Kurutzearen izenean

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2007-05-15 02:00
Frankotarrek hildako abadeak

Datozan egunotan hainbat abade santutzarako bidean jarriko ei ditue Erroman. 1930eko hamarkadan, Espainian Errepublikea nagusi zala, kurutzearen izenean jarduteagaitik hildakoak hartuko dira gogoan eta geuk be gauza bera egingo dogu.

Datozan egunotan hainbat abade santutzarako bidean jarriko ei ditue Erroman. 1930eko hamarkadan, Espainian Errepublikea nagusi zala, kurutzearen izenean jarduteagaitik hildakoak hartuko dira gogoan. Horregaitik ba, Espainiako Abadeen Erakundeak deia zabaldu dau Erromara ahalik eta jente gehien joateko.

Ez ziran asko izan baina bateren bat akordauko da gure inguruetan be hainbat abade hil zituela, afusilauta, euren ideiakaz eta eurek egindakoakaz bat ez etorteagaitik. 1936ko gerra sasoian izan zan hori. Hamasei izan ziran guztira: Martin Lekuona eta Gervasio Albizu izan ziran lehenengoak, 1936ko urriaren 8ko gauean. Oiartzuarra lehenengoa, Errenteriko parrokian beteten zituan bere lanak; bigarrena Errenterikoa eta bertako abadea. Ondarretako kartzelan preso egon eta gero afusilau eben.

José Sagarna zeanuriztarraren historia beste behin be ekarri dogu orrialde honetara zehatzago. Berriatuko laguntzailea zala, Amalloan hil eben 1936ko urriaren 20an. Bera afusilau eben leku berean urte batzuk geroago, batzuk miraritzat hartu eben gertakizun bitxia pasau zan.

Alejandro Mendikute, ordiziarra, Donostian zan abade. Hernaniko kartzelan hamar egunetan preso egon eta gero Ondarretara eroan eben. 1936ko urriaren 24ko goizaldean hil eben. Bere anaiak, Hernaniko abadea, gorpua hartu eta lurperatu eban.

José Ariztimuño, Aitzol ezizenez ezagunagoa. Eleizeak eta euskal abertzaletasunak 1930eko hamarkadan izan eben pentsalari, mitinlari eta eragilerik garrantzitsuenetarikoa zan. Iparralden egoala, Galerna ontzian sartu eta Hegoalderantz etorrenean, frankotarrek itsasontzia preso hartu eben 1936ko urriaren 15ean. Ondarretako kartzelan egun bitan torturak jaso ostean hil eben.

Ikusten dogunez, frankotarrek urrian fusilau eben abade gehien. Urriaren 17an Jose Adarraga billabonatarra, eta Hernanin abadetzan egoana, Ondarretan kartzelaratu eta hil eben. José Joaquín Arin 61 urteko abadea. Billabonan jaiotakoa eta Arrasateko arziprestea zan. Ondarretan atxilotu eta 1936ko urriaren 25eko goizaldean hil eben. Beragaz batera hil zituen José Markiegi debarra eta parrokiako beste laguntzailea, Leonardo Guridi 40 urteko oñatiarra. Egun batzuk geroago Bizkaiko Etxebarrian, bere jaioterrian laguntzailea zan José Ignacio Peñagarikano hil eben Ondarretako kartzelan preso egon eta gero. Hilebete bereko 28an hil eben zerrenda baltz honetan hamargarrena egiten dauen Celestino Onaindia abadea. Markinar hau Elgoibarreko abadea zan eta 39 urte zituan fusilau ebenean.

Jorge Iturrikastillo Marineko abadea zan. Elgetan jaiotakoa, 34 urte zituan gerrea hasi zanean. Akilino Aierdiren esanetan, frankotarrek ‘engainauta’ eroan eben. Enterru baterako behar ebela eta, Marinetik atara arazo eben abadea. Handik, Ondarretara eroan eta 1936ko zemendiaren 7an hil eben.

José Otañoren kontakizuna nahiko berezia da. Abade napar hau Tolosako komentuan egoan. Gerrea hasi zanean Donostian ostendu zan, komentuan. Egunez han geratzen zan baina gauez kalera urteten eban paseoan. Kontua da, antza danez komentukoren batek salatu ebala eta behin, paseoan urtekeran, itxaroten egozan gizonek atrapau eta atxilotu egin eben. Ondarretara eroan eta 1936ko urriaren 24an fusilau eben.

Leon Urtiaga karmeldarraren kasua be berezia da. 1937ko maiatzaren 19an fusilau eben Zornotzako Etxanon. Hilteko agindua Gerardo La Lastra teniente koronelak emon eban eta Serapio Altuna Oriamendi batailoiko kapitainak egin eban. La Lastra ahalegindu zan beste bi abade gehiago hilten, Rafael Urionaguena eta José Domingo Ugartetxea, baina bertan egoan Bernardo Astigarraga Begoñako abadearen aholkua jarraituta, ez eban egin. Dana dala, La Lastra berak be ez eban asko iraun bizirik, hiru egun geroago Altsasutik hur izandako auto istripu batean hil zan eta.

Zerrendako azken abade bien datu gitxi dagoz. Luko edo Lupo izenekoa naparra zan eta, Gasteizko Karmeleko komentuan preso egon ostean, Iruñarako bidean fusilau eben. Azkena jatorriz Korellakoa eta Larrean, Zornotzan, abadegaitza beteten egoan gizona da. Antza danez, Legution preso hartu eta Gasteizko ospitale batean egoan zauriak osatzen. Handik atara eta hil egin eben.

Hauxe ba Euskal Herrian frankotarrek hildako hainbat abaderen zerrendea. Fusilautako abadeak, kurutzearen izenean izandako portaeragaitik hil zituen, hiltzaileek horrenbestetan aitatzen eben 'kurutz' berbearen izenean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu