Getxoko Jazzaldiko talde lehiaketan parte hartuko daben taldeak aukeratu ditue

Bizkaie! 2007-03-05 01:00   Musikea
Garagarrilaren 4tik 7ra bitartean joko dabe

People Are Machines (Danimarka), Thinktank (Holanda), Andrew's Quartet (Errusia) eta Mr. Chacho (Espainia) aukeratu ditu epaimahaiak.

Aurten, 66 taldek hartu dabe parte Getxoko Jazzaldiaren talde lehiaketako lehenengo fasean eta, horreen guztien artetik, People Are Machines (Danimarka), Thinktank (Holanda), Andrew's Quartet (Errusia) eta Mr. Chacho (Espainia) aukeratu ditu epaimahaiak. Talde horreek garagarrilaren 4tik 7ra bitartean joko dabe Getxon lehiaketako lehenengo saria lortzeko.

Antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez, Europako 17 herrialdetako 66 taldeek hartu dabe parte lehiaketan. Alemaniatik, Poloniatik, Espainiatik, Danimarkatik eta Belgikak aurkeztu dira talde gehien baina italiarrak, frantziarrak eta txekiarrak be izan dira.

Aukeratutako lau finalistek esku-dirua jasoko dabe ordainsari legez, 900 eta 1.800 euro artean, baita bidaia, egile-eskubideak, egonaldia eta bestelakoak be. Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dabe eta irabazleak barriro joko dau azken egunean.

Sariei jagokenez, talde irabazleak 3.000 euro jasoko ditu eta, horregaz batera, disko bat grabetako aukerea izango dau. Bigarrenari 1.200 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 600 euro lortuko ditu. Sariez gan, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako (Espainia) jazzaldietan parte hartuko dabe, Getxo Jazzek horreekaz dauen hitzarmenari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu