Hamaikak eta Ibaizabal Kultur Alkarteak enpresa bat sortu dabe Bilbo Handirako euskerazko telebistea kudeatzeko

Bizkaie! 2007-03-13 01:00

Indarrak metatzea eta lan praktikoan be salto egitea erabagi dabe, ‘Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.’ enpresea sortuz, ondoko eskualdeetan telebista barri honen emisinoak zabaltzeko: Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribeko zonalde zabal bat, Basauri, Arrigorriaga eta Galdakaoraino helduz.

Hamaikak eta Ibaizabal Kultur Elkarteak ‘Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.’ enpresa barria sortu dabe Bilbo Handirako euskerazko telebista kudeatzeko asmoz.

Eusko Jaurlaritzeak ebatsitako 190/2006 Dekretuan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoan 15 demarkazino zehazten dira, bakotxerako lau lizentzia lehian ipiniz. Horretarako, Hamaika osotzen daben partaideek (Berria, Gara, Le Journal du Pays Basque, Deia, Diario de Noticias, Euskaltel, Bainet eta Elkar) tokiko euskerazko telebistak antolatzeko zenbait urrats emon dabez.

Era berean, orain dala urte bat, Bilbon eta inguruko eskualdeetan euskerazko telebista bat eratzeko beharra ikusten eben hainbat talde, eragile eta profesionalek Ibaizabal Kultur Alkartea sortu eben, une honetan hainbat bazkide eta kolaboratzailegaz osotua dagoalarik, besteak beste, Bilboko Kafe Antzokia, Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Alkartea, AEK, Gabriel Aresti euskaltegia, Bilboko zenbait konpartsa edota Bilbo Zaharra euskaltegia.

Hamaikak zein Ibaizabalek, bakotxa bere esparrutik begiratuta, helburuetan bat egiten dabenez, indarrak metatzea eta lan praktikoan be salto egitea erabagi dabe, ‘Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.’ enpresea sortuz, ondoko eskualdeetan telebista barri honen emisinoak zabaltzeko: Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribeko zonalde zabal bat, Basauri, Arrigorriaga eta Galdakaoraino helduz.

Telebista honen ezaugarririk azpimarragarrienak ondokoak dira: euskera hutsezkoa; behetik gora eginda populazinoaren parte-hartzea indartuz eta tokiko errealidadea kontuan hartuz; herritarra eta erreferentziala euskera dakienentzat zein ikasten dabilzanentzat; pedagogiko eta hezitzaile tresnatzat ulertua; Euskal Herriko ganerako eskualdeetako euskerazko komunikabideakaz alkarlanean jardungo dauena eta guztiz zabala zein dinamikoa programazinoaren edukietan.

‘Emitidu ahal izateko, lehenik eta behin, lehiaketa publikoan aurkeztu behar da eta lizentzia lortu, baina gure baikortasuna erabatekoa da aurkezten dan euskera hutsezko telebista bakarra lizentziarik barik gelditzea pentsauezina izango litzake-eta’, azaldu dabe.

Gainera, telebista honek beteko dauen funtzio linguistikoaz gan, kontuan hartu beharreko bi arlo zehaztu dabez: alde batetik, bideragarritasun ekonomia-plana zein arlo teknikoari jagokiona eta bestetik, egitasmo honetan ibiliko diran profesionalek eta arlo desbardinetako agenteek (hezkuntza, kultura, merkataritza, kirola eta abarrekoek) telebistearen kalidadea zein herritarren parte-hartzea ziurtatuko dabe, proiektuaren beraren arrakastea bermatuz.

Datorren martiaren 23an Eusko Jaurlaritzearen Kultur Sailean proposamenak aurkezteko epea agortuko danez, honezkero hainbat bilera egin dira azken zehetasunak sartzeko aurkeztu beharreko txostenean, Bizkaiko hainbat agente erreferentzialakaz informazino eta hartu-emon dinamika bat sortuz, besteak beste, Bizkaiko Ikastolen Federazinoa, Athletic Club, Deustuko Unibersidadea, EHU, Abokatuen Elkargoa, Sortzen Ikasbatuaz eta bestelakoakaz. Ondorengo egunetan egitasmoaren aurkezpena beste sektoreetara zabalduko dala jakinarazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu