XIX. Getxo & Blues, bagilaren 8tik 10era

Bizkaie! 2007-05-30 02:00   Musikea

Aurten artista handiak eta musikari gazteak batuko dira Getxon: Hash, Fito & Fitipaldis edo Flying Rebollos taldeetan ibilitako musikaria; Sherman Robertson, swamp blues, zydeco eta rhythm & bluesaren doinuak buztartuz; Buddy Guy, Chicago Blueseko izar handietako bat eta jaialdiari urrezko amaierea, barriz, Zora Young, hiru hamarkada luzeko ibilbidea dauen artista ospetsuak emongo deutso.

Aurten artista handiak eta musikari gazteak batuko dira Getxon. Lehen egunerako, Hash etorriko jaku, Fito & Fitipaldis edo Flying Rebollos taldeetan ibilitako musikaria. Hashen ondoren, Sherman Robertsoni helduko jako txandea, swamp blues, zydeco eta rhythm & bluesaren doinuak buztartzeko. Biharamunean aurtengo edizinoaren artistarik garrantzitsuenaren txandea izango da: Buddy Guy, Chicago Blueseko izar handietako bat. Jaialdiari urrezko amaierea, barriz, Zora Young, hiru hamarkada luzeko ibilbidea dauen artista ospetsuak emongo deutso.

Bagilaren 8tik 10era, jenteak soinu eta estilo nahaste aberatsaz gozetako aukerea izango dau, jaialdi desbardinen denporaldia abiarazoko dauen Getxo & Blues jaialdian. Aurten, gainera, emonaldiak Erromoko Santa Eugenia plazara itzuliko dira, betiko eszenatokira, azkeneko hiru urteotan bertan egin diran obrak amaitu ondoren. Urtero legez, kontzertuak 21:30ean hasiko dira, domekakoa izan ezik, 20:00etan hasiko baita. Sarrerea dobanekoa izango da.

Esandako moduan, Hash-ek emongo deutso hasierea Getxo & Bluesen edizino barriari, blues rock erritmoakaz, country, jazz eta rhythm & blues eta soul soinuen zipriztinakaz, oso eragin desbardinak batzen dituala erakutsiz: Fabulous Thunderbirds, Steve Ray Vaughan, Rolling Stones, The Band, Neil Young, Black Crowes, Otis Redding, Allman Brothers, Little Walker, Muddy Waters, Taj Mahal, Johnny Winter, Bob Dylan…

Hashen ostean, Sherman Robertson gitarrista eta abeslaria igoko da eszenatokira. Artista trebatu honek bere musikan estilo desbardinak batzen jakin dau, zydeco herritarra zein Louisiana padura eremuetako jatorrizko swamp bluesa, baita rhythm & blues, rock'n roll edo country musikea. Bere ibilbidean zehar Robertson Clifton Chenier zein Paul Simonegaz ibilitakoa da. Louisianako musikariak Getxon The Blues Move blues banda britainiar handienetako bategaz batera joko dau, 2003tik eurekaz dabil eta.

Getxo & Blues 2007ko kontzertu handia biharamunean helduko da, Buddy Guy Chicago Blueseko legendetako baten eskutik. Guy musika genero honetako figura eztabaidaezineko bat da, eta eragin izugarria izan dau Led Zeppelin zein The Rolling Stones banda historikoetan. Bost Grammy sari, eta 23 W.C. Handy sari irabazi ditu eta 2005ean ondo merezidutako lekua lortu eban Rock and Rollaren famaren aretoan. Berrogei urte luzeko jarduereagaz, Buddy Guyk blues munduko maisu ukaezina izaten jarraitzen dau.

Jaialdiko azkeneko kontzertuan, Zora Youngek abestuko dau; gospelaren munduan hasi eta ondoren rhythm & blues estiloa jorratu eban; honezkero, hogeita hamar urte luzeko ibilbidea egin dau. Bide horretan zehar, Boby Rush, Buddy Guy, Albert King edo B.B. Kingen mailako artistakaz ibili izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu