Oilar bat daroat bidaide

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-04-04 02:00   Bidaide

Sekula ez neban pentsauko oilar bategaz bidaia egitea hain dibertigarria izango zanik. Kontua da ze nire eskuko telefonoan mezu bat jasoten dodan bakotxean oilar bat hasten dala kantuan, ozen eta kalidade handiagaz. Zorakeria emoten dau baina ezusteko askoren eta egoera komiko gogoangarrien sorburua izan da.

Sekula ez neban pentsauko oilar bategaz bidaia egitea hain dibertigarria izango zanik. Kontua da ze nire eskuko telefonoan mezu bat jasoten dodan bakotxean oilar bat hasten dala kantuan, ozen eta kalidade handiagaz. Zorakeria emoten dau baina ezusteko askoren eta egoera komiko gogoangarrien sorburua izan da. Ganera, anekdota horreezaz ganera, bisitetan dodazan gizarteetako ezaugarri edo berezitasun batzuk azaleratzeko be balio dau.

Oilarraren lehen kantuan, Bilboko poliziaren bulegoetan nengoan pasaportea egiteko beharrezko papelak aurkezteko zain. Ilaran, dozena bat lagun egongo ginan eta inguruan ordenagailuetako teklak astintzen zituen funtzionarioaren ahots apala baino ez zan entzuten. Momentu horretan, jo eban oilarrak. Isiltasunean, Pavarottiren oilar bertsinoa emoten eban harek eta, jakina, ordenagailuaren teklak eta funtzionarioaren ahotsa isildu eta ilaran egozanak begira jarri jatazan. Poliziaren bulegoetara jentea ez doa, antza, gitxieneko umore puntuagaz eta lagun hareek ez eustien arpegiera onik eskaini (eta telefonoa boltsikotik atara barik neukan oraindino).

Hortik aurrera, oilarrak kantuari ekin deutso Asian zeharreko bidaia osoan eta, oro har, jenteak umorez hartu dau. Uri handietan jenteak irribarretxua egiten dau eta batzuk oilarra nondik agertuko zur eta lur gelditzen dira.

Shangain egon nintzanean, nire alboko gelako bikotea bero-bero egoan baten (normalean gauez zein egunez izaten zan, edozein ordutan eta grabazinoa izango ete zan be pentsau neban, inbidia emoteko edo!) kuriosidadeak edo morboak jota, belarria atera hurreratu eta hara, nire bikoteak horixe momentua aukeratu eban niri mezu bat bialtzeko. Oilarrak indar guztiagaz jo eban eta berehala amaitu ziran bikotearen kopla guztiak. Hanka egin neban handik barre algaraka hasteko zorian nengoanean.

Jakina, alkarrizketa bat egiten zagozanean ez da komenidu eskuko telefonoaren esku-hartzerik baina Laosen, Munduko Bankuko buruari hirugarren galderea bota eta berehala, Euskadin izartu barri ziran lagunei mezua bialtzea okurridu jaken urtebetetze egunean zoriontzeko eta oilarra ‘isiltzea’ ahaztu nebanez, alñkarrizketatuaren jarduna eten eta, harriduraz, ondokoa esan eustan: - Zer izan da hori? Nire arpegiaren kolorea aldatzen hasi zala ikusirik, irribarretxua egin eban gizonak eta egia kontau neutson. Barre algaraka hasi ginan eta ezusteko ederra hartu neban Munduko Bankuko buruak mezuen abisuetarako behi baten soinua eukala erakutsi eustanean. ‘Ez naz bakarra’ pentsau eta lasaitu ederra hartu neban.

Nire oilarri egiten deutsen harrera ez da bardina urietan eta nekazaritza giroetan. Azken horreetan oilarrak joten dauenean, ez da ezer pasetan. Arazoak niretzako dira gehienbat ze holako giroetan oilarrak edonon dagoz eta mezuak bata bestearen atzetik datozela pentsetan dot sarritan, nire inguruan benetako oilarra ikusi eta barreka hasten nazan arte. Politonoen indarra.

Kontuak kontu, momenturik gogoangarriena Laosen bizi izan neban, autobús baten, hogeita hamar zentimetroko jesarlekuan, albokoaren kontra, saltoka gindoazenean. Oilarrak jo eta berehala emakume bat nire hanka artean begira hasi zan oilarraren bila. Nire azpian ez egoala-eta, aurrekoaren inguruan begiratzen hasi zan. Bien bitartean, nik mezua bialdu eta erantzuna etorri zanean, ha izan zan emakumearen zoramena! Barriro nire hankartean sartu eban burua. Orduantxe konturatu nintzan, atzerago jesarrita joian emakumeak, arroz zaku eta bambú kainaberaz gan, dozena erdi oilo eroiazala. Emakume gizajoak bateren batek iges egin eutsola pentsau eban, antza. Emakumeari sorbaldan jo eta oilarra kantuan jarri neutsonean, harridura arpegia jarri eta bere lekura joan zan.

Nire oilarra osasuntsu dabil, irribarretxuak eta harridurazko begiradak eraginez. Nire lagun batek bialdutako mezuan esaten eustan: ‘ia noiz lumatzen eta jaten dozun oilarra, martxan honetan segidu ezkero, zopatarako be ez deutsu balioko eta.’ Duda barik, historiako oilarrik zaharrena izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu