Cesar Borgia eta Nafarroa
2007-03-07 01:00Maitatua eta gorrotatua izan zan Cesar Borgiak Euskal Herriagaz lotura zuzena eukan, hain zuzen be, Nafarroako Erresumeagaz eta batez be Bianako herriagaz, bertan hil zalako 1507an.
Cesar Borgiaz egingo dogu berba ondoko lerroetan. Beharbada zuetariko askok oraintsu zabaldutako pelikuleagaitik ezagutuko dozue, baina beharbada askok ez dozue jakingo gizon ospetsu honek, maitatua bezain gorrotatuak, Euskal Herriagaz lotura zuzena eukala, hain zuzen be, Nafarroako Erresumeagaz eta batez be Bianako herriagaz, bertan hil zalako 1507an.
Cesar Borgia militarra zan izatez, baina militar berezia, izan be, gotzaina eta kardinala izan zalako. Cesar Borgia, nahiz eta bere benetako abizena Borja, abizen balentziarra izan, aitak aldatu ebalako Italiarantz joan zanean, hurrengo urteetan ospetsua eta guztiz ahalduna egingo zan Borgia sendikoa zan.
Borgia sendia XV. mende amaieran bihurtu zan sendi indartsua. Italia estadu modura sortu barik egoala, Italiar Penintsulea hainbat erreinu zein herrialde txikik osotzen eben. Herrialde desbardinen eta herrialde bakotxeko sendi edo familia desbardinen arteko gorabeherak aprobetxauta, Rodrigo Borgia, familia burua, Aita Santu izentau eben, Alejandro VI. izena hartuta. Karguan zala, Rodrigok bere seme bi jarri ebazan lekurik garrrantzitsuenetan Vaticanon: Juan Borgia Aita Santuaren ejerzito buru izentau eban eta Cesar Borgia, ordurako Iruñeako gotzaina zana, kardinal izentau eban. Beste seme-alabak, Jofré eta Lucrecia, bereganau nahi ebazan erreinutako agintariakaz eta familiakaz ezkontzea lortu eban. Rodrigo Aita Santuak, etorkizunean Borgiatarrak gidatuko eben baturiko Italia handi bat osotzeko eroan ebazan aurrera ekintza horreek guztiak. Akaso, harriduraz irakurriko zenduen Aita Santuak seme-alabak izatea baina gogoan daukagun sasoi horretan ez zan bape harritzekoa, agintea hartzen eben lagunek horreek eta gauza arraroagoak be egiten ebezalako botereari eusteko.
Cesarrek hainbat gerratan parte hartu eban, batez be, haren aitak Italiarako eukan batasun amesaren alde eginaz; ganera, Frantziako Erregearen aldeko burruketan ebilela, bertako gortean ikasten egoan Carlota, Nafarroako Juan Erregearen arrebeagaz ezkondu zan.
Baina 1502tik aurrera Cesarrek ez ebazan bete Frantziak hainbat hitzarmenetan Espainiagaz edo Aita Santuagaz ezarritako baldintzak eta Frantziaren aldekoa zan Florentzia bereganatu gura izan eban.
Bien bitartean, haren aita Alejandro VI. hil eben. Jazoera horrek goitik behera aldatu eban bai Cesarren zein Borgia sendiaren nondik norakoak, izan be, hurrengo Aita Santua, Julio II.a, Frantziaren eta Nafarroaren kontra agertu zan.
Cesar atxilotu egin eben, baina 1506an kartzelatik iges egin eta Nafarroa aldera joan zan. Haren esperientzia erabilgarria izango zalakoan, Juan eta Catalina Nafarroako Erregeek, euren kontra altzauta egoan Lerineko Kondearen aurka burrukatzeko laguntzinoa eskatu eutsien Cesarreri, Erresumako Ejerzito buru izentauta.
Lehenengo ahalegina 1507an, Lerinen aldekoa zan Larragako herriaren kontra egin eban erromatarrak, baina herriak erakutsitako kemenaren ondorioz, Cesarrek bere ahalegina bertan behera itxi eban eta Bianarantz abiatu zan.
Biana inguratu eta indarrez ekin gura eutson erromatarrak. Baina gau euritsu eta haizetzu baten ostean, goizean barriro be Bianarantz joiala, Lerineko Kondeak bidera urten eta Cesar Borgiaren gudarieri aurre egin eutsen, bertan Cesar hil zalarik, 1507ko martiaren 11an.
Bianako Andra Mari eleizan hilobiratu eben, honako esaldi hau jarriz:
‘Hemen dago lur eskasean,
nahi eban guztia eukana’.
Azken buruan, Cesar Borgia beste pertsonaia bategaz oso lotua agertzen da: Maquiavelo idazleagaz. Beronen idatzietan, Cesar Borgia hartzen dau agintari barriaren eredutzat, erromatarrak aginterako eukazan ezaugarriak goraipatuz.
Hori ba, ‘nahi eban guztia eukana’-ren historia bitxia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!