Barandiaranen euskal folklorearen ganeko boletinak berrargitaratu ditue

Bizkaie! 2007-04-18 02:00   Kulturea

Labayru Ikastegiko Etnografia Arloaren laguntzinoagaz, José Miguel de Barandiaran Fundazinoak Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios (1921-1941; 1947-1975) argitalpenaren liburuki biren berrargitalpen faksimilea aurkeztu dau.

José Miguel de Barandiaran Fundazinoak Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios (1921-1941; 1947-1975) argitalpenaren liburuki biren berrargitalpen faksimilea aurkeztu dau Labayru Ikastegiko Etnografia Arloaren laguntzinoagaz. Ander Manterola eta Gurutzi Arregi arduratu dira edizinoaz eta egileak erabilitako bibliografiaren eta gai zein termino mitologikoen aurkibide analitikoa egiteaz.

1921eko urtarrilean, On José Miguel de Barandiaran lau orrialdeko hileroko boletin bat argitaratzen hasi zan Gasteizen, Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios izenburuagaz. Zenbaki bakotxean, Euskal Herriko herri ugaritako bizilagunetatik jasotako kondaira, tradizino, sinismen edota ohitura herrikoien barri emoten eban, horretarako galdetegi labur bat erabilita. Era berean, irakurleek euren inguru hurretik jasotako antzeko sinismen edo praktikak be batzen zituan.

Pentsamolde herrikoia islatzen eben testigantzak erregistrau eta batzeko metodo horri egiten eutson erreferentzia Materiales y Cuestionarios azpitituluak.

Gerraurrean, argitalpenak hedapen nabarmena izan eban eta, gauza txikia zanez, normalean ‘Hojas de Eusko-Folklore’ izenagaz ezagutzen zan.

Eusko-Folklore argitalpenak bide barria emon eutsen folklorearen esparruan ordura arte egiten ziran lanei. Ikerketa metodoari jagokonez, fideltasunaren eta zehaztasunaren printzipioa finkatu eban, sasoi haretan hainbestetan erabilten ziran jolas literarioak albo batera itxita. Zuzenean jasotako informazinoari datea eta lekua jarten eutsen, baina, ganera, informazino-emoilea be identifiketan eban; kondairak, esamoldeak, narrazinoak eta ipuinak ziranez, idatzizko transkripzinoa ahalik eta gehien hurreratu behar zan ahozko testigantzara, informazino-emoilearen estiloa eta euskalkia errespetauta.

Modu horretan, Eusko-Folklore argitalpenak modu aitzindarian eskaintzen zituan gaur ‘etnotestu’ deitzen diran dokumentuak, beste diziplina batzuetatik (berbarako, linguistikatik edo dialektologiatik) be aztertzeko modua emoten dabenak.

Buletinak zenbait etenaldi izan zituan argitaratzeko momentuan; larriena gerra zibilaren (1936-1939) ondorioz sortutakoa izan zan, zuzendaria erbestera joan behar izan zanean. Baina Barandiaranek ekinean segidu eta bigarren serie bat argitaratu eban Saratik (Lapurdi), euskeraz eta frantsesez. Hego Euskal Herrira bueltaukeran (1953), hirugarren serieari ekin eutson Donostian, eta lan horrek 1975era arte iraun eban.

Liburuki biko edizino honek Eusko Folklore. Materiales y Cuestionarios. 1921-1975 bilduma osoa jasoten dau, jatorrizko forma eta bertsinoan, eta argitalpen seriatu, datatu eta zenbakitu legez.

Argitalpenaren 188 zenbakiotan, On José Miguel de Barandiaranek folklore espiritualaren txokorik gordeenean apurka-apurka lortutako emoitzak lotzen ditu buletinak. Era berean, jakituria herrikoiaren ikerlari legez egin eban lanetik hurren dagoan argitalpena da, eta ondoren egin zituan beste lan batzuen oinarria be bada. Lan horreen artean dago, besteak beste, Diccionario de Mitología Vasca.

Gaur egun gatxa da ikerketa-buletina oso-osorik topetea. Izan be, zenbait erakunderen babespean, lehenengo Gasteizen argitaratu zan; gero, traba askogaz, Baiona eta Saran; eta, azkenik, Donostian. Gainera, aleak orri solteetan banatu ziran, edo beste argitalpen batzuen gehigarri edo separata legez.

Edozelan be, Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios argitalpena gure ondare bibliografikoan egoteko moduko merituduna da, arlo humanistikoan esanguratsua izan zan aldizkari legez.

Barandiaran Fundazinoaren argitalpen honek Eusko Jaurlaritzearen, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu