Txarriaren urtea
2007-02-19 01:00 BidaideZezeilaren 18an, jatorri txinatarreko biztanleek ilargiaren araberako urte barria hasi eben, 4704.a. Urte bakotxa zodiakoaren zeinu bat da eta oraingoan txarriarenean sartu dira.
Txarriak zorioneko dagoz, zehatz esateko, persona-txarriak. Bai, hasi naz endredetan, ezta? Ez nabil txarriak diran personen ganean berbetan, horoskopo txinatarrean txarriaren zeinukoak diranen ganean baino, hau da, oraingo lako urte batez jaio ziranak baina hamabi urte eta horren multiploak atzerago. Ez dozue bape ulertzen, ezta? Akaso, larregi txinatartzen nago. Modurik sinplenean azaltzen ahaleginduko naz.
Pasa dan domekan, zezeilak 18, jatorri txinatarreko biztanleek ilargiaren araberako urte barria hasi eben, 4704.a. Urte bakotxa zodiakoaren zeinu bat da eta oraingoan txarriarenean sartu dira. Zodiako txinatarrak hamabi zeinu ditu eta zikloa amaitzen danean barriro hasten da. Holan, hamabi urterik behin beteten da zikloa. Gure horoskopoan pasetan dan legez, txinatarrek uste dabe zeinu bereko personen izakerak, zeozelan, antzekoak dirala. Eta urte bakotxa gauza zehatz baterako da aproposa. Hasi barri dan honetan ez da egokia ezkontzea. Beraz, badakizue.
Txinan, Urte Barri egunean petardo-zaratea da nagusi. Herrialde osoan, ez dago metro koadro bakarra petardo barik. Eta ganera, ez bakarrik ‘pum’ egiten daben petardo klasikoak, su-artifizial sofistikaduak baino. Gerrea da, baina 'kalterik' bakoa. Gabonzahar txinatar egunean gaueko hamarretan taxia hartzea zoramena da. Autoa alborik albora dabil txinatarrek bidean jarritako su-artifizialak ez atrapetako eta, ganera, alboetan erdi-biztuta dagozan petardoak be arriskutsuak dira. Eraso nuklear baten erdian zagozala emoten dau.
Alboetara begiratu ezkero, kolore gorria baino ez da ikusten. Eguraldi txarra eta giro grisa egon arren, ospakizun handia baino astebete lehenagotik kaleak kolore biziz dagoz jantzita. Txinan gagoz eta, zelan ez, kontsumismoa da nagusi. Urte barri eguneko faroltxu gorri tipikoak Coca Cola enpresearen babesa daukie eta txarriek Nokia markea daroe popan. Halanda be, zortzi laranjadun otzarak saltzen dabezan merkadutxuak topau geinkez oraindino. Otzaratxuok suberte ona emoten ei dabe. Bestalde, Confucio-ren sasoikoak emoten daben galtzontzilo edota kulero gorriak erosteko dendatxuak be egon, badagoz. Leku turistikoetan eta merkataritza zentroetan urre koloreko txarriak baino ez dira ikusten, politak dirala esatea gehiegi dan arren. Holan, Shanghai lako uriak Disneylandia dira orain. Kaleetan, panpin erraldoiak dagoz eta, hareekaz, 1.300 miloe txinatar argazkiak ataraten. Edo gehiago.
Gaueko hamarretatik aurrera, uriak hutsik geratzen dira. Familiagaz (eta polboreagaz) egoteko sasoia da. Billetez betetako gutunazalak zabaltzeko ordua heldu da. Telebistea biztu eta Ramón García txinatarra ikusteko momentua da, baina mahatsik barik. Hemen ez dago arazorik kanpaiakaz. Atzerako kontaketea elektronikoa da eta, gero... hekatonbea. Eskuko telefonoak sutan dagoz baina hemen ez dira lineak hondatzen. Oraindino ez da Telefónica ailegau...
Euskal Herritik 11.000 kilometrora egon arren be, telebistea antzekoa da. Hamabietatik aurrera, tontokeriak baino ez dira ikusten. Umore merkea, musika-talde eskasak eta aurkezle txolinez janzten da pantailea. Desbardintasun bakarra honakoa da: hemen, begi txikiagoak daukiez eta oso arraro egiten dabe berba. Ikusitakoak ikusita, jaia arin amaitzen da. Txinatarrek guk baino zentzun gehiago daukie eta, hori ikusi baino, gurago dabe ohera joan.
Ganera, hurrengo egunean, goizeko zazpiretan, martxan dagoz. Zoramena aurreko gauean tragotxu bat baino gehiago hartu dauenarentzako. Urte barri on!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!