Etsipenaren eskolea

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-06-13 02:00   Bidaide

‘Urrearen Triangelua’ dalako eskualdean dagoz batuta Asiako hego-ekialdeko arazo sozial, politiko eta ekonomikoak. Gitxiengo etnikoak bizi dira han, lurraldearen konposizino soziala kontuan hartu barik egindako mugen barruan. ‘Urrearen Triangelua’ Myanmar izeneko erregimen zapaltzailearen gerrillari birmaniarren leku bihurtu da.

Besoetan eta hanketan odoletan dituan zauriek argi ixten dabe. S.M. hiesak kutsatuta dago. Bederatzi urtegaz, eta ezelako botika barik, birusak umetxuaren gorputza arin hartu dau. Ez deutse kasurik egiten. Tailandiako iparraldeko etorkin birmaniar ilegala da. Gerrea, drogak, prostituzinoa eta pobrezia hur-hurretik bizi ditu. ‘Urrearen Triangelua’ dalako eskualdean dagoz batuta Asiako hego-ekialdeko arazo sozial, politiko eta ekonomikoak. Gitxiengo etnikoak bizi dira han, lurraldearen konposizino soziala kontuan hartu barik egindako mugen barruan. ‘Urrearen Triangelua’ Myanmar izeneko erregimen zapaltzailearen gerrillari birmaniarren leku bihurtu da. Ganera, Laosen produzidutako drogen trafikatzaile nagusiak be bertan dagoz, baita gizakien salerosketak egiten dituenak be.

Gaixorik egon arren, ondo dagoan egunetan S.M. eskolara joaten da. Banlan-eko eskolan, Myanmarreko mugatik zortzi kilometrora, ez dabe bazterrean ixten. Beste ume bat gehiago da. Gelak ganezka dagoz; danetara, 611 ikasle dira, ehun bat izan behar litzatekezan arren. Ikasleen % 70 Myanmar eskualdekoa da eta 16 ikasle baino ez dira tailandiako etnia nagusikoak. Gainontzekoak baso zarratuan bizi diran gitxiengo etnikoetakoak dira. Sei eta hamazortzi urte bitarteko umeak ‘Urrearen Triangelua’ dalakoan dagozan arazo guztien erakusle dira.

S.L hamabi urteko umea da eta orain dala hamar urte etorri zan Tailandiara biziten, errefuxiatu legez, familiagaz. Aita ‘Karen’ izeneko gerrillearen zerrenda baltzean egoan Myanmar-eko Junta Militarreko funtzionarioa izateagaitik. Familia salbetako bide bakarra, beste milaka kasutan legez, herrialdetik iges egin eta auzoko herrialdean errefuxiatu legez bizitea zan. Orain, baserriko lanak egiten ditu ‘orange garden’ laranja-enpresan. Beragaz batera, hainbat birmaniar dagoz. Halanda be, hilean kobretan dituan 3.000 baht (60 euro) ez dira nahikoa emazteari eta seme biei jaten emoteko. Horregaitik, S.L. semeak arratsaldeetan eta astegoienetan egin behar dau lan. Merkaduan banatzaile legez euro bat inguru irabazten dau egunean. ‘Edozer Myanmarrera bueltan joan eta nonork hil baino lehenago’, dino aitak.

Handik kilometro gitxira, banbuz eta egurrez egindako etxetxu batean K.S. erropak garbitzen dago plastikozko palangana batean. Tai etnia txikiko kidea da, birmaniar etorkin ilegala. Etxebizitzan gela bakarra dago eta aitak erabilten dau. Berak suetean egiten dau lo. Lurrean botata dagozan botilek argi erakusten dabe aitak arazoak dituala alkoholagaz. K.S. hamahiru urteko umeak lepoan dituan baltzuneek erakusten deuskue zer egiten dauen aitak mozkortuta dagoanean. Etxeko indarkeria arazo larria da planeta osoan baina, hemen, larriagoa. ‘Orokorrean, gizonezkoek emakumeak jo edota bortxatzen ditue, baita jentaurrean baragarri itxi be. Baina arazo hori umeek sufriduten dabe gehien, bai aitak eta baita amak be tratu txarrak eragiten deutsiezalako’, azaldu dau Banlan-eko eskolako zuzendari Vicharn Ngerntha-k.

N.T be muga-mugan bizi da. Hamalau urtegaz, familiako ama eta aita da bera. Amak orain dala hiru urte egin eban bere buruaz beste eta aita kartzelan dago betiko kartzela-zigorragaz droga trafikoagaitik. Berak bakarrik jagon behar ditu lau anai-arrebak. Halanda be, eskolara joateko astia ataraten dau. ‘Auzokoek jatekoa emoten deuskue, batez be arroza eta barazkiak. Laguntzino horri esker, eskolara joateko aukerea izaten dogu, etorkizun hobea izateko. Astegoienetan, danok joaten gara beharrera’. Danen artean 2.000 baht inguru irabazten ditue hilean (40 euros).

J.C. 9 urteko umetxuak inguruko nagusiek baino mundu gehiago ikusi dau. Orain dala urte bi, eskulan merkeagaitik personen trafiko ilegala egiten eben mafia batek hartu eban. Zorionez, poliziak herrialdearen erdialdeko Khon Khaen urian egindako operazino batean gaizkileen eskuetatik salbau eban, desagertu eta sei hilebetera. Milaka ume, urtean 200.000 inguru, ez dira horren subertedunak izaten. Orain, J.C. eskolara hasi da barriro, baina arazo psikologiko larriakaz eta inork be ez daki zer pasau zan sei hilebete hareetan.

Aitatutako kasuak ‘Urrearen Triangelua’ planetako lekurik zoritxarrenekoan topau daitekezan egoeren adibideak dira. Gizakiaren basakeriak sufriduten dituezan umeak eta emakumezkoak dira nagusi han. Tailandiako gobernua albora begira dago eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak argazkiak hobeto urteten daben beste leku batzuetara joaten dira. Bien bitartean, Banlan-eko eskolan egunez egun bizirauteko ahalegina egiten dabe, horrek inoren ardurea biztu ez arren.


Erreportaje hau Nazinoarteko Lan Erakundea eta UNICEF erakundeen laguntzinoari esker eginda dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu