‘Kantu Kantari’, koru-musikea Bilbon maiatzeko barikuetan

Bizkaie! 2007-05-03 02:00   Musikea

Bilboko hiru abesbatzek koru-musikea ezagutzeko aukerea eskainiko deutse uriko 4. barrutiko (Santutxu, Begoña, Boluetako) herritarrei.

Bilboko hiru abesbatzek koru-musikea ezagutzeko aukerea eskainiko deutse uriko 4. barrutiko (Santutxu, Begoña, Boluetako) herritarrei. Kontzertuak maiatzeko barikuetan izango dira Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailak antolaturiko ‘Kantu Kantari’ programearen barruan. Auzo horreetako herritarren artean musika korala bultzatu eta taldeak ezagutarazotea da ‘Kantu Kantari’ programa barriaren helburua.

Ekimenaren lehen edizino honetan dobako hiru kontzertu hartuko ditu Bilboko El Karmelo parrokiak, maiatzeko barikuetan, 20:45etik aurrera.

Lehen saioan, maiatzaren 4an, Jatorki Abesbatza izango da protagonista. Orain 34 urte hasi eban abesbatza honek ibilbidea eta euskal musikea eta nazinoarteko egileen musikea buztartzen dauen doinu bilduma aberatsa darabil. 18 gizon-emakumek osotzen dabe gaur egun abesbatza, eta kontzertuan bederatzi pieza eskainiko ditue, ‘Ave María’, ‘Contrapunto bestiale alla mente’ edo ‘Ene Izar maitia’ lako doinuak tartekatuz.

Hainbat sari irabazi ditu talde honek, eta urtez urte musika munduan lan egiten eta laguntzen jarraitzen dau abesbatzak, euskal kultureak emon dauen arte adierazpen aberatsenetako bat denporan mantenduz.

Maiatzaren 11n, Euskeria Abesbatzaren txandea izango da. Musika korala Euskal Herriko kultur ondarea zabaltzeko tresna egin nahi dau Euskeria Abesbatzak: hizkuntzea, ohiturak eta pentsamoldea dira orain 25 urtetik abesbatza honetako kideen ahotsek transmitiduten dituen baloreak.

Euskal Herriko musikea beste herri batzuetako doinuakaz nahasten dituen arren, talde honen musika bilduma guztia euskeraz da, orain mende bat baino gehiago Euskeria izenagaz lehen orfeoi bat sortzera bultzatu eban filosofiagaz jarraituz.

Talde honen desagerpena dala-eta, 1978an beste izen bereko orfeoi bat sortzea erabagi zan. Aurrekoaren helburu bardinak dituan orfeoi barri honek ekintza kultural desbardinetan parte hartzen dau urtez urte: Olentzero, Santa Ageda, Begoñako Abesbatzen Astea, Udabarriko Kontzertuak edota Bilboko Bariku Koralak.

Gizon eta emakumeek osotutako 40 ahots baino gehiagoko talde honek doinu bilduma zabala dauka. Bilduma horretatik, 12 abestiz osotutako kontzertua eskainiko dabe maiatzaren 11n.

Azkenik, maiatzaren 18an Txori Kantari-Ahots Zuriak Abesbatzak abestuko dau. 1989an Santutxuko Maria Reina parrokiaren magalean jaio zanetik, Bilboko auzo honetako hainbat gazte ibili dira Txori Kantari-Ahots Zuriak abesbatzan.

Hainbat kideren beteranotasuna partaide barriakaz batzen da gaur egungo taldean, eta konbinazino hau abesbatzaren doinu bilduman be islatzen da, gaur egungo joerakaz bat eginez baina oinarriak ahaztu barik. Kasu honetan taldeko txikienek eskainiko dabe kontzertua, El Karmelo parrokian.

Euskal Herrian (Begoñako Abesbatzen Asteak, Euskadi-Aquitania Abesbatzen Biltzarrak, BAEko Udaberriko Kontzertuak, Bilboko Udaleko Bariku Koralak) zein Euskal Herritik kanpo be ibilbide zabalekoa da abesbatza hau, Zamora, Madril, Salou, Konpostelako Santiago, Salamanca, Asturias edo Huescan zehar ibili baita emonaldiak eskaintzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu