Bildurra eragiteko moduko museoa (I)
2007-05-04 02:00 BidaideBangkok-eko (Tailandiako uriburua) ospitale garrantzitsuenean burutik sano dagoan edonork imajinau ezineko museo makabro bat dago. Siriraj-eko Auzitegiko Mediku Museoa da.
Bangkok-eko (Tailandiako uriburua) ospitale garrantzitsuenean burutik sano dagoan edonork imajinau ezineko museo makabro bat dago. Siriraj-eko Auzitegiko Mediku Museoa da. Bertan, herrialdea Homo Erectus dalakoaren sorburutzat joten daben azken aurkikuntza arkeologikoez gan, gizakiaren malformazino bildurgarriak, fisikoak zein burukoak, erakusgai dagoz. Holan, erretzaile baten birikien itxurea zelakoa dan ikus daiteke. Duda barik, bizioa ixteko gogoa emoten dau.
Museoa ospitalearen parte fisiko bat da eta bertaraino ailegetea ez da bape erraza. Ia eraikin guztia pasau behar da oinez eta ikusten zoazena gero museoan ikusiko dozunaren aurrerapen zehatza da. Ganezka dagozan itxaron-gelak, larrialdietarako gunea kolapsauta, jentea lurrean jesarrita... Zentro honetan, eskertzekoa da osasuntsu egotea eta suberterik onena opa deutsazu zeure buruari. Baina ezin leike konparau Siriraj Museoan ikusiko dogunagaz.
Sarrereagaitik 40 baht (euro bat) pagau dituan bisitariaren atentzinoa erakarten dauen lehenengo gauzea kartel erraldoi bat da. Bertan, 2004ko abenduaren 26an Asiako hego-ekialdea suntsitu eban tsunamiak eragindako kalteak erakusten dira, argazkietan. Siriraj-eko ospitaletik, hainbat auzitegiko mediku aditu bialdu ziran hildakoen gorpuak identifiketako eta, bide batez, zaurituen egoerea aztertzeko eta tratamentu bereziak jarteko. Argazki horreen atzean, bisitariak ohiko zaurien irudiak ikusiko ditu baina hori baino gogorragoa da telebista pantaila batean ikusten dan bideoak erakusten dauena. Bideoa osorik ikusi ahal izateko, barrena behar da. Ganera, aitatu be ez dot gura egin gorpuak zelan dagozan eta ez dakit zuzenena dan, etikeari jagokonez, argazki horreek erakustea.
Batzuentzat gusto txarrekoa izan arren, beste batzuentzat bideoa errealidade gordina islatzeko bide zuzenena da, muturreko larrialdi egoera haren aurrean mediku-taldeek egindako lanaren erakusle bikaina. Egia esan, ez dau inor epel ixten baina hurrengo pausua ez da gozoagoa.
Ellis medikuaren Patologia Eremua da. Ellis doktorea amerikarra da eta 1920an mueta horretako Tailandiako lehenengo gelea zabaldu eban. Danetara, organoen 4.000 lagin baino gehiago eta gaixotasunek suntsitutako gorpuak gordeten dira bertan. Munduan mueta horretako bildumarik handienetarikoa da eta, duda barik, interes berezia sortarazoten dau. Bitxikeria makabro legez kontauko deutsuet Ellis medikuaren eskeletoak jagoten dauela gelea.
Mediku amerikarraren erakusgaien ondoan (tartean mutazinoak daukiezan fetoak be badagoz), forense-gunea dago. Bertako altxorren artean hainbat hilketatan hildakoen gorpu momifikatuak dagoz eta baita herrialdeko lehenengo hiltzailearena be, ejekutau egin ebena. Erakusgai horreen helburua medikuntza-ikasleei arma desbardinek gizakiaren gorputzean eragiten dituan ondorioak erakustea da. Formol likidoan gordetako benetako gorpuez eta gorpu zatiez gan, komisaldegi bateko giltzapeko kutxa batean gordeta hobeto egongo litzatekezan irudi batzuk be badagoz.
Honezkero gonbitau ez dabenentzat, gehiago dago, baina irudi suabeago eta interesgarriagoakaz. Gune parasikologikoa da horren erakusle nagusia. Bertan, malaria edo dengea lako gaixotasun kutsagarriek eragiten dabezan kalteak azaltzen dira. Azalpena osotzeko, oraindino be herrialde azpigaratuetan benetako sarraskiak eragiten dituen gaixotasun horreen kontra emondako pausuak jakinarazoten dira. Holan, herritxuen irudiak eta mikroskopioz birusei ataratako argazkiak dagoz ikusgai.
Baina adi danok. Oraindino gune anatomikoa geratzen jaku. Bertan, harro-harro, giza gorputzaren nerbio-sistema eta sistema-kardiobaskularra erakusten dira, gorpua eskuz zatitu ostean. Lan zorrotza da, duda barik, eta aurreko geletan pasetan danaren kontrara, interesgarria be (baina atsegina, ez) gure gorputzaren organismo berezia eta konplejua ezagutzea. Sistemek osotzen daben izarraren inguruan milaka organoren zatiak dagoz, tartean garun bat.
Amaitzeko, bisitaria, sufridutakoak sufriduta, osteratxua zeozelan gozotzeko gunera helduko da. Antropologia eremuan, giroa guztiz desbardina da, hildakoak egon arren. Antropologo batek Historiaurrean armak eta kutxiloak egiteko erabilten zituen teknikak azaltzen ditu zuzenean eta, ganera, Tailandian azken mendean egindako gizaki prehistorikoen inguruko aurkikuntza arkeologikoen barri be emoten da. Eta, esfortzu apur bategaz, aurkikuntza horreetan parte hartu daben eta museoan beharrean dabizan arkeologoak gida lanak egiteko prest egongo dira.
Planetako eraikin makabroenetik kanpo, bizitzea aurrera doa. Ohikoena ospitaletik gogo txarragaz urtetea da. Kasu honetan, baina, guk aukeratu dogu sentsazino hori bizi izatea. Baina laster bisitauko dogun bildurraren museoan sentidutakoa, ez. Kasu bietan, hoba zinemara bagoaz komedia polit bat ikustera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!