Izenik bako ejerzitoa

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2007-04-26 02:00
Euzkadiko gudarostea

Aurtengoa memoriaren urtea dala eta behin eta barriro jatorku gogora 1936ko gerrea. Gerra horrek Euskadin izan eban protagonistarik nagusiena euskal ejerzitoa izan zan. Beraz, Euskadiko Ejerzitoaren gainekoak kontauko deutsuedaz.

Aurtengoa memoriaren urtea dala eta behin eta barriro jatorku gogora 1936ko gerrea. Gerra horrek Euskadin izan eban protagonistarik nagusiena euskal ejerzitoa izan zan. Beraz, Euskadiko Ejerzitoaren gainekoak kontauko deutsuedaz.

Euzkadiko Gudarostea, hauxe zan euskal ejerzitoaren izen ofiziala EAJk antolatutako Euzko Gudarostearengandik bereizteko, Ejerzito Errepublikarreko atal bat zan. Hain zuzen be, Errepublikarrek hainbat zatitan sailkatu eben euren ejerzitoa; horreetariko zati bat Iparraldeko Ejerzitoa zan. Ejerzito hau hiru atalek osatzen eben: Euskalduna edo Lehena, Kantabriarra edo bigarrena eta Asturiarra edo hirugarrena. Iparraldeko Ejerzito honen buru Llano de la Encomienda jenerala zan.

Ejerzitoa berez, alderdi politikoak, sindikatuak zein beste era bateko taldeek, euskaldunen kasuan Euzko Mendigoizale Batzako aisialdirako taldeek eratutako konpainiak osotzen eben. Konpainia honeek gerrea hasi zanetik batutako gudariek beteten zituen. Konpainia bakotxean 100etik 200era persona batzen ziran, gehienak gizonezkoak baina emakumeren bat be baegoan tartean. Honeetariko konpainia batzuk, Gipuzkoan burrukatu eben, esaterako Elgezabal, Bala Roja edo Meabe Zutabea deitutakoak.

Gerrea aurrera joan ahala, agintariek konpainia barik, frankistei aurre egiteko talde handiagoak behar zirala ikusi eben. Halan ba eratzen ebilzan konpainia desbardinak batuz zein izena emoten ebilzan gudari barriekaz, batailoiak eratu ziran. Batailoi bakotxak lau bat konpainia hartzen zituen gehi ametrailadora (orduan zuizkilazkarrak deitutakoak) konpainia bat. Abertzaleen kasuan konpainia bakotxak bere izen propioa eukan. Gero mezuak hartu eta bialtzeko atal bat eransten jakon batailoi bakotxari. Danetara, 750en bat gudarik hartzen eben parte batailoi bakotxean. Danak komandante edo nagusi baten aginduetara egozan eta konpainia bakotxean kapitain bana. Batailoi bakotxean komandante intendente bat be baegoan. Batailoietako izenak era guztietakoak ziran: Rusia, Leandro Carro, Arana Goiri, Rosa Luxemburgo, beti be alderdi zein sindikatu edo aisialdirako taldeek, euren ideologiagaz zerikusia euken pertsonaiak, leku historikoak edo herrialdeak eredu hartuta.

Euskal Autonomia Estatutua onartu zanean, José Antonio Agirre izentau eben Lehendakari. Beregan hartu eban Defentsa Saila eta euskal ejerzitoa bere aginduetara ipinten ahalegindu zan. Baina honetan ez egoan konforme, Iparraldeko Ejerzitoko burua zan Llano de la Encomienda jenerala. Honek hainbat ezbai izan zituan Agirregaz. Esaterako nahiz eta Llanok batailoiak brigada zein dibisinoetan batzea eskatu gerrea hasi eta berehala, Euzkadiko Gudarosteak ez zituan haren aginduak bete 1937ko apirilera arte. Bardin pasau zan errepublikarrek jarritako komisario politikoakaz, euskal ejerzitoan berandura arte agertu ez zan kontua.

Ez da erraza zehaztea zenbat lagunek osotzen eben euskal ejerzitoa ezta zenbat batailoik gerrea aurrera joan ahala, batailoi barriak eratu eta beste batzuk dezagertzen joan ziralako. Gitxi gorabehera esan geinke apirilaren azkenetarako ia 40.000 gizon-emakume zirala gudari. Oinezko edo infanteriako 85 batailoi egozan, euretariko batzuk oraindino osotze prozesuan. Horrezaz aparte, beste 15 bat injineru edo zapadore-batailoi ziran. Azken honeen lana lubaki edo trintxerak egitea baino ez bazan be, sarri arerioen kontra burrukatzea be tokau jaken.

Esan dogun moduan, batailoi bakotxa alderdi politiko edo sindikatu edo talde desbardinak antolatuta egoan, eta lehenengo eta behin haren aginduak hartzen zituan. Ideologia nagusiak harturik, abertzaleek (hemen sartu beharra dagoz EAJ eta EAE alderdiak, EMB aisialdirako taldea, zein ELA sindikatua) 30 oinezko batailoi zituen. Danetara, 15.000 gudaritik gora. Sozialistek (UGT sindikatukoak zein JSU gazte sozialistak) 20ren bat zituen martxan, 13.000 lagun ingurugaz. Komunistak 9 batailoi eta anarkistak 7 ziran beste talde garrantzitsu batzuk. Azkenik, errepublikarrak (IR eta UR alderdi politikoak) 3 batailoi baino ez zituen prest apirilerako.

‘Euzkadiko Ejerzito’ honek behin eta barriro ekin eutson frankistei aurre egin guran, baina ezinezkoa izan zan, batez be, matxinautakoek, kanpotik alemanen zein italiarren laguntzinoa izanda, askoz be arma indar handiagoa eukelako; hori nabaria zan artileria eta hegazkinen kasuan. Gauez gudariek hartutako lekuak, esaterako, Intxorta, Bizkargi, Sollube edo Ganzabal, egunez eta hegazkineri esker, frankisten esku geratzen ziran.

Eta holan igaro eben gerrea euskal ejerzitokoek, beti atzeraka. Azkenean Bizkaia frankisten esku geratu zanean, gudariek Kantabriarantz jo eben, baina abertzaleen ustez euren lurraldetik kanpo ez egoan burrukatzerik eta, Santoñan italiarrakaz adostu eben armak bertan behera ixtea. Edozelan be, beste batailoi batzuk ahalegindu ziran Kantabria zein Asturiasen burrukatzen. Baina gehienak frankisten esku geratu ziran 1937ko abuztu aldera.

Hortxe amaitu zan gudarientzako urte t´erdiko infernua eta hortxe hasi berrogei urteko kalbarioa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu