Red Hot Chili Peppers Bilbon, bagilaren 22an
2007-02-23 01:00 MusikeaTalde estadubatuarrak bagilaren 22an joko dau Kobetamendin, ‘Bilbao BBK Live 2007’ jaialdian.
Bilbao Live Festival jaialdiaren bigarren edizinoko egitarauan izar nagusia Red Hot Chili Peppers taldea izango da. Jaialdiak aurten izena eta datea aldatuko ditu, ‘Bilbao BBK Live 2007’ izena hartuko dau eta bagilean izango da, igaz baino hilebete lehenago. Talde estadubatuarrak bagilaren 22an joko dau Kobetamendin, antolatzaileek jakinarazo daben legez.
Bilboko Udalagaz batera, aurten mendeurrena ospatzen dauen BBK izango da jaialdiaren babesle nagusia. BBK-ko zuzendariorde Jon Mancisidorren esanetan, ekitaldia babesteak kutxa bizkaitarraren bezero gazteenentzako onurak ekarriko ditu, izan be, erakundeak salduko dituan sarreretan deskontuak egingo dabez.
Bestalde, Alfonso Santiago ekimenaren antolatzailea dan Last Tour International-eko ordezkariak azaldu dauenez, ‘BBKren partaidetzeagaz eta izen handiko taldeen parte-hartzeagaz jaialdiaren aurrekontua nabarmen handituko da’.
Santiagok azaldu dau aurtengo edizinoa bagilaren 21ean, 22an eta 23an ospatuko dala. Horren arrazoia Europako musika jaialdien egutegian hobeto datorrelako da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!