Itota

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-03-26 02:00   Bidaide

Egiturea ez da oso handia (40 metroko altuerea eta 400 metroko luzerea) baina Laos inguruko lurralderik pobreeneko 450 metro koadro ingurutan bizi diran 6.200 lagunen bizimodua goitik behera aldatuko dau. 'Nam Theun 2' urtegia da, herrialdearen historian inoiz egin dan proiekturik handiena.

Egiturea ez da oso handia (40 metroko altuerea eta 400 metroko luzerea) baina Laos inguruko lurralderik pobreeneko 450 metro koadro ingurutan bizi diran 6.200 lagunen bizimodua goitik behera aldatuko dau. 'Nam Theun 2' urtegia da, herrialdearen historian inoiz egin dan proiekturik handiena. Urtegia Asiako eremurik pobreenean egingo da hainbat konpainia tailandiar batzen dituan enpresa partzuergo baten gidaritzapean. Munduko Bankuak hurretik kontroletan ditu mobimentu danak, erakundearen fama txarra kendu guran, edo. Urtegiak, 2009an martxan hasten danean, ehun miloe dolarreko diru-sarrerak izango dituala dinoe. Hau da, herrialdeko Barne Produktu Gordinaren % 3. Ordurako, hainbat itaunei erantzunak emon beharko jakez, tartean lurraldean ezarriko diran gizarte eta ingurumen politiken ganekoak. Polemikea mahai ganean dago.

Oraingoan be, 'Bidaide' atalean, barri fresko-freskoa. Estaduko kazetari batek proiektuaren barri jasoten dauen lehenengo aldia da eta bigarrena Europa mailan. Munduaren alderdi honetan pasetan danaren barri emoteko egindako lanaren frutua da hori.

Danetara, hemendik urtebetera, hamasei herritxu ur azpian geratuko dira. Banbuz eta egurrez egindako etxetxuetan ez dago inondik inora mundu aurreratuan dagoan erosotasunik baina bai hainbat mendetako historia. Honezkero, biztanleak hasi dira lekuz aldatzen eta jakin badakie gauzak ez dirala lehengora bueltauko. Halanda be, arpegian zeozelako baikortasuna igarten jake. Antzeko proiektuetan ez bezela, Txinako ‘Hiru hatxarteak’ urtegian, berbarako, oraingoan euren eretxia kontuan hartu dabe. ‘Zazpi etxebizitzako herri-pilotu bat eregi dabe eta familia bakotxak bana aukeratuko dau, bakotxaren beharrizanen arabera’, dino Munduko Bankuaren Laoseko bozeroaile Miranda Gasparinik. Eraikinen maileagaz pozik dago, ‘lehengoak baino hobeak diralako eta, hemendik aurrera, herritxu bakotxak eskolea izango dauelako’.

Euren etxeetatik urten behar izan dabenentzako ez da erraza izango bizimodu barrira ohitzea. Akabo tradizinozko nekazaritzea. Orain arte ortuak egon diran lursailean, datorren urteko bagilean laku bat egongo da. ‘Nekazaritzatik arrantzarako trantsizinora hobeto moldatzeko, nekazariei ikastaroak emon jakez; bitartean, emakumezkoei josten irakasten jake. Helburua euren lanetik bizi ahal izateko merkadua zabaltzea da’, autortzen dau Gasparinik.

Proiektuaren 1.200 miloe euroetatik, 250 Munduko Bankuak jarriko ditu eta, aldi berean, 20 miloe emongo ditu gizarte gaietarako. ‘Iraganean egindako akatsetatik ikasi dogu eta proiektuan bete-betean sartu gara ingurua zaintzeko eta euren herritxuetatik urten behar izan dabenen eskubideak bermatzeko’, azaldu dau, lehenengoz egindako alkarrizketan, Munduko Bankuaren Laoseko zuzendari Patchamuthu Illangovan-ek. Holan ba, hemendik 2012ra bitartean biztanleen errentea bikoiztu dala ziurtau arte, urtegia ez da martxan hasiko. Egun, biztanle bakotxeko urteko batez bestekoa 35 euro dala kontuan hartuta, erronkea ez da bape gatxa. Halanda be, horrek desorekea ekarri leike lurraldearen inguruko herrien hazkundea ez bada bardin hazten. ‘Urtegiak desbardintasunak ekarriko ditu’, autortu dau Illangovan-ek.


Arrisku ekologikoa

Duda barik, proiektuaren arlorik polemikoena oihanean eragingo dauen kalte ekologikoa da. Mehatxupean dagozan hainbat espezie eta 150 bat elefante bizi dira bertan. Sasoi batean, ‘miloe bat elefanteren herrialdea’ legez ezagutzen zan ingurua, izan be, espezie horretako animalien % 15 bertan bizi zan. Sarraskia ebitetako eta aberastasuna gordeteko, Gobernuak apurtutako lurraldea baino bederatzi bider handiagoa izango dan Erreserba Naturala egiteko konpromisoa hartu dau. Orain, Vietnametik etorritako hainbat isileko edo legez kanpoko kazeru ibilten dira kazan. Baina diru-iturri publiko barik dabilz hori dana manteniduteko eta, horren aurrean, Munduko Bankuak 'Nam Theun' enpresa partzuergoari urtero-urtero, eta datozan hiru hamarkadatan, miloe bat dolar eskatuko deutsoz ingurua babesteko. ‘Iturri horreei esker lurraldea babestu ahal izango da eta, behar izan ezkero, ekoturismoa bultzatzeko azpi-egiturak be eregiko dira’, azpimarratu dau Munduko Bankuko zuzendariak.

Lurraldea turismo-gune bihurtu gura da baina ingurumenari eta biztanleei ahalik eta kalte gitxien eraginda. Orain, oso gatxa da bertaraino heltzea eta, proiektu barriari esker, lekua ezagutarazo gura da. ‘Turismo kulturala eta ‘trekking’ zaleak erakarri gura doguz. Horretarako, berenberegi diseinautako azpi-egiturak eregiko doguz eta, holan, Vietnamen oso estimaduak diran espezieak (desagertzeko zorian dagozanak) bila datozan isileko kazeruak ez dira gehiagotan etorriko’.

Berba eta asmo onak entzun arren, Gobernuz Kanpoko Erakundeak 'Nam Theun 2' urtegia eregitearen kontra dagoz. Rivers International erakundetik, Mekong errekeari egindako urtegiek atzera bueltarik bako eragin negatiboa izango dabe. Izan be, errekea Asiako hego-ekialdearen ur-arteria nagusia da. ‘Arrantzeak behera egingo dau, poluzinoak gora eta hainbat lagunen bizimodua arriskuan egongo da’, autortu dau Illangovan-ek. ‘Halanda be, ez da galdetu behar ia ura erabili behar dan ala ez, Laosek ura behar dauelako; galderea honakoa izan behar da: zelan erabili ur hori ahalik eta eragin negatibo txikienak izateko?’.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu