Bildurra eragiteko moduko museoa (II)
2007-05-16 02:00 BidaideTuol Sleng, edo S-21 kartzelea, sarraski handien ostean (Hitlerrek judutarren kontra egindakoa baino handiagoa) geratzen dan leku baltz horreetariko bat da. Phnom Penh uriburuan dago eraikina eta, odolik ikusi barik be, bildurra sartzen jatzu gorputzean.
Asiako hego-ekialdearen historia, batez be Indotxina eskualdekoa, odolez zipristinduta dago. Frantsesek, japoniarrek eta amerikarrek potentzia inbasore legez isuritakoa eta bertako biztanleek eurek isuritakoa txarto egindako deskolonizazinoek eragindako gerra zibiletan. Oihartzun handiena izan dauen gatazkea, duda barik, Vietnameko Gerra da: Ho Chi Minh-en gidaritzapeko iparralde komunistearen eta Estadu Batuen laguntzinoa eukan hegoalde kapitalistearen arteko gerra zibila. Gatazkea ikuspuntu desbardin batetik aztertzeko (vietnamdarrena), Saigoneko gerra-museora hurreratu gara. Lekua bihotza uzkurtzeko modukoa da, desagertarazo arte.
Halanda be, gatazkarik gogorrena ez zan ha izan, oraintsuago jazotakoa baino: Kanbodiako gerra zibila, hiru miloe lagun baino gehiago hil zituan sarraskia (herrialdeko biztanleen herena). Jereme Gorrien iraultzeak, Pol Pot genozidearen gidaritzapean (inoiz epaitu bakoa) errepublika komunista zurruna ezarri gura eban, uririk eta dirurik bakoa. Hainbat belaunaldi suntsitu zituen eta herrialdea miseria gorrira eroan eben (orain, egoera horretatik urteteko ahaleginetan dabilz). Gatazkeak 1998ra arte iraun eban, Nazino Batuen tropak herrialdera sartu arte.
Tuol Sleng, edo S-21 kartzelea, sarraski handien ostean (Hitlerrek judutarren kontra egindakoa baino handiagoa) geratzen dan leku baltz horreetariko bat da. Phnom Penh uriburuan dago eraikina eta, odolik ikusi barik be, bildurra sartzen jatzu gorputzean. Jereme Gorriek milaka ume, emakume eta gizon torturetako eta, azkenean, hilteko erabilitako eraikina zutunik dago oraindino, inork ez ahaztuteko edo. Harrigarriena hauxe da: atzora arte martxan egon dala emoten dau, izan be, gela gehienak eraikina hutsik geratu zan egunean moduan dagoz, ezer ukutu barik. Gauzak holan dirala, tortura-gelatan koltxoi bako ogeak dagoz, girgiluakaz. Bertan, presoei danetarik egiten jaken, ostean sua emoteko. Gero, gorpuari argazkia ataraten eutsen, eta orain, argazki horreek hormea ‘apaintzeko’ balio dabe.
Ez horren makabroa, baina bai harrigarria, ‘ariketa-gelea’ da. Oso handia da eta, hormetan, Tuol Sleng kartzelatik pasautako presoen irudiak dagoz. Arpegi lasaiak, tartean barretxuren bat edo beste eta hainbat ume izen bakoak, identifikazino-zenbakiakaz baino ez.
Hurrengo gelako argazkietan ez dagoz horrenbeste barre. Argazki honeetan lehengo gelan ikusitakoen gorpuak, zatituta eta itxurarik barik, agertzen dira. Termometroak 30 gradu markau arren, hemen barruan hotza sentiduten da. Isiltasuna erabatekoa da eta kartzelara bisitea egitera etorten ausartu diran kanbodiarren arpegietan negarra ikus daiteke, badakielako argazkietan euren familiako kideren bat edo beste dagoala. Halanda be, jemer idiosinkrasiak bultzatuta edo, ez dabe minik erakusten. Gerra zibila amaitutzat emon zanetik hamar urte pasau ostean, Kanbodian bakea besarkatzen hasi dira.
Gelarik gela ibiltea gatxa da. Bigarren pisura ailegaukeran, azaldu ezin dan sentimentuak gorputz osoa hartzen deutsu. Bertan, isolatutako presoen gelak dagoz, eskas-eskasak. Zigor-gelak be ikus daitekez, torturak egiteko erabilitako tresneria eta guzti, tartean ‘garrote vil’ dalakoa eta ‘bañerea’. Torturautako presoen argazkiek tresna horreek benetan erabili zirala erakusten dabe. Horman, koadro batzuk dagoz gerrako irudienak edo, hobeto esanda, gizakiek egindako sarraskienak. Berbarako: Jemer Gorrien soldaduak ume jaiobarriak airera botaten ‘plater-tiro’ dalakora olgetan.
Bigarren eraikinaren amaierara arte, arimea gorputzaren txoko batean ostendu izan balitz legez sentiduten dozu. Azkenengo gelatan, S-21 kartzelan hildako presoen gorpu batzuk ikus daitekez. Kalaberek ez dabe berbarik egiten baina laster igarten jakez hil baino lehenagoko torturak. Informazino-karteletan argi azaltzen da Historiako genozidiorik larriena izan zala: hiru miloe hildako baino gehiago, galdutako belaunaldiak eta herrialdea sutan. Orduan, mendebaldeko bisitariari galdera logiko bat etorten jako burura: zergaitik dakigu horren gitxi han jazotakoaren ganean?
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!