Euskal literaturearen tabuen gaineko ikastaroa eskainiko dabe EIEk eta EHUk Bilbon

Bizkaie! 2007-06-12 02:00   Kulturea

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) ‘Tabuak euskal literaturan’ ikastaroa antolatu dabe alkarlanean. Bilbao Arte eta Kultura VIII. Topaketen egitarauaren barruan egingo da, bagilaren 28an eta 29an.

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) ‘Tabuak euskal literaturan’ ikastaroa antolatu dabe alkarlanean. Bilbao Arte eta Kultura VIII. Topaketen egitarauaren barruan egingo da, bagilaren 28an eta 29an, eta Ur Apalategi, Markos Zapiain, Anjel Erro, Leire Bilbao, Elena Laka, Jon Artatxo eta Xabier Barandiaranek parte hartuko dabe.

Gizartean dagozan tabuen aurrean idazleek zelako jarrerea hartzen daben eta zelan eta zer idazten daben izango dira aztertuko dituen gaietako batzuk. Era horretara, tabuen eraginez aparte idazleak euren lana egiteko gizartean guztiz autonomoak eta libreak diran argitzen saiatuko dira ikastaroan. Era berean, euskeraz idazten daben idazleek tabu berezkoak dituen ala ez jorratuko da, bai eta zeintzuk diran euskal literaturan sustatzen diran tabuak be.

Ikastaroan parte hartzeko matrikulea modu batera baino gehiagotara egin daiteke. Alde batetik, Arte eta Kulturako Topaketetako Ikasleen Idazkaritzan egin daiteke, EHUk Bilbon dauen Larrako Etxean. Posta arruntez be egin daiteke, aitatutako Idazkaritzearen helbidera matrikulea egiteko inprimakiagaz batera beharrezko agiri eta dokumentazinoa bialduz. Posta elektronikoz egiteko aukerea be badago, matrikula inprimakiagaz batera, beharrezko agiriak eta dokumentazinoa erantsiz:

Arte eta Kulturako Topaketetako Ikasleen Idazkaritzan

VIII. Bilbao Arte eta Kultura Topaketak
Ikasleen Idazkaritza

UPV/EHU
Larrako Etxea
Lehendakari Agirre etorbidea, 83 (Sarriko)
Bilbao 48015

Jentearentzako bulego orduak:

Goizez, 9:00etatik 13:00etara.
Tel: 94.601.71.43/11.
Faxa: 94 601 7117
e-mail: arteycultura@ehu.es

www.ehu.es
www.idazleak.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu