Mundu globalizatuaren konkistatzaileak (II)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-03-08 01:00   Bidaide

Txina urtean % 10 inguru hazi eta nazinoarteko inbertsino gehien jasoten dituan herrialdea da. Gehienek argi dabe munduko hurrengo potentzia izango dala baina, halanda be, Euskal Herrian gitxik ezagutzen dabe ondo.

Txina urtean % 10 inguru hazi eta nazinoarteko inbertsino gehien jasoten dituan herrialdea da. Gehienek argi dabe munduko hurrengo potentzia izango dala baina, halanda be, Euskal Herrian gitxik ezagutzen dabe ondo. ‘Topikoz beteta heltzen zara hona eta uste dozu herrialdea ez dagoala garatuta, behin eta barriro entzun izan dozulako hori’, dino Alaitz Madinabeitiak. Txinan bizi dan emakumezko euskaldun bakarrenetarikoa da bera. ‘Horregaitik, mundu honek harrituta ixten zaitu eta, danen antzera, alde onak eta txarrak daukaz. Etorkizunaren motorra izango da, duda barik; horregaitik, hona behar egitera etortea aukera profesional parebakoa da. Ganera, esperientzia personal bikaina eta aberasgarria be bada’. Alde negatiboari jagokonean, Madinabeitiak meteorologia hartzen dau gogoan. ‘Shanghai eta Pekín urietan, klimea oso gogorra da. Neguak oso hotzak dira eta udan bero itogarria egiten dau. Eta ez hori bakarrik: kutsadureak egoerea larriagotu egiten dau’. Ingurumen faktoreaz gan, Madinabeitiak txinatarrakaz behar egiteko arazoak be aitatzen ditu herrialdearen alde negatiboen artean.

Enpresa arloa, Txinan, gizonezkoen esku dago batez be. Gehiago esatearren: oraintsu hasi dira nabarmentzen langileen artean emakumeak dabezan euskal enpresak. Libe Aztiria urretxuarra lehenengoetarikoa izan zan ailegetan eta, urte eta erdi pasau ostean, sentsazino gazi-gozo bategaz egingo dau alde herrialdetik. ‘Txinatarrek errespetu osoz tratetan dabez emakumeak. Horrek harrituta itxi nau baina ez dagoz ohituta emakumeen aginduak jasotera. Lanean tratua ona izan arren, ingurua oso korapilotsua da. Shanghai lako uri erraldoietan bakarrik sentiduten zara, etxetik urrun, eta oso gatxa da bakardade horri aurre egitea hainbeste txinatarren artean. Inork ez zaituela ulertzen sentiduten dozu. Halanda be, sentsazino horrek heldutasuna emoten deutsu. Txinak norberaren izakerea gogortzen laguntzen dau’.

Geratu ezineko garapen txinatarra dala eta, beste leku batzuetara begira egon dan mundua orain arte ateak zarratuta zituan herrialdera begira jarri da. Aldaketak abiadura bizian jazoten dira eta biztanleek ez dabe astirik egoera barrietara ohitzeko. ‘Txinan dirua erraz egiten dala uste dau askok baina hori ez da egia’, dino Hispaniar-Txinatar Institutuko zuzendari Natxo Artamendik. Erakunde horren % 100 euskal kapitalagaz osotuta dago eta Artamendik jaso dau, lehenengoz, Txinagaz Adiskidetasuna saritzen dauen dominea. Bera izan da ohore hori jaso dauen espainiar bakarra, ganera. Eibartarra da, Mexikon jaiotakoa, eta hiru urte daroaz uriburutik hur dagoan Tianjin herrian biziten. Halanda be, lankide txinatarrak ez dituala ondo ezagutzen autortu dau. ‘Euren munduan dagoz eta ia ezinezkoa da txinatarrakaz hartu-emonak izatea. Lagunak egitea oso gatxa da eta, horregaitik, jente askok alde egiten dau’. Halanda be, globalizazinoaren sasoian, Txina da giltzarri nagusia eta gero eta euskaldun gehiagok begiratu beharko dabe ekialderantz. Herrialdearen ganean asko jakitea ezinbestekoa da arrakastea lortzeko.


Negozio-afariak

Milaka txinatarren artean Iagoba Agirregomezkorta topetea ez da gatxa. Gizon handia da eta energiaz beteta dagoala ikusten jako; inguruan jente piloa izan arren be, ez da bildurtzen. Beteranoetako bat da Txinan eta Wingroup enpresearen Shanghaiko lantegiko zuzendaria da. Iñaki Sanchez lankideagaz batera, Txinako uririk populatuenean gidatzen ausartzen diran euskaldun bakarrak dira. Asiar erraldoiaren idiosinkrasiara ohitu da baina, oraindino, negozio-afari berezietan ez dau disfrutetan. ‘Goizegi jaten dabe, arratsaldeko sei eta erdiak bueltan. Bisita-txartela erakustea ezinbestekoa da Txinan eta, ostean, platerak hara eta hona hasten dira, larregi akaso’. Mahai ganera txirritxirri prijiduak, txakurra edota sugeak lako jatekoak ataraten dabez, beti be herrialdearen zein eskualdetan zagozan kontuan hartuta, lekuaren arabera ohiturak desbardinak diralako. Halanda be, arazo gehien alkoholak sortarazoten ditu. ‘Txinatarren ustez, mendebaldar bat zelakoa dan jakiteko modurik onena berau mozkortzea da’, azaldu deusku Agirregomezkortak. Edozein bide erabilten dabe horretarako eta, gehienetan, ‘campey’ izeneko brindisen bidez egiten dabe. Mendebaldarra ia derrigortuta dago brindis horreek egitera. ‘Txarrena kaoliang likorea toketan danean da, ia 60 graduko alkohol mailea daukalako’, autortzen dau Wingroup enpresako ordezkariak.

‘Danek dakie mozkortu egingo dirala eta zeozelako konplizidadea dago. Jatortzuna ez badakizu, akabo’. Natxo Artamendiren berbak dira horreek, Institutu Hispaniar-Txinatarreko zuzendariarenak. ‘Oso garrantzitsua da txinatarren erritmoa segidutea zugan konfiantzea hartzeko. Edateak eta erreteak lidergoa erakusten dau. Nik ez dot ez bata ez bestea egiten eta danetarik esaten deustie, marikoia, neskatilatxua... Zorionez, ez dot produkturik saldu behar. Baina zeozer saldu gura izan ezkero, ezinbestekoa da jokoan sartzea’. Enpresaburuen artean, ‘campey’ oldeari aurre egiteko teknika desbardinak dagoz: ‘askok, edaten hasi baino lehenago ogia jaten dabe; beste batzuk, likorea lorontzi batera botaten dabe edo, besterik barik, edan ostean botaka egiten dabe, behin baino gehiagotan ganera’, dino Artamendik.

Gero, karaokea dator. ‘Zorionez, alkoholaren eraginez lotsea desagertzen da. Guri, ‘La Cucaracha’ edota Ricky Martin kantariaren kantak jarten deuskuez, baina Titanic filmeko kantearen letrea be osorik dakit, pentsau! Kuriosoa da, baina momentu horreetan hainbat tratu egiten da eta burua ahalik eta hotzen izaten ahalegindu behar zara negoziazinoa ondo egiteko’, dino Danobat enpresako Txinako ordezkaritzako zuzendari Oscar Urdangarinek. Askotan, karaokearen ostean putetxeetara joaten dira. ‘Mendebaldarrak ez dabez joatera derrigortzen eta gehienak ez dira joaten baina egia da gehienek kuriosidadea dabela Txinako mundu ostendu hori ezagutzeko’, autortzen dau Artamendik. ‘Halanda be’, dino Oscar Urdangarinek, ‘negozio-afari baten hurrengo egunean, normalena itaun hau izaten da: nork ekarri nau ohera eta nork jantzi deust pijamea?’ Askok, momentu horretan jakin dabe, baita, gau horretan akordio garrantzitsuren bat adostu dabela. Sorpresa!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu