Urtero legez, erlijino-musikea nagusi Ziortzan eta Markinan
2007-05-04 02:00 MusikeaMaiatzeko astegoienetan, Ziortzako barruti erlijioso historikoa eta Markina Xemeineko eleizea musikaz jantziko dira Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailak martxan jarritako ‘Ziortzako Kontzertuak’ programeari esker.
Maiatzeko astegoienetan, Ziortzako barruti erlijioso historikoa eta Markina Xemeineko eleizea musikaz jantziko dira Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailak martxan jarritako ‘Ziortzako Kontzertuak’ programeari esker. Aurten, 19. edizinoan, barriro be nazinoarteko izen handiko artistak egongo dira, baita erlijino-musikan adituak diran euskal musikaririk onenak be. Danetara, sei kontzertu egingo dira. Jakina danez, Ziortzako barrutian Euskal Herriko organorik zaharrena dago eta bertan hasiko da aurtengo programea.
Lau kontzertu Zenarruzan eta bi Markina-Xemeinen
Aurtengo edizioa kolegiata zaharrean hasiko da maiatzaren 5ean (zapatua), Europa Galante izeneko talde barrokoaren eskutik eta Fabio Biondi zuzendariaren gidaritzapean.
Bigarren kontzertua maiatzaren 6an (domekea) egingo da. Egun horretan Les Passions orkestrea izango da protagonista. J. Sebastián Bachen eta D. Buxtehuderen lanak interpretauko ditu laukoteak, ‘Lübeckera bidaia’ izenagaz.
Hurrengo astegoienean, maiatzaren 12an (zapatua), emonaldi berezia izango da Kolegiatako XVII. mendeko organoagaz. Organoaren musikeagaz batera, dultzainea, txirulea eta sopranoaren ahotsa tartekatzen dituan La Stravaganza taldea izango da protagonista.
Domekan, maiatzak 13, barruti erlijiosoak euskal taldeei egingo deutse harrerea, Conductus Ensemble abesbatza eta orkestreari, hain zuzen be. Talde horrek, Andoni Sierraren zuzendaritzapean, J. S. Bachen Pasinoa San Juanen liburutik lana eskainiko dau.
Ziortzako lau kontzertuez gan, maiatzeko azken astegoienean beste bi emonaldi eskainiko dira Markina-Xemeineko Andra Mari eleizan. Lehenengoa, errepertorio barrokoagaz, Bios Orkestra Sinfonikoak emongo dau zapatuan, maiatzak 19, Pedro Gandía biolinistearen gidaritzapean. Domekan, maiatzak 20, Ceske Budejovice Ganbera Filarmonika etorriko da, W. A. Mozarten azken sinfoniagaz amaituko dan egitarauagaz.
Kontzertu danak arratsaldeko seiretan izango dira eta doban.
Autobus zerbitzua
Aurreko urteetan legez, Bizkaiko Foru Aldundiak autobus zerbitzu berezia jarriko dau bertara errazago heltzeko. Autobusek arratsaldeko lauretan urtengo dabe Bilbotik (Errekalde zumarkalea, 30) eta bidaia bakotxa 4,15 euro izango da (6 bidaiak egin gura badira, 18,60 euro). Emonaldien amaieran, autobusak Bilboko puntu berera bueltauko dira. Ganera, aparkalekuetatik Kolegiatara igoteko etenbako garraio zerbitzua be egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!