Barricadak 25. urteurrena ospatzeko birea hasiko dau martiaren 30an
2007-02-22 01:00 MusikeaTxantreako musika talde ezagunak Atarrabian emongo dau lehenengo kontzertua, Indurain Anaiak kiroldegian.
Honezkero 25 urte pasau dira Enrique Villareal Drogas eta taldekideak musikearen munduan ibilbidea hasi ebenetik. Urte horreek danak zeozelan laburbiltzeko eta urteurrena ospatzeko, taldeak kontzertu-birea hasiko dau martiaren 30ean. Lehenengo ekitaldia Indurain Anaiak kiroldegian egingo dabe eta, taldearen buruaren esanetan, hiru ordukoa izango da eta ‘musika eta sorpresa asko egongo dira’. Kontzertua, publikoari eskaintzeaz gan, taldekideentzat eurentzat be oparia izango dala nabarmendu dau Alfredo Piedrafita gitarristeak. Atara dabezan 18 diskoetako kantak joko dabez, izan be, ‘errepertorio luzea daukagu, beraz, danetarik emongo dogu: kanta trankilak eta gogorrak’, zehaztu dau Piedrafitak.
Horren urteurren berezia ospatzeko, kontzertu bereziak eskaini gura dabez eta ‘ez doguz grabauko, horrek lan gehiago dakarrelako eta guk, batez be, kontzertu onak emon gura doguzalako, beste ezertan ibili barik’, dino Drogasek. Tartean, hainbat jaialditan parte hartzeko aukerea be izan dau Barricadak baina ez dira joango. Ganera, ez dabe kanta barririk sortuko, ‘horrek be lana dakarrelako’. Beraz, atentzino guztia kontzertuetan jarrita, zita bereziak izango dirala aurreratu daiteke.
Atarrabian jo ostean, Valentzian, Bartzelonan, Vigon eta Madrilen izango dira, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!