Hegaldi ‘merke’ faltsuak
2007-06-01 02:00 BidaideZelan da posible hegazkin-txartel bat etxetik aireportura taxiak kobretan deutsuna baino merkeagoa izatea? Galdera hori egiten deutsat askotan neure buruari eta seguru nago zuetariko askok be bai.
Zelan da posible hegazkin-txartel bat etxetik aireportura taxiak kobretan deutsuna baino merkeagoa izatea? Galdera hori egiten deutsat askotan neure buruari eta seguru nago zuetariko askok be bai. Konpainia batzuk, ganera, urrunago doaz eta ordu biko hegaldiak autobus-txartelak balio dauena baino merkeago eskaintzen deutsuez. Baina eskaintza horreen atzean, zelan ez, hainbat kontu dagoz erdi ostenduta eta bi hilebetetan Asiako hego-ekitaldean mueta honeetako konpainiakaz egindako hiru bidaietan sufridu behar izan dodaz.
Chiang Rai-Bangkok ibilbidea 15 euroan. Eskaintzea begien aurrean daukat, ordenadorearen pantailan. Prezio berean autobus batean 13 ordu pasetea ez da bape erakargarria. Goazen ba, erreserbea egitera. Ibilbideaz Air Asia konpainia arduratzen da, kontinenteko hegaldi merkeen konpainia nagusia. Orain dala bi urte sortu zan, ezerezetik, eta orain ehun Airbus A-320 hegazkin enkargau ditu.
Lehenengo desengainua erreserbearen bigarren pausuan hartu dot. Espero neban legez, jarleku gitxi batzuk baino ez dagoz prezio merke horreetan. Ganerakoak 30 euroan dagoz, erreserbea hiru aste lehenago eginda be. Halanda be, prezio hori erakargarria da oraindino. Tasak gehitukeran (mueta honetako hegazkin konpainien prezioak tasak gehitu barik egoten dira beti), txartela 40 euroan dago eta honezkero ez da horren merkea. Baina hirugarren pausura heldu orduko, bezeroa konbenziduta dago bidaia hegazkinez egingo dauela eta autobusean emon beharreko hamairu orduak ahaztu egin gura ditu. Izan be, hamabost euro gehiagogaitik...
Aireportura heldu gara, ni eta nire 23 kiloko ekipajea eta, hara ezustekoa! Edozein hegazkin konpainiatan onargarria dan zeozer, Air Asian arazo bat da. Hobeto esanda, niretzat da arazo bat, ezarritako pisutik pasautako zortzi kiloak pagau behar dodazalako... bost euro kilo bakotxagaitik, hau da, billete normalaren prezioa. Antza danez, ez naz diru-zorroa zabaltzen dauen bakarra. Azkenik, Chiang Rai — Bangkok ibilbidea 80 euroan egin dot, Thai Airways konpainiagaz baino karuago. Star Alliance programan dagoan konpainia horregaz 30 kilo eroan neikezan doban, hegaldian jaten emongo eustien eta aurretik jakingo neban zein jarleku izango zan nirea (gero, hegazkin barruan bategaz eta besteagaz burrukan ibili behar ez izateko). Beraz, hegaldi merkea ez da horren merkea izan...
Baina gizakiak ez dau sekula ikasten eta Air Asiara jo dot barriro, esperantzaz beteta. Kanbodiako uriburutik, Phnom Penh, Malasiakora, Kuala Lumpurrera joan behar naz. Argitaratutako tarifea 45 dolarrekoa da. Zelan ez, begiak hara joatzuz, beste hegazkin konpainien tarifak 120 dolarrean dagozalako. Oraingoan, tasak aireportuan pagetan diran legez, prezio hori azken prezioa izango dala uste dot. Baina ez. Hirugarren pausuan, prezioak gora egiten dau, erregaia dala eta. Aurreko kasuetan ez jat holakorik pasau eta gitxiago, ganera, ‘onura tasea’ dalakoagaz. Onura hori konpainiarentzako izango da, dinot nik. Dana dala. Honezkero, 65 dolarrean gagoz (amerikarrak).
Aireportura goraino kargauta ailegau naz, liburu guztiak eskuko ekipajean sartu dodazalako (fakturau beharreko ekipajearen pisua arintzeko). Ezta holan be. Barriro be, 8 kilo sobretan jataz, hau da, 38 dolar. Danetara, 103. Ontziratze txartelagaz (supermerkatuko ticketa emoten dauen arren), hegazkinera sartu naz, bateri eta besteari ukondokadak emoten lehiatilako jarlekuren bat lortzeko. Hegaldian, eskerrak, ez dago gorabehera lar. Hori bai, gosetuta nago baina ez deutset dolar bat be emongo zopa ziztrin bategaitik.
Oraindino, azken ezustekoa geratzen jat. Hegazkina ez da Kuala Lampur-eko aireportu ultramodernora ailegau, Air Asia konpainiaren terminal barri batera baino. Eraikin horretara oinez joan behar da (euria zein eguzkia izan) eta ‘kutrea’ dala esatea lartxu da. Maletak eskuz eroan behar ditue batetik bestera eta ez deuskuez burura botaten pisutsuak diralako. Uriburura joateko abiadura handiko trena hartzeko asmoa neukan baina orain taxi batek kobrauko deustazan 30 eta Air Asiak jarritako autobusaren 5 euroen artean aukeratu behar dot. Bigarrena aukeratu dot eta Kanbodiatik Malasiara ailegetan emon dodan beste denpora behar izan dot. Gustora pagau izango nituan 17 dolar gehiago erosotasun gehiago eskaintzen eustazan beste konpainiaren bategaz etorteko.
Ni benetan leloa naz antza ze hirugarrenez egin dot estropozu harri berean. Hori bai, aurreko hegaldi bietan bizitako esperientzia baino lehenago euki dot txartela hartuta. Oraingoan, Singapur — Bangkok ibilbidea egin behar dot. Printzipioz, 15 euroan dago salgai baina tasak ganeratuta 45 euro dira danetara. Niretzako zoritxarrez baina Air Asia konpainiarentzako zorionez, birritan aldatu behar dot hegaldia. Aldaketa bakotxagaitik 17 euro pagau behar dodaz, beraz, 80 euro bueltan dabil txartelaren prezioa, nahikotxu. Halanda be, Finnairrek eskainitako 98 eurokoa baino merkeagoa da.
Ah, bai, ahaztu ein jat: zelan ez, ekipajean pisu ‘gehiegi’ daroat, beraz, 16 euro gehiago. Oraindino, euro bi aurrezten dodaz. Ez dodana jakin da, aurrezteko helburuagaz, Air Asiaren ontziratze-atearen aurrean ez dagoala jarlekurik. Bai. Bidaiariak lurrean botata dagoz, dirutxua zeozertarako aurrezten dabe eta. Ganera, atea urrunen dago, etorkinak kontroletako postutik kilometro bira. Hori be gastuak murizteko izango da, baita segurtasun kontrol bakarra jartea be. Hori dala eta, itxaron-zerrenda luzeena geurea da. Lehio alboko jarleku bategaitik burrukan ibili ostean, lasaitzen ahalegindu naz.
Bangkok-en, barriro be, hegazkina beste puntan itxi dabe, terminaletik hainbat kilometrora. Ardien antzera, autobus ziztrin batean eroan gaitue eraikinera (ordu erdi) ekipajea jasoteko.
Ah! Hegazkinean, kafe bat hartu dot (zelakoa izan dan ez deutsuet azalduko ze lerdoa nazala pentsauko dozue), beraz, Finnair konpainiaren billeteagaz neukan euro biko aldea ezerezean geratu da.
Hasieratik gauzak ondo egin izan banituan, sari legez bidaia-miliak jasoko nituan eta ez nintzateke izerdituta ailegauko hotelera.
Ondorioa ezin dot burutik kendu: hemendik aurrera, ez deutset jaramonik egingo hegaldi ‘merkeei’.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!