UEUk ‘Buruxkak’ liburutegi digitala abiarazo dau
2007-04-12 02:00Udako Euskal Unibersidadeak ‘Buruxkak’ liburutegi digitala aurkeztu dau. Egitasmo barriaren helburua unibersidade mailako materiala erabiltzaileen esku jartea da, batez be unibersitario euskaldunen eskura, ikertu, ikasi zein konsultetako. Dobako zerbitzu hau www.buruxkak.org helbidean topatu daiteke.
Udako Euskal Unibersidadeak ‘Buruxkak’ liburutegi digitala aurkeztu dau. Egitasmo barriaren helburua unibersidade mailako materiala erabiltzaileen esku jartea da, batez be unibersitario euskaldunen eskura, ikertu, ikasi zein konsultetako. Dobako zerbitzu hau www.buruxkak.org helbidean topatu daiteke.
‘Buruxkak’ liburutegi digitala aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dabe gaur Bilbon Lore Erriondo UEUko zuzendariak eta Xabier Isasi UEUko Argitalpen arduradunak.
Erriondoren esanetan, ‘34 urteko ibilbidean, UEUk 360 liburu atara ditu’, EHUgaz batera, esparru honetan ekarpen handiena egiten dauen erakundea izanik.
Halan da be, beste hizkuntzakaz konparauta, oraindino unibersidade mailako euskerazko dokumentazino bolumena ‘oso urria’ dala nabarmendu dau, eta euskal adarreko ikasleak esku-liburuakaz ikastera ez dagozala ohituta gaineratu, ‘apunteak baitira euren ikasketen ardatz’.
’Hezkuntzearen alorrean dihardugunok badakigu zein garrantzitsuak diran ikas-materialak. Ikusi besterik ez dago lehen eta bigarren hezkuntzan egun erabilten diran testu-liburuak zein landuta dagozan. Baina ez bakarrik itxura eta maketazinoaren aldetik, baizik eta aurrez ondo diseinautako hezkuntza planaren kate begiak diralako’, azaldu dau.
Halan da be, euskerazko unibersidade mailako testugintzan holakorik ez dala gertatzen adierazo dau, ‘ez behintzat osotasun ikuspegi batetik, oraindino euskerazko testuliburuak erabilten dituen ikasketak gitxiengoa baitira’.
‘Corpus hori osotu ezean, nekez garatuko da bere osotasunean gure jakintza. UEUk bere egiten dau erronka hau eta, hori dala eta, saiatzen da corpus hori eten barik elikatzen. Horregaitik, gaur aurkezten dogun egitasmoa ur tantak itsaso bilakatzeko asmoz dator’, esan dau.
2.000 Argitalpen
Bestalde, Xabier Isasik unibersidade mailako euskerazko ikas-materialari buruzko hainbat datu azaldu ditu. Isasi jn.aren esanetan, ‘azken 38 urteotan unibersidade mailako euskerazko 2.000 argitalpen egin dira, horreetatik erdia azken hamar urteetan’.
Euskerazko argitalpenak ezezagunak dirala unibersitario euskaldunen artean nabarmendu dau eta, beraz, sozializazino eta ezagutza bide horretan kokatu dau Isasik ‘Buruxkak’ egitasmoa. Isasiren esanetan, hiru izango litzatekez ezaugarri nagusiak: erabilgarritasuna, eskuragarritasuna eta interoperatibidadea.
‘Gaur egun liburutegi digitalak gero eta arruntagoak dira, baita gure artean be. Euskal Herriko liburutegi zein dokumentazino zentroak, dokumentazinoaren digitalizazinoan buru-belarri dabilz, bakotxaren bildumak eta garapen mailak oso desbardinak diran arren’, azaldu dau.
‘Buruxkak’-ek unibersidade mailako irakaskuntza, formazinoa zein ikerkuntzarako euskerazko materialak eskainiko ditu, hau da, azken hiru hamarkadetan onduz joan dan testu corpus koherente eta bateratua. UEUren liburuak unibersidade mailako materialak izanik, jakintza-alor bakotxaren terminología finkatzeko eta zabaltzeko bidea emoten dabe, goi mailako euskaldunen hiztegia aberasteko, hizkuntzea modu zuzen eta dotorean erabilteko gaitasuna lortzeko.
Oinarrizko ereduak
Bost dira ‘Buruxkak’ liburutegi digitala osotuko daben oinarrizko edukiak. Alde batetik, deskatalogautako liburuak (69), hau da, bost urte baino gehiagoko UEUren liburuak. Bestalde, katalogoko liburuak dagoz (55), UEUk merkatuan salgai dituan liburuak, eta horregaitik aurkibidea eta kapitulu bat eskainiko dira modu askean.
Era berean, ‘Uztaro’ Giza eta Gizarte Zientzien aldizkariaren zenbaki osoak batuko ditu, azken urtekoak kenduta (60). Gainera, ‘Kondaira.com’ historia aldizkari elektronikoaren artikuluak (20) jasoko ditu, bai eta doktorego-tesi digitalizatuak be (9).
Momentu honetan, 200 dokumentu baino gehiago topau geinkez bertan baina webgunea eten barik elikatzen joango da UEU. Material guztiak PDF formatuan eskainiko dira eta erabiltzaileak testuak irakurri eta jaisteko aukerea izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!