita talde-lana egiten ikasteko eta ingurumena jagoteko be.

Usansoloko Unkina LHI, San Inazioko Intxixu LHI, Ondarroako Zaldupe LHI, Erandioko Altzaga LHI, Bilboko Mina del Morro LHI, Idiazabaleko Aita Iparragirre LHI, Lasarte-Oriako Sasoeta-Zumaburu LHI eta Zamudioko LHI ikastetxeetakoak dira aurtengo edizinoan parte hartu daben ikasleak.


Hamar urte artea irakasten

2006-2007 ikasturtean, ‘Artea ikasbide’ programeak hamargarren edizinoa beteko dau, Guggenheim Bilbao Museoaren hamargarren urteurrenagaz batera. Hamar urteotan ia 1.500 ikaslek garatu dituez gaitasun desbardinak eta persona legez be garatu dira.

1998an martxan jarri zanetik, 30 artista eta Euskal Herri osoko hiru hizkuntza-ereduetako Lehen Hezkuntzako 77 ikastetxetako 100 bat irakasle izan dira alkarlanean Guggenheim Bilbao Museoko teknikariakaz batera ekimen hau garatzen. Artea tresna legez erabilita, umeei etorkizunean gizartean moldatzeko lagungarri izango jakezan baloreak ezagutu, aztertu eta ikasi ditue.


Euskal artistak

Ekimen honi esker, Guggenheim Bilbao Museoak bere misio estrategikoetako bat bete ahal izan dau, hau da, euskal artisten komunidadea museoaren proiektuetara hurreratzea eta proiektu horreekaz bat egitea. Hamar urteoetan artista sortu barriak zein euren ibilbidea sendotu daben beste batzuk izan dira ‘Artea ikasbidea’ programan.

Carmelo Argaiz, Aimar Arriola, Ines Carcoba, Alex Carrascosa, Oier Etxeberria, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Julio Hernandez Grima, Aiora Kintana, Roberto Landeta, Iratxe Larrea, Edu Lopez, Maider Lopez, Manu Muniategiandikoetxea, Mertxe Periz, Ana Isabel Roman, Jorge Rubio, Guillermo Sanchez Asua, Nerea Zapirain eta Begoña Zubero dira hamar urteotan ‘Artea ikasbide’ programan tailerrak emon dituezan artistak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu