Sariketa, bertsopaper eta enparauak

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2007-04-12 02:00   Bertsolaritzea
XXXVII. Osinalde sariko finalean ondokoek kantauko dabe: Aitzol Barandiaran ataundarrak, Alaia Martin oiartzuarrak, Ander Lizarralde eta Arkaitz Oiartzabal oiartzuarrak, Beñat Gaztelumendi añorgarrak eta Uxue Alberdi elgoibartarrak.

Antxina barik sariketen ugaritasunaren ganean berba egin genduan. Orduan, Abra Saria, Orixe Saria eta Bertsolari Gazteen BBK Sariketea oraindino jokatu barik egozan. Abra sarian Aitzol Barandiaran gailendu zan, Orixe Sariketan Unai Agirre izan zan onena eta Ipar Uriberaino joan zan BBK Sariketea.

Badago baina, aurreko artikulu horretan aitatu eta jokatu barik dagoan final bat. XXXVII. Osinalde sariaren azken asaltoa jokatuko da zapatu honetan, apirilaren 14an, Gabirian, Osinalde alkartean. Finala osotuteko egin diran hiru saioetatik, saio bakotxeko bi onenak egongo dira bertan kantari. Argi berri saritik Aitzol Barandiaran ataundarra eta Alaia Martin oiartzuarra sailkatu ziran finalerako, Axari saritik Ander Lizarralde eta Arkaitz Oiartzabal oiartzuarrak eta Aztiri saritik Beñat Gaztelumendi añorgarra eta Uxue Alberdi elgoibartarra. Gabiriara urreratu ezkero, saio parekatua ikusteko aukerea izango dozue.

Seguru final horretako edo errima eta neurria buruan darabilten hainbat gaztek ondo ezagutzen dituela bertsopaper lehiaketak. Sariketen ugaritasunari buruz berba egin bagenduan, bertsopaperen mundua ez da urriagoa. Horren erakusle dira gazteentzako eta ez horren gazteentzako egiten diran Eskolarteko lehiaketa idatziak, Garriko, Okelar, Lazkao Txiki lehiaketa, Arratiko koplak eta beste horrenbeste sari.

Horregaitik, lehiaketa horreetan idazten hasi gura dabenentzako hemen da Xabier Munibe bertsopaper lehiaketea. Euskal Herriko edozein ikastetxetan dabilen gaztea izan daiteke parte-hartzailea. Lau edo sei bertso idatzi beharko dira gai libre baten inguruan. Beti legez, kartazalaren ganean bertsoaren izenburuak eta goitizenak jarri behar dira eta barruan egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, ikastetxearen izena eta ikas-maila. Hona hemen helbidea: Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe, XVI. Bertsopaper lehiaketea, Estrada auzoa 115, 75.postakutxatila, 20720 Azkoitia (Gipuzkoa). Maiatzaren 11a baino lehenago aurkeztu behar dira lanak.

Beste alde batetik, honezkero badakigu nortzuk diran Beasaingo Arrano K.E. antolatutako Neguko Bertsopaper Lehiaketearen irabazleak. Helduen atalean, Uxue Alberdi elgoibartarra ‘Yan Xiaoren azken zigarreta’ lanagaz; gazteen atalean, Ane Labaka ‘Sutondoan, garai zaharrak gogoan’ izenburukoagaz eta lehen goierritarra Ainhoa Mujika izan da ‘Kriskitin bat eta…’ bertsoakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu