Mundu globalizatuaren konkistatzaileak (I)
2007-03-01 01:00 BidaideTxinan, euskal komunidadea gero eta handiagoa da. Euskaldun batzukaz bat egin dogu euren bizimodu barria aztertzeko eta, bide batez, Txinaren ganean daben eretxiaz berba egiteko.
Txinan, euskal komunidadea gero eta handiagoa da. Dragoi asiarreko merkadua oso erakargarria da eta hainbat enpresek herrialde erraldoi eta ezezagunera bialtzen dabez euren beharginak. Euskaldun batzukaz bat egin dogu euren bizimodu barria aztertzeko eta, bide batez, Txinaren ganean daben eretxiaz berba egiteko. Kronika bitan kontauko doguz esandakoak.
Shanghai uri erraldoia izan arren, ez da gatxa Juan Ignacio Motiloa topetea. SPRIk Txinan daukan bulego bakarreko ordezkariaren metro bat eta larogeta hamabost zentimetroak erraz ikusten dira Txinako uririk indartsuenean, hogei miloeko uri erraldoiean, kaleak jentez ganezka egon arren. Motiloa orain dala hiru urte etorri zan hona eta honezkero ohituta dago: ‘hemen dana da handia, ezin daiteke dana ezagutu. Populazinoaren densidadea, distantziak edota azpiegituren neurriak harrigarriak dira eta, askotan, bildurgarriak’. Txinatarrez berba egiten jakin arren, Txina oso herri gatxa dala uste dau. ‘Ezinbestekoa da txinatarrez berbetan jakitea, batez be bertoko populazinoagaz negozioak egin gura badozuz; zure hizkuntzan egiten badeutsazue berba, eurek kolonizetan zatozela uste dabe eta hori ez jake bape gustetan, gurago dabe euren kultureagazko adeitasuna erakustea’. Pazientzia ezinbestekoa da Txinan, ‘gureakaz konparauta, arau oso desbardinak daukiezalako; urduri jarten bazara, hoba da hona ez etortea, burutik jota amaituko dozu eta’.
Kultureak eta hizkuntzeak traba asko jarten deutsoz Txinan bizi gura dauen atzerritarrari. Kulturearen kontua lanorduetan ikusten da batez be. ‘Batzar luzeak egiten doguz beharginei lan-metodoak azaltzeko. Beti esaten deuskue azaldutakoa ondo ulertu dabela baina gero eurek gura dabena egiten dabe. Hori euren kulturearen parte bat be bada’, dino Josue Vegas Shanghain Brunnschweiller fabrikearen zuzendariak. Vegasek oso ondo ezagutzen dau txinatar idiosinkrasia. ‘Bardin da mila azalpen emon badozuz be; beti egon behar zara behargina kontroletan eta hori lan astuna da’. Fabrikako horma batean eskegitako kartel batek arrazoia emoten deutso. Holan dino: ‘Gauzak ez dira gatxak eta horregaitik ixten doguz egin barik; egiten ez doguzalako bihurtzen dira gatxak, beraz, egin’. Txinan bizi diran euskaldun danek autortzen dabe berezitasun hori dala trabarik handiena Maoren herrialdean biziteko. ‘Ganera, ordu asko emoten doguz arazoei urtenbideak topetan; gero, batzarrak egiten doguz, gure artean, ia beti txinatar barik, eta bizimodu paraleloa daroagu. Jatorrizko herrialdetik kanpora gagozanok berenberegi diseinautako burbuila antzeko batean bizi gara mundu erabat txinatarraren erdian’, ganeratu dau Vegasek.
Ion Alaña sukaldari bibotarra ez dago horren sartuta atzerritarren taldetxuan. Shanghai erdiguneko auzo batean bizi da, txinatarrez inguratuta. Eta gustura dago. ‘Garcon Chinoise’ jatetxe espainiarreko sukaldaria izan zan luzaroan eta orain negozio propioa dauka. Duda barik, Alañaren kasua berezia da, ez ditualako beteten herrialdean bizi diran euskaldun enpresarien ezaugarriak. Baina harresi kulturalaren ganeko eretxian bat dator eta garrantzitsua dala autortzen dau. ‘Nire lantaldean, txinatarrak oso atseginak ziran baina gatxa da eurakaz behar egitea, nik beste alde batera begiratzeagaz batera platerak txinatartzen ahalegintzen ziralako’.
Alaitz eta Nagore Villena be, euskal jatekoak modan jarteko helburuagaz etorri dira asiar erraldoira. Aurreikuspenak beteten badira, aurtengo martian lehenengo euskal sagardotegia zabalduko dabe Shanghai urian. Horretarako, administrazinoagaz eta lokaletako jaubeakaz burruka asko izan dabez. ‘Hemen, prozesu danak doaz astiro eta askotan desesperau egiten zara. Burokrazia oso astiro doa’, autortu dau Alaitzek. Josué Vegasek adibide baten bidez azaldu deusku hori. ‘Herrialde honetara ailegetan zaranean, pazientziaren ontzia hutsik daukazu. Baina, gitxika-gitxika bete egiten da eta, azkenean, hemendik urten behar dozu, Euskal Herrira edo edonora, oporretan baino ez bada be. Bueltan, ontzia ez dago hutsik eta gero eta gitxiago aguantetan dozuz txinatarren jokabide batzuk’. Shanghaiko metroko bagoi batean sartzeko ahalegina egin dauenak ondo ulertuko dau Vegasen adibidea. Jente-harresi bi dira, batetik sartu gura dabenak dagoz eta, bestetik, urten gura dabenak, eta indartsuenak irabazten dau beti. Horri, ganera, leku batzutako garbitasun faltea eta edonon txistua botatea lako ohiturak ganeratu behar jakoz.
Hizkuntzearen trabea be arazo garrantzitsua da. ‘Interpreteagaz joan zein ez, gatxa da akatsik ez egitea’, dino Jesus Amezaga Fagor Automation enpresearen Asiako ordezkaritzearen zuzendariak. Pekinen bizi da Amezaga. ‘Txinatarrez berbetan hastera atrebiduten zaranean, oso gatxa da kontzeptu bat ezelako akatsik egin barik azaltzea. Interpreteagaz be, askotan, arazoak izaten dira, dana itzultzen dauelako berbaz berba, baita berba txarrak be. Txisteen kontuan, hoba isilik geratu. Ezinezkoa da. Gure umorea eta txinatarrena guztiz desbardina da eta azalpenak emoten denpora piloa emon arren be, ez dabe barrerik egingo’.
Kronikearen bigarren partean, Txinan bizi diran euskaldun honeek herrialdearen ganean dabezan eretxiak jasoko doguz.
Shanghai urian, gitxi gorabehera, 300.000 atzerritar bizi dira. Komunidade horreek argitalpen propioak, aisialdirako lokalak, jatetxeak eta urbanizazino erraldoiak daukiez. Euskaldunek Euskal Etxea sortu dabe, bakarra kontinentean. ‘Etxean legez sentiduten gara Euskal Etxean eta hori ezinbestekoa da herrialde gatx honetan’, zehaztu dau Motiloak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!